Kolonbiako bozak egin bitartean Petro kargutik kentzeko eskatu dute

Kanpainan «esku hartzea» leporatuta, Kolonbiako presidentea behin-behinean kargutik kentzeko agindu du Ordezkarien Ganberako batzorde bateko presidenteak. Neurria indarrean sartzeko, Senatuak onartu beharko du.

Petro —erdian—, Kolonbiako futbol selekzioaren elastikoa jantzita iragan astean, Bogotan. EFE
Petro —erdian— Kolonbiako futbol selekzioaren elastikoa jantzita iragan astean, Bogotan. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko ekainaren 10a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea behin-behinean kargutik kentzeko agindu du gaur Ordezkarien Ganberako Ikerketa eta Akusazio Batzordeko presidente Gloria Arizabaletak. Bozak egin bitartean egongo litzateke indarrean neurria, hau da, ekainaren 21era arte. Orduan egingo dute presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia. Bozen kanpainan «esku hartzea» leporatzen diote Petrori, eta Arizabaletak jakinarazi du batzordeak abian duela ikerketa bat. Halere, presidenteak emandako agindua berretsi beharra dauka batzordeak berak, eta, ondoren, neurriak Senatuaren onespena behar du indarrean sartzeko. «Ez dut esku hartze politikorik egin», erantzun die Petrok akusazioei. New Yorken dago Petro, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren batzarra gidatzeko, eta handik eman du erantzuna. Hala ere, gaineratu du herrialdeko presidentea izan arren, berak ere badituela «oinarrizko eskubideak». Alegia, bozen gainean mintzatzeko eskubidea daukala defendatu du.

Ikerketa batzordeko presidentea Itun Historikoa alderdikoa da, hau da, Petroren alderdikoa. Hartutako neurria justifikatzeko, esan du Petrok ikerketa oztopa dezakeela presidente karguan jarraitzen badu. Petroren ondorengoa hautatuko duten bozen kanpainan behin baino gehiagotan esku hartzea leporatu diote presidenteari. Horregatik hasi zen Ikerketa eta Akusazio Batzordea Petro ikertzen.

Maiatzaren 31n egin zuten lehen itzulia. Egun hartan, Abelardo de la Espriella ultraeskuindarra nagusitu zen, botoen %43,78 lortuta. Bigarren itzulian, De la Espriellarekin lehian Ivan Cepeda ezkerrekoa arituko da, Petroren alderdikidea —botoen %40,98 lortu zituen lehen itzulian—. Bietako batek hartuko du presidente kargua abuztuaren 7an. Petro ezin izan da berriz aurkeztu hauteskundeetara, legeak ez duelako baimentzen.

Ikerketa eta Akusazio Batzordeak Arizabaletaren agindua berretsiko balu eta Senatuaren oniritzia jasoko balu, Kolonbian behin-behinean kargutik kentzen duten lehen presidentea izango litzateke Petro. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE