Fukushima

Kezka nagusi Fukushimako ur kutsatuak isurtzen hasi diren lehen egunean

Txinak ingurumena sabotatzea leporatu dio Tokiori, eta debekatu egin ditu Japoniako itsaski guztien inportazioak.

Gizon bat oinez Fukushimako ur kutsatuak isuriko dituzten Ukedoko portuaren alboan, Namien, gaur. FRANCK ROBICHON / EFE
maddi iztueta olano
2023ko abuztuaren 24a
13:01
Entzun

Eguraldia aldeko izan dute Japonian, eta Tepco konpainia gaur hasi da Fukushimako ur kutsatuak Ozeano Barera isurtzen, han 13:00ak zirenean. Denera 1,34 milioi metro kubiko inguru daude pilatuta zentral nuklearreko edukiontzietan, baina tona litro horiek «apurka-apurka eta era kontrolatuan» isuriko dituztela ziurtatu dute Japoniako Gobernuak eta Tepco konpainiak. Zuzenean eman dute lehen ur litroak isurtzen hasi diren unea, Ukedo portuan. Lehenbizi 7,800 metro kubiko isuriko dituzte, eta hamazazpi egun inguru beharko dituzte horretarako.

Halere, aspaldiko kezkak harrotu ditu egitasmoak. Izan ere, hondakin erradioaktiboz kutsatuta dago ur hori, Fukushimako zentral nuklearreko hiru erreaktore hozteko eta instalazio nuklearraren barruan iragazteko erabili izan baitute.

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak jakinarazi duenez, hondakin horiek ezabatzen saiatu dira isuriekin hasi aurretik, likidoak prozesatzeko sistema baten bidez. Sistema horrek erradionuklido gehienak ezabatzen dituen arren, ez du tritioa ezabatzeko gaitasunik, eta, hortaz, ura tritioz kutsatuta dago oraindik. Herritarrak lasaitze aldera, agentziak ziurtatu du tritio kantitate hori arriskutsua izan daitekeen mugen «oso azpitik» dagoela.

Hain justu, IAEAk uztail hasieran eman zion oniritzia urak isurtzeko asmoz Tokiok ondutako planari, eta iragan astean instalazioak bisitatu zituen Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak. Bai Japoniako Gobernuak, bai IAEAk ziurtatu dute «isurien segurtasuna»; hau da, isuri horiek inpaktu «hutsala» izango dutela ingurumenean eta giza osasunean.

Ikusi gehiago:Etzi dira hastekoak Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Halere, hasieratik mesfidati agertu dira herrialdeko arrantza sektorea eta talde ekologistak. Batetik, arrantzatzen eta ondoren saltzen dituzten arrainen kalitateak kezkatzen du arrantza sektorea; eta, bestetik, isuriek ozeanoko ekosisteman eta uraren kalitatean eragin ditzaketen kalteen beldur dira ekologistak.

Txernobylen atzetik, inoizko istripu nuklearrik larriena izan zen Fukushiman 2011ko martxoaren 11n gertatutakoa. Lurrikara baten ondorengo tsunamiak bete-betean jo zuen instalazioa, eta 160.000 lagun lekualdatu behar izan zituzten.

Nazioarteko urak ez daude bare

Bizilagunei ere ez die ilusio handirik egin Japoniak hartutako erabakiak. Txina hasieratik agertu da Tokioren asmoen aurka, eta Japoniako itsaski guztien inportazioak debekatu ditu ur kutsatua isurtzen hasi bezain laster. Neurri horrek segida ematen dio 2011n hartutako erabakiari. Urte hartan debeku horixe bera ezarri zuen Txinako Gobernuak, baina Japoniako hamar prefekturari soilik eragiten zien, Fukushimatik gertuen zeuden horiei, hain justu.

Txinak ez du «inondik inora» Japoniaren erabakia babesten, horixe adierazi dute gobernuko agintariek Atzerri Ministerioak zabaldutako ohar batean. Ingurumena eta itsasoko ekosistema sabotatzea leporatu diote Japoniari, eta salatu dute haren asmoak «erabat berekoiak» direla. «Fukushimako energia nuklearrak kutsatutako ura isurtzea oso gai garrantzitsua da segurtasun nuklearraren arloan. Horren eragina Japoniako mugetatik harago doa», berretsi dute oharrean. Japoniaren asmoak kritikatu ditu Ipar Koreak ere.

Horiek hala, Hego Korea izan da egunotan Japoniari konfiantzazko botoa eman dion bakarra. Ur isurien inguruko kezka «gehiegizkoa eta alferrikakoa» dela esan du herrialdeko lehen ministro Han Duck Sook. Halere, tentuz begiratzen dio egitasmoari: «Datozen 30 urteetan isuriko diren uren inguruko informazio gardena eman dezala eskatzen dio gure gobernuak Japoniakoari».

Zenbait herritar, ordea, ez datoz bat harekin. Japoniak Seulen duen enbaxadan sartzen saiatu dira gaur hainbat manifestari, eta gutxienez hamasei lagun atxilotu ditu Poliziak. Herrialdeko hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, unibertsitateko ikasleak dira horiek guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.