Katalunia. A-9ko prozesu parte hartzailea. Josep-Lluis Carod-Rovira. ERCko presidente ohia

«Kataluniarra da hala izan nahi duen oro»

Kataluniako estatua ideologia anitzetatik eraikitzearen aldekoa da, eta uste du bozetara nor bere bidetik aurkeztea dela «aproposena» horretarako, betiere nazio eredua adostuta. Gogotsu dago iganderako.

ANDONI CANELLADA / EFE.
Oihan Vitoria.
Donostia
2014ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Zehaztasun gutxiko bide orriari aurrea hartu, eta Katalunian jazo zitekeena aurreikusi zuen orain zazpi urte Josep-Lluis Carod-Rovirak (Cambrils, 1952). ERCko presidente eta Generalitateko presidenteorde zela, independentziarako bidea argitu zuen hark taxuturiko 2014 liburuak; besteak beste, iragarri zuen 2014a «mugarri» izan zitekeela burujabetza erdiesteko. Eta bete-betean asmatu du. Gaia puri-purian dela, idatzia berrargitaratu du 2014. La hora de Cataluña izenez; Donostian aurkeztu zuen atzo. Erabakitzeko garaia iritsi zaiela eta, emozioz bor-borka da iganderako.

Hiru egun baino ez A-9rako. Zer gertatuko da? Bozkatuko da?

Ez daukat zalantza izpirik. Ziur nago bozkatuko dugula. Elkarren artean kontrajarriak diren esangura handiko bi irudi jasoko ditu munduak: bata, betiko Espainiarena, zazpi milioi lagunen kontra uzkurtzen dena, gatazka politiko bat bozkalekuetan konpontzea galarazten duena; bestea, gizarte baketsu batena, debekuak debeku bozkatzera joango dena. Sekulako arrakasta izango da. Ilara luzeak espero ditut; baita etorkizunera begirako itxaropen andana ere. Hain justu, parean aurkitzen ez duguna: egoskorkeri, gezur, mehatxu, irain eta itxikeriarekin baino ez dugu topo egiten. Proposamen bat ere ez.

Baina nola egingo da? Konstituzionalari desobeditzeko sendo ikusten duzu Generalitatea?

Dribling dialektiko derrigortua egiten ari da Generalitatea, non herritarrak diren prozesuaren protagonistak. Herri gisa abilezia izugarria erakusten ari gara performance aberrikoi ikusgarriak egiteko; izan diada, izan V erraldoia... Kexua adierazteko eta mobilizatzeko etengabeko tentsioan gaude. Hori ikusarazi nahi dugu igandean, historikoa baita. Alabaina, aski da halakoez. Politikaren ordua ere bada.

Eta bozkatu ostean, zer? Zer-nolako biharamuna espero duzu astelehenerako?

Generalitatea eta tradizio kataluniarra daukaten alderdi politikoak ados jar daitezela espero dut nik, datozen hilabeteetarako bide orria finka dezaten.

Zer proposatzen duzu zuk?

Plebiszitu izaerako hauteskundeetara deituko nuke berehala, udal bozen aurretik egiteko asmoz. Bi motiborengatik, bereziki: gutxiengoan den gobernu bat ezin daiteke horrelako prozesu baten gidari izan, ahulezia horrek prozesuan eragin zuzena duelako. Hori dela eta, premiazkoa da gehiengo anitza eta egonkorra duen taldea osatzea.

Zehazki, zer eskatuko zenioke?

Lehenbizi, Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko kemen aski izatea, autodeterminazio erreferendum bat egiteko arazo eta anbiguotasunez gaindi.

Madrilek ukoa berresten badu?

Ezetza jasotzekotan, independentzia aldarrikapena ez den beste aukerarik ez dut ikusten.

Zerrenda bateratua eta bakarra, nor bere bidetik joatea, koalizio zibila osatzea... Zein aukera lehenetsiko zenuke bozetarako?

Orain ia ezinezkoa iruditzen zait zerrenda eta programa bateratu bat osatzea. Autodefentsa kutsua ere badu, zerbaitekiko beldurra erakusten baitu. Nire aburuz, alderdi bakoitzak tradizioz daukan identitate sozial, ekonomiko eta kulturalari eustea da aproposena, betiere estatu ereduan bat etorrita.

Zergatik?

Kataluniako prozesuaren berezitasun nagusia da plurala dela. Hala ere, ideologia aski diferentedunak daude independentziaren alde, kristau demokraziatik komunismora.

Horren isla da sentimendu independentistaren gorakada. Denbora gutxian, %25etik %50era baino gehiagora igaro da. Zergatik?

Hiru faktorek eragin dute hazkundea: gure hizkuntzak frankismotik Werten garaira arte pairatutako jazarpenak, krisi ekonomikoak eta estatutuaren baliogabetzeak. Herritar ugari orduan konturatu ziren Espainiatik alde egitea zela onena.

2007rako aurreikusi zenuen Kataluniako prozesuan gerta zitekeena. Hain agerikoa zen, ala?

Ez, ez nuen kristalezko bolarik erabili [barreak]. Bide berriak irekitzeko obligazioa duzu politikan egonda, eta 2014an jazo zitekeena ikertzeari ekin nion, Bartzelonaren eraistearen 300. urteurrenaren harira. Eta, zorionez, hala izan da, adore eta ausardi politikoak lagundurik.

Manuel Alegreren aipu bat ekarri duzu liburuaren hitzaurrera: «Bakarrik itxaroten duten horiek ikusiko dute espero gabekoa». Merezi izan du itxarotea?

Bai, noski baietz. Bizitza osoa independentismo politikoaren atzetik daramagunok, badakigu zer den igarotzea gutxiengotik gehiengora, badakigu zer den laidoztatuta eta bazter batean sentitzea ideia batzuk defendatzeagatik. Prozesuak herritarrengan jartzen du arreta, ez iritzi jakin batzuengan. Kataluniakoa ez da eredu etnikoa. Kontrakoa, bateratzailea da, ez herentziaz edo inposizioz jasotakoa. Izan nahi duen oro izan baitaiteke kataluniarra.

Hamar urtean sei milioitik zazpi milioi eta erdira pasatu da Kataluniako biztanleria. Zelan txertatu sentimendu hori etorkinei?

Nazio bat ideologia guztietatik sortu behar da, eta Kataluniakoa proiektu erakargarria dela uste dut. Urteetan diktaduren menpe bizi izan den herri bat gara, eta indartuta atera gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.