De la Espriella ultra eta Cepeda ezkerrekoa lehiatuko dira Kolonbiako bozen bigarren itzulian

Ultraeskuineko hautagaiak, botoen %43,74 lortuta, ezustekoa eman du presidentetzarako bozen lehen itzulian; Cepedak, Petro presidentearen alderdikideak, %40,9 lortu ditu. Ekainaren 21ean egingo dute bigarren itzulia.

Abelardo de la Espriella lehen itzuliko emaitzen berri izan ostean egindako agerraldian, Barranquillan. ERNESTO GUZMAN JR / EFE
Abelardo de la Espriella lehen itzuliko emaitzen berri izan ostean egindako agerraldian, Barranquillan. ERNESTO GUZMAN JR / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko ekainaren 1a
06:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inkestei jaramonik ez egiteko aholkatu izan du Abelardo de la Espriella ultraeskuineko hautagaiak (Aberriaren Defendatzaileak) Kolonbiako presidentetzarako bozen kanpainan. Zundaketek faborito argitzat zeukaten Ivan Cepeda ezkerreko hautagaia (Itun Historikoa), baina atzo egindako lehen itzulian ezin izan zuen hautagai ultra garaitu. De la Espriellak botoen %43,74 lortu ditu, eta Cepedak, %40,9. Hautagai batek ere ez dituenez botoen erdiak baino gehiago eskuratu, boto gehien lortu duten biak bigarren itzulian lehiatuko dira, ekainaren 21ean. Paloma Valencia uribista izan da galtzaile nagusia (Zentro Demokratikoa): botoen %6,9 lortuta, eskuinekoa urrun geratu da beste bi hautagai nagusiengandik. Bigarren itzulian De la Espriellaren alde egingo duela esan du.

Cepedaren eta haren alderdikide Gustavo Petro presidentearen aurka egin du De la Espriellak emaitzen berri izan ostean emandako hitzaldian. «Petro eta Cepeda, gaizkile parea, ez zaitezte ausartu herritarren nahiari kontra egitera; hemen aurre egin dizuen herri bat dago, eta garaitu egingo zaituztegu», adierazi du Barranquilla hirian egindako agerraldian. Izan ere, Kolonbiako presidenteak eta Cepedak ez dituzte onartu lehen zenbaketen emaitzak. Kristal blindatuz babestuta egin du agerraldia hautagai ultraeskuindarrak, Kolonbiako futbol selekzioko elastikoa soinean. Bozen kanpainan ere kristal blindatuaren babespean aritu da hitzaldiak ematen; haren esanetan, heriotza mehatxuak egin dizkiotelako.

Herrialdean segurtasuna falta dela bistaratu nahian aritu izan da De la Espriella. Izan ere, segurtasuna hartu du ardatz bozen kanpainarako. Petroren gobernuak abian jarritako Bake Osoa kritikatu du, eta adierazi gogor egin behar dela «talde kriminalen» aurka. Nayib Bukele El Salvadorko presidentearen eredua hartu du eredutzat; eta prest agertu da ekintza militarrak ugaritzeko eta kartzela erraldoiak eraikitzeko. Halere, esana du bera Bukele baino gogorragoa dela, El Salvadorko presidentea «eskaut» bat dela bere aldean.

Ezkerrak presidentetzarako bozen lehen itzulian inoiz lortutako emaitzarik onenak eskuratu ditu gaur, baina ez dute ospakizun handirik egin. Bogotan elkartu dira Itun Historikoa alderdiko kideak, eta bigarren itzulian hautagai ultraeskuindarra garaitzeko esperantzaz agertu dira. «Ez dira pasatuko!», aldarrikatu dute Tequendama hotelean bildu diren alderdikideek. Petrok duela lau urte baino emaitza hobeak lortu ditu Cepedak: ia 9,7 milioi boto, 2022an baino milioi bat gehiago. Baina eskuin muturreko hautagaiaren garaipenak —10,3 milioi boto— ilundu egin ditu ezkerraren emaitzak.

Cepeda, Aida Quilcue presidenteordegaia eta Itun Historikoa alderdiko beste hainbat kide, bart, Bogotan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE
Cepeda, Aida Quilcue presidenteordegaia eta Itun Historikoa alderdiko beste zenbait kide, bart, Bogotan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE

Nazioartean azken urteetan hedatutako olde ultraeskuindarraren parte da De la Espriellaren gorakada ere. Donald Trump AEBetako presidentearen bidetik, Latinoamerikan ere eskuin muturrak emaitza onak lortu ditu azkenaldian. Horren erakusgarri, De la Espriellaren antzeko diskurtsoa duten agintariak daude zenbait herrialdetan: tartean, Javier Milei Argentinan, Daniel Noboa Ekuadorren, Bukele El Salvadorren eta Jose Antonio Kast Txilen.

Kolonbiak beste bide bat hartu zuela zirudien: 2022an, lehen aldiz, ezkerreko hautagai batek irabazi zituen presidentetzarako bozak. Eta, inkesten arabera, Cepeda Petroren agintaldiari jarraipena emateko moduan izango zela zirudien. Bada, atzoko hauteskundeen emaitzek zalantzan jarri dute ezkerreko gobernuak jarraituko ote duen. Ekainaren 21ean, kolonbiarrek erabakiko dute ea Petro ibiltzen hasitako bidean jarraitu nahi duten, edo guztiz bestelako bide bat hartu nahi duten.

1990eko hamarkadatik, bozen lehen itzulian, inoiz ez zen horrenbesteko parte hartzerik izan (%57,88). Halere, oraindik botoa nori eman ez dakiten herritarrak eta lehen itzulian beste hautagai batzuen alde egin dutenak erabakigarriak izango dira bigarren itzulian. Eskuin tradizionalak De la Espriellaren alde egiteko eskatu du; hala egin dute Paloma Valenciak eta Alvaro Uribe presidente ohiak (2002-2010). 1,6 milioi herritarrek bozkatu dute lehen itzulian eskuineko presidentegai horren alde.

Valenciaren presidenteorde izateko hautagai zenak, ostera, Juan Daniel Oviedok, De la Espriellaren kanpaina «matxista eta homofoboa» izan dela gaitzetsi du, eta adierazi etzi jakinaraziko duela bigarren itzulian noren alde egingo duen. Valencia Oviedorekin batera aurkeztu da zentroko boto emaileak erakartzeko asmoz, baina bigarren itzulian bakoitzak alde batera egin dezakeela dirudi.

Atzoko bozetan laugarren geratu zenak ere, Sergio Fajardo Medellingo alkate izandakoak (2004-2008), ez du jakinarazi noren alde egingo duen bigarren itzulian. Milioi bat boto pasa eskuratu ditu lehen itzulian.

Zentroko boto emaileak erakartzea izango du erronka Cepedak; adituen arabera, horiek ez baitute ultraeskuindarraren alde bozkatuko. «Zentroko herritarrei ez zaie gustatzen Cepeda, baina, Cepedaren eta De la Espriellaren artean, Cepeda hautatuko dute», adierazi zion Juan Gabriel Gomez Albarello Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle ondokoak BERRIAri bozen aurretik.

Noboaren «esku hartzea» 

De la Espriella zoriondu dute Latinoamerikako hainbat agintari ultraeskuindarrek. Mileik adierazi du kolonbiarrek Petroren «eredu sozialistaren» aurka bozkatu dutela, eta «askatasuna» nahi dutela. Kastek ere pozez hartu ditu atzoko bozen emaitzak, eta bigarren itzulian ere De la Espriella nagusitzea espero duela esan du: «Kolonbia askeagoa eta seguruagoa izatea albiste ona da eskualde osoarentzat». Noboarentzat «garaipen handia» izan da De la Espriellarena; Kolonbiak «benetako aldaketa bat» behar duelakoan dago, eta, horregatik, bigarren itzulian ere ultraeskuineko hautagaia nagusituko dela espero du. Ekuadorko presidenteak, gainera, «galtzaile txarra» izatea leporatu dio Kolonbiako ezkerrari.

Noboa izan da Petroren gobernuaren aurka gogorren egin duten agintarietako bat. Urtarrilean segurtasun tasa deiturikoa ezarri zien Kolonbiatik iritsitako produktuei, Petro narkotrafikoaren aurka behar beste egiten ari ez zela argudiatuta. Gainera, zerga hori garestitzen aritu da azken hilabeteetan, eta egun %100ekoa da. Era berean erantzun du Bogotak, eta Ekuadorko produktuei %75eko muga zerga ezarri die. Ekuadorren azken urteetan indarkeriak izandako gorakadaren erantzuleetako bat Petro dela salatu izan du Noboak.

Halere, Ekuadorrek bertan behera utziko ditu zerga horiek gaurtik aurrera. Ostiralean, Noboaren eta De la Espriellaren artean egindako bideo dei bat kaleratu zuen sare sozialetan; hartan, Ekuadorko presidenteak jakinarazi zuen bertan behar utziko zituela muga zerga guztiak, «borondate onez». Kolonbiako Gobernuaren arabera, Noboak ez du borondate onagatik hartu neurri hori, Andeetako Komunitateak hala agindu diolako baizik. Eta bozetan «esku hartzea» leporatu diote. «Nazioarteko hainbat agintari eta gobernu gure hauteskundeetan eskua sartzen ari dira; Noboa presidentearekin hori bera gertatu da», adierazi du Cepedak, emaitzen berri izan ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA