Politika orokorreko eztabaidaren azken saioa egiten ari dira Kataluniako Parlamentuan, ERC Esquerra Republicana eta JxC Junts Per Catalunya alderdien arteko tirabira bete-betean. Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidenteak ERCk eta JxCk osatzen duten koalizio gobernuaren jarraipenaren alde egin du bere diskurtsoan. «Nire lehentasuna da», nabarmendu du. Albert Batet JxCren parlamentuko eledunak esan du egoera «konpontzeko garaia» dela. Gainera, JxCri «azkartasun handiena» eskatu dio. Izan ere, JxCko zuzendaritzak atzo erabaki zuen oraingoz ez dela Kataluniako Gobernutik aterako, baina militantziaren esku utzi du gobernuan jarraitzeko ala ez jarraitzeko erabakia. Datorren astean egingo du kontsulta: urriaren 6an eta 7an.
JxCk 72 orduko epea eman zion atzo Aragonesi egoera bideratzeko negoziazioak egiteko. «Igande gauean, ados jartzea beste lanik ez dugu. Hori bai, ez da ultimatum bat izango», zehaztu zuen Jordi Turull idazkari nagusiak. Gaurko eztabaidan, Batetek iragarri du JxCk proposamen bat helaraziko diola gaur bertan Aragonesi, «irizpideekin eta bermeekin», gobernu akordioa bete dadin.
Egoera argitzeko aukera bat litzateke hauteskundeak aurreratzea, baina Generalitateko Presidentetza kontseilari Marta Vilagrak atzo azpimarratu zuen ez dituztela aurreratuko, eta gobernuak aurrera jarraituko duela JxCk erabakitzen duena kontuan izan gabe.
Parlamentuan, Puignero gabe
Politika orokorreko bigarren –eta azken– saioaren eta asteartean egin zuten lehenaren arteko aldea nabarmena da. Asteartean, Aragonesen ondoan Jordi Puignero Generalitateko presidenteordea zegoen eserita, eta gaur, berriz, ez. Izan ere, asteazken gauean, Generalitateko presidenteak Puignero kargugabetu zuen, harenganako «konfiantza politikoa galdu» zuela argudiatuta.
Izan ere, astearteko eztabaidan Albert Batet JxCren Kataluniako Parlamentuko eledunak Aragonesi ohartarazi zion ERCk eta JxCk sinatutako «gobernu akordioa betetzeko bermerik» aurkeztuko ez balu konfiantza mozio batera aurkeztu beharko lukeela bere burua parlamentuan.
Gobernuko krisia konpontzeko, hiru eskari egin dizkio JxCk ERCri: prozesu independentista bultzatzeko zuzendaritza estrategiko bat eratzea, Espainiako Gorteetan bi alderdiek fronte bakarra osatzea, eta Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren edukia amnistiara eta autodeterminaziora mugatzea. ERCk esana zuen, ordea, ez dutela «ultimatumik» onartuko.
Aurrekontuen eztabaida, «izoztuta»
Jessica Albiach En Comu Podemen parlamentuko eledunak iragarri du «izoztutzat» jo dituztela aurrekontuen negoziazioak, «gobernatzeko gai den gobernu bat izan arte». Salvador Illa PSCko lehen idazkariak, berriz, berretsi du bere ustez gobernua «azken-azkenetan» dagoela. Are, gobernua «enbarazu» egiten ari dela nabarmendu du.