Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. RAMON GABRIEL / EFE
2020ko uztailaren 4a
13:01
Entzun

Quim Torra Kataluniako gobernuburuak presazko bilera bat egin du Procicateko batzorde teknikoarekin, eta erabaki dute Lleidako Segria eskualdea ixtea 12:00etatik aurrera, koronabirus kasuen kopurua asko igo delako azkenaldian. Herritarrek 16:00ak arte izango dute eskualdetik irteteko edo hara sartzeko aukera. «Gobernuaren lehentasuna herritarren osasuna da, eta hori babesteko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu», adierazi du Torrak.

Europak dagoeneko pasatu du koronabirusaren lehen olatua, eta, egun, krisi ekonomikoari aurre egiteko lanean ari dira erakundeak, baina birusa azkar ari da hedatzen munduko beste lurralde batzuetan.

Segrian, duela hilabete batzuetako egoera berera itzuliko dira: herritarrek ez dute eskualde horretatik mugitzerik izango laneko joan-etorriak egiteko ez bada. Eskualdeko autobideak zeharkatzeko arazorik ez dago, baldin eta Segria ez bada bidaiaren jatorria edo helmuga.

Gainera, Kataluniako Gobernuak debekatu egin du hamar pertsona baino gehiago elkartzea, eremu publikoan zein pribatuan. Adinekoei eskatu diete soilik «ezinbestekoa» denean irteteko etxetik. Eguneko zentroak itxi egingo dituzte, eta egoiliarren senideak ezingo dira zahar etxeetara joan.

Eskualde horretan 210.000 pertsona inguru bizi dira, eta 325 positibo atzeman dituzte azken astean koronabirusaren proba eginda. Epidemiak berriro ere estutu egin du ospitaleetako egoera. Hego Euskal Herrian, aurreko larunbatetik atzo arte, 84 kasu atzeman dituzte PCR probaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.