Militarrak kalera aterako dituela iragarri du Fujimorik presidente kargua hartzean

Hauteskunde bidez aukeratu duten herrialdeko lehen emakumezko presidentea bilakatu da. Jakinarazi duenez, armadak bere gain hartuko du «segurtasun operazioen eta barne ordena eta kontrola ezartzearen ardura», aldi baterako.

Keiko Fujimori Peruko presidente izendatu berritan. GUADALUPE PARDO / EFE
Keiko Fujimori Peruko presidente izendatu berritan, gaur, Liman. GUADALUPE PARDO / EFE
Iraia Leon Pego - Beñat Mujika Telleria
2026ko uztailaren 28a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Keiko Fujimori gaur arratsaldean bilakatu da Peruko presidente. Hogei urte zeramatzan gaurko ekitaldiaren zain, eta laugarren saiakeraren ostean lortu du. Perun hauteskunde bidez aukeratu duten lehen emakumezko mandataria izan da eskuindarra, baita azken hamar urtean izendatzen duten bederatzigarren presidentea ere. Espero zen bezalaxe, karguan egotekoa den bost urteetan lehenetsiko dituen gaiez aritu da: krimen antolatua nola gelditu eta egonkortasun politikoa nola lortu, besteak beste. Eta lehen neurri handia jakinarazi du: militarrak kalera aterako ditu.

Gaur, egun osoko ekitaldia egin dute Fujimori presidente izendatzeko. Limako Katedralean egin den mezan hasi dute. Horren ostean Fujimorik kargua hartu du Kongresuan. Bertan lehendakaritzak dakartzan erantzukizunak beteko dituela zin egin du Kongresuko presidente Miguel Torresen aurrean. Ondoren, presidentearen banda jantzi, eta Peruko ereserkia entzun ostean, Fujimorik bere lehen hitzaldi ofiziala eman du. 

Hitzaldian, Fujimorik jakinarazi du armadak izango duela segurtasunarekin lotura daukaten operazioak aurrera eramateko ardura, aldi baterako. «Larrialdi egoerak irauten duen bitartean, indar armatuek aldi baterako hartuko dute beren gain segurtasun operazioen eta barne ordena eta kontrola ezartzearen ardura, eta Poliziarekin elkarlan estuan aritu beharko dute behin betiko segurtasuna berrezarri arte», adierazi du.

Horrez gain, Fujimorik hitzeman du gobernuak «errepide, auzo eta gune publiko guztiak berreskuratu» egingo dituela banaka-banaka. «Konstituzioak gobernuaren esku jartzen dituen tresna guztiak erabiliko ditugu krimen antolatuak eta narkotrafikoak estatuari kontrola kendu dioten tokietan», ohartarazi du.

Presidenteak aurrez jakinarazia du zein izango diren gobernuko kide batzuk: Luis Galarreta Ministro Batzordeko presidente izango dela, Elemer Cuba Ekonomia eta Finantza ministroa, eta Carlo Espa Atzerri ministroa, esate baterako.

Kargu hartzea aurrez aurre ikusi dute hainbat gobernuburuk eta estatuburuk: Argentinako presidente Javier Mileik, Txileko presidente Jose Antonio Kastek, Boliviako presidente Rodrigo Pazek, Ekuadorko presidente Jose Raul Mulinok eta Espainiako errege Felipe VI.ak, besteak beste. Horrez gain, Txinako, Japoniako eta Ameriketako Estatu Batuetako goi ordezkariek ere bidaiatu dute Limara. Fujimori dagoeneko bildu da haietako batzuekin azken egunetan, behin kargua hartuta Latinoamerikako herrialde eskuindarrekin harremanak sustatuko dituela ziurtatzeko, nagusiki. 

49.641 botoren aldeaz lortu zuen ekaineko hauteskundeetan Peruko presidente izateko babesa —Roberto Sanchez ezkertiarrak baino %0,1 boto gehiago jaso zituen—. Bere aita Alberto Fujimori presidente ohiaren (1990-2000) bideari jarraituko ziola iragarri zuen kanpainaurrean, eta, hala, aitak kargua utzi behar izan zuenetik ia 26 urtera, gaur Fujimori familia Peruko agintaritzara itzuli da. 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Alberto Fujimoriri gizadiaren aurkako krimenengatik eta ustelkeriagatik. Peruko Auzitegi Gorenak zigortu zuen 2009an; hamalau urte egon zen preso, eta 2023an atera zuten kartzelatik, gaixotasuna argudiatuta. 2024an minbiziak jota hil zen, 86 urte zituela.   

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA