Kieveko Jasokundearen katedralak su hartu du Errusiaren eraso baten ondorioz

Lau lagun hil dira erasoan, Kieveko agintariek adierazi dutenez. Andri Sibiga Ukrainako Atzerri ministroak erreakzionatzeko eskatu die nazioarteko erakundeei.

Suhiltzaile bat Kieveko Andre Mariaren Jasokundearen katedralean lanean, gaur. SERGEY DOLZHENKO / EFE
Suhiltzaile bat Kieveko Andre Mariaren Jasokundearen katedralean lanean, gaur. SERGEY DOLZHENKO / EFE
gotzon hermosilla
2026ko ekainaren 15a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur goizaldean Errusiak eraso egin dio Kievi drone eta misil bidez, eta, Ukrainako agintari militarrek adierazi dutenez, gutxienez lau lagun hil eta 23 zauritu ditu. Bestelako kalteak ere ekarri ditu erasoak: Kieveko Andre Mariaren Jasokundearen katedralak su hartu du. Leizeetako monasterioko ataletako bat da aipatutako katedrala, eta, kristau ortodoxoentzat leku nabarmena izateaz gain, balio historiko handiko monumentua da.

Andri Sibiga Ukrainako Atzerri ministroak gogor gaitzetsi du erasoa, eta «terroristatzat» eta «zabortzat» jo ditu erasotzaileak. Gogorarazi du Unescok babestutako eremua dela Leizeetako monasterioa, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horri eta nazioarteko gainerako erakundeei «erreakzionatzeko» eskatu die: «Ez dugu hitz hutsalik edo urrats ahulik behar, errusiarren basakeria geldiaraziko duten ekintzak baizik».

Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren ondorioz, balio historiko handiko eraikin eta monumentu ugarik izan dituzte kalteak. Esaterako, Odesako Jesu Kristoren Antzaldatzearen katedralak ere kalteak izan zituen eraso baten ondorioz. Atzo bertan, Kharkiveko Arte Museoko eraikina jo zuen drone batek, eta ez zen inor zauritu, baina kalte materialak handiak izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE