Hamaseko goi kargudun gisa urteak daramatza Kahalil al-Hayyak (Gaza hiria, 1960). Palestinako miliziaren bitartekari, diplomaziaburu, parlamentari eta zuzendariorde izan da, besteak beste, azken hogei urteetan. Astelehenean, berriz, Hamaseko kargu nagusia hartu zuen, eta talde islamistaren buruzagi bilakatu zen. Yahya Sinwar ordezkatuko du Al-Hayyak —Israelgo armadak hil zuen Sinwar, 2024ko urrian— ; hala ere, bi liderren gertutasuna ikusita, hautatu berriak Sinwarren ildo politiko beretik jarraituko duela espero da.Â
Gaztetatik ibili da Al-Hayya Israelgo okupazioaren aurkako mugimenduetan. 1967ko Sei Eguneko Gerra bizi izan zuen umea zela, eta, horren harira bere familian izandako atxiloketen ondorioz, azkar hasi zen Palestinako politikaren inguruan interesatzen. Hala, 1980an, 20 urte zituela, Hamasen sortzaile izango zen Sheikh Ahmed Yassinekin bildu zen lehen aldiz.
Ibilbide politikoa hasi aurretik, ordea, unibertsitatean ibili zen Al-Hayya. Ikasketa Islamikoak egin zituen Gazako Unibertsitate Islamikoan, eta Jordaniako Unibertsitatean master bat egin zuen ondoren. 1997an, gainera, hadith zientzietako doktore bilakatu zen Sudango Unibertsitatean —Mahomaren esan-eginen kontakizunak ikertu zituen—. Hala ere, ikasi bitartean ez zuen bere aktibismoa alde batera utzi. Sinwarrekin batera, Anaia Musulmanak erakundera batu zen 1980an, eta 1987an, berriz, Hamas sortuberrira. Bestalde, 1987ko lehen intifadan parte hartu zuen, eta, Israelgo armadak hainbat aldiz atxilotu ondoren, hiru urte igaro zituen kartzelan.
2006an murgildu zen azkenean politikako esparru instituzionalera, Palestinako Batzar Legegilerako hautatua izan zenean, eta Hamaseko talde parlamentarioaren buru bilakatu zen. Ordutik, talde islamistako goi kargudunetako bat izan da, bitartekaritzan eta diplomazian nagusiki. 2012an eta 2014an Israelekin izandako su-eten negoziazioetan Hamaseko ordezkaritzaren buru izan zen, eta, 2023ko urrian Israelek Gazako sarraskia hasi zuenetik, Hamasen bitartekaritza gidatu du Qatarko eta Egiptoko negoziazioetan.
2024tik Hamasen behin-behineko batzarreko bost kideetako bat izan da Al-Hayya, eta, hauteskunde primario lehiatu batzuen ondoren, buruzagi hautatu du Hamasen Batzar Nagusiak. Hala, kargua hartu ondoren, talde islamistak behin-behineko batzarra desegin eta bere buruzagitza egitura berreraikitzen hasiko dela adierazi dio Hamaseko iturri ofizial batek AFP agentziari.Â
Israelen etsai
Bere ibilbide politikoa hasi zuenetik, Israel hainbatetan saiatu izan da Al-Hayya hiltzen. Gutxienez haren hamabi senide hil dituzte; tartean anaia bat, hainbat seme-alaba eta emaztea. Israelek etsaitzat jo du Al-Hayya, eta Hamasen erasoen erantzule gisa hartuta justifikatu ditu haren kontrako erasoak. Azken saiakera Qatarren egin zuen Israelek, 2025eko irailean, Hamaseko liderren batzar batean. Bost kide hil zituzten erasoan, Al-Hayyaren seme bat tartean.