Ukrainaren eta Hungariaren jarrerak oso aldenduta daude oraindik ere, gero eta aldenduago. Azken asteetan ohikoa izan da bi herrialdeetako agintariek elkarri mehatxuak egitea, baita elkarri traba administratiboak eta ekonomikoak jartzea ere. Eta tentsio horiek gora egin dute azken orduetan: Hungariak Ukrainako zazpi funtzionario atxilotu ditu; «bahitu», Kieven arabera. Oschadbank Ukrainako banku publikoko langileak dira, eta Hungariatik igarotzen ari ziren bi kamioitan, Ukrainara bidean.
Andri Sibiha Ukrainako Atzerri ministroak gertakaria salatu zuen atzo gauean, X sare sozialean. Adierazi zuen Ukrainako funtzionarioak Austriatik Ukrainara ari zirela dirua eramaten, Hungariatik barrena, eta Ukrainako Gobernuak ez zuela zazpi funtzionarioen egoeraren berri. «Hungariak bahituta eraman ditu, eta dirua lapurtu du. Hori estatu terrorismoa da, eta estortsioa. Ohar bat bidali dugu jada gure herritarrak berehala aska ditzatela exijitzeko». Xehetasun gehiago eman ditu Oschadbank bankuak. Igorri duen oharraren arabera, bi kamioietan 70 milioi euro zeuden dirutan, eta bederatzi kilo urre. Entitateak salatu du justifikaziorik gabe gelditu zituztela kamioiak, eta argudiatu du legezko mugimendua zela.
Budapestek zazpi ukrainarren atxiloketa baieztatu du, argudiatuta dirua zuritzeko operazio bat izan zelako susmoa zutela. Zoltan Kovaks Hungariako Gobernuko eledunaren arabera, zazpi pertsona horiek Hungariatik kanporatuko dituzte. «Jakin dugu Ukrainako jeneral ohi batek gidatu zuela operazioa, Ukrainako aire armadako militar ohi baten laguntzaz», gaineratu du X sare sozialean.
Handia da Budapesten eta Kieven arteko tentsioa. Azken astean Hungariako Gobernuak blokeatu egin ditu EB Europako Batasunean onartu nahi zituzten Ukrainaren aldeko bi neurri: 90.000 milioi euroko mailegu bat eta zigor sorta bat Errusiaren aurka. Viktor Orban Hungariako lehen ministroak berretsi du gaur Budapestek ez duela babestuko Ukrainaren aldeko neurririk Druzhba oliobidean petrolio zirkulazioa berrezarri arte.
Druzhba etenda
Urtarrilaren 27tik dauka itxita Ukrainak Druzhba oliobidea. Errusiako petrolioa Europara eramateko diseinatutako oliobidea da, eta, urtarrilaren amaieraz geroztik, Ukrainan itxi egin dute iturri hori. Horrenbestez, Errusiako petroliorik ez da iristen Hungariara, Eslovakiara, Kroaziara eta Txekiar Errepublikara. Ukrainak argudiatu izan du Errusiaren bonbardaketek instalazioa jo zutela, herrialdearen mendebaldean, Brodin. Eurostaten datuen arabera, Hungariak inportatzen duen petrolioaren %90 zetorren Errusiatik, eta %82, Druzhbatik barrena.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo esan zuen oliobidea lau edo sei aste barru egon daitekeela martxan berriro, baina zera aitortu zuen: «Egia esateko, ni oliobidea ez konpontzearen aldekoa naiz. Errusiako petrolioa da». Hala ere, Orbanek mehatxu egin zion, eta esan Budapestek «tresna politiko eta ekonomikoak» erabiliko dituela hura konpontzera derrigortzeko.
Zelenskik ohartarazi zuen atzo Hungariak EBren finantzazioa blokeatzen jarraitzen badu Ukrainako indarrei aginduko diela Orbanekin «bere hizkuntzan komunikatzeko». Eta Orbanek erantzun egin dio gaur, Kossuth irrati publikoan: «Ez zitzaidan gustatu, baina ez ninduen beldurtu. Ez da nire aurkako mehatxua izan, herrialde osoaren aurkakoa baizik. Gure gobernua erorarazi nahi dute. Ukrainaren aldeko gobernu bat nahi dute».
Apirilaren 12an egingo dituzte Hungarian parlamenturako hauteskundeak. Orban da EBn Errusiaren aliatu nagusia, eta kanpainaren erdian jarri ditu Ukrainarekin izandako liskarrak. Peter Magyar oposizioko lider kontserbadoreari egotzi dio kanpainan Kieven babesa jaso izana. Hala ere, Magyar Zelenskiren aurka agertu da gaur: «Atzerriko estatuburu batek ezin du hungariar bakar bat ere mehatxatu. Ukrainako presidenteari eskatzen diot bere hitzak argitu ditzan».
Bederatzi lagun zauritu ditu Ukrainaren eraso batek Sebastopolen
Gutxienez bederatzi lagun zauritu dira Sebastopol hirian, Krimean, Ukrainaren drone batek eraikin bat jo baitu. Mikhail Razvozhayev hiriko gobernadoreak jakinarazi du horietatik sei —hiru adinez txikiko— ospitaleratu dituztela zauriak direla eta. Gaineratu du erasoa Errusiako Armadaren Itsaso Beltzeko flotaren eraikin nagusiaren aurkakoa izan dela, eta «kalte larriak» eragin dituela. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, aireko defentsek Ukrainako 83 drone atzeman dituzte bart gauean, horietatik 53 Krimeako penintsulan.