Antopologoa eta ikerlaria

Luisa Natalia Caruso: «Kolonbiako Gobernuak etsai edo terrorista gisa tratatzen gaitu unibertsitateko kideok»

Kolonbiako unibertsitateetan urteak daramatzate estatuaren zapalkuntza pairatzen. Luisa Natalia Carusok jazarpen hori zenbaterainokoa den aztertu du, eta, esan duenez, jazarpen horrek bere bizitza «zeharkatu» duela.

Luisa Natalia Caruso. IDOIA ZABALETA / FOKU
Luisa Natalia Caruso. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iraia Leon Pego
Hernani
2026ko azaroaren 18a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Luisa Natalia Caruso (Cordoba, Argentina, 1974) antropologoa eta Kolonbiako Unibertsitate Pedagogikoko ikertzailea da. Azken urteetan, Freytter elkartearekin batera, Kolonbiako unibertsitateetako ikasle, irakasle eta langileek jasaten duten jazarpena aztertu du: azpijoko judizialak, espetxeratzeak, mehatxuak eta hilketak, besteak beste. Ikerketaren berri ematera etorri da Euskal Herrira, eta Hernani Munduari Begira zikloan parte hartu du.

Zertan datza zuen lana?

Aurreko ikerketa baten jarraipena da, azken urteetan unibertsitateetan izandako jazarpenaren bilakaera aztertzen duena. Lehen fasea 2000tik 2020ra bitartekoa izan zen, eta oraingoan, berriz, FARCekin 2016an sinatutako bake akordiotik honako tartea hartu dugu.

Hasieran, 2025era arte egin genuen ikerketa, baina epea pixka bat luzatu dugu azkenean; aurreko gobernu progresista eskuin muturreko gobernu batek ordezkatu duenez, ikusi nahi genuen horrek zer eragin izan duen.

Zergatik hasi zenuten ikerketa hori?

Nagusiki, Kolonbiako Estatuaren jardueraren adibide gogorra eta adierazgarria delako. Baina baita gu geu kriminalizatu gaituztelako ere; taldeko asko behintzat bai. Unibertsitate publikoetako irakasleak garenez, denok pairatu dugu nolabaiteko jazarpena, eta, beraz, gai honek gure bizitza zeharkatu du.

Zergatik da hain gogorra jazarpena unibertsitateetan?

Unibertsitateen aurkako jazarpena ez da kontu berria; 1920ko hamarkadatik izan dugu Kolonbian. Pentsamendu kritikoaren aurkako jazarpena egiten du estatuak, eta, horretarako, gugan jartzen du arreta. Unibertsitateak toki arriskutsutzat hartzen dira, bertan pentsamendu kritikoa lantzen baita. Horregatik zapaldu dituzte etengabe.

Nolakoa da zapalkuntza hori?

Hasieran, hilketak eta desagertze behartuak ziren nagusi. Baina azken hamarkadetan, azpijoko judizialak ugaritu dira. Ikasle eta irakasle askok bi eta bost urte artean igarotzen dituzte kartzelan, eta gehienak errugabetzat jotzen dituzte gero.

Kolonbian errugabetasun presuntzioa ez da gauzatzen; absolbitzen zaituztenerako, estatuak zigortu zaitu jada. Atxilotuek osatzen zituzten egiturak ahultzeko edo suntsitzeko egiten dute hori.

«Kolonbian errugabetasun presuntzioa ez da gauzatzen; absolbitzen zaituztenerako, estatuak zigortu zaitu jada»

Gainera, ikerketan ikusi dugu 2016tik aurrera delitu politikoez gain delitu arruntak ere erabili dituztela azpijokoetarako: ondasunei egindako kalteak, mikrotrafikoa... Itxuraz motibo politikorik ez duten kasuak dira, baina, atxilotutakoei erreparatuz gero, gehienak ikasle mugimenduetako liderrak dira.

Zenbaterainokoa da jazarpena?

Zaila da kopuruak ematea. Delitu politikoak ez ezik delitu arruntagoak ere erabili izanak oztopatu egin du gure lana. Hala ere, errepresioa eta bortizkeria handia da. 2021eko matxinadan, esaterako, Kolonbiako Poliziak 180 manifestari hil zituen.

Guk 64 elkarrizketa sakon egin ditugu 2016tik hona, baina erregistratu gabeko kasu asko daude. Dena den, agertu den ezaugarri bat da geroz eta emakume gehiagok pairatzen dutela jazarpen hori.

Eta nolakoa da emakumeek jasaten duten errepresioa?

Emakumeak ikusezin bihurtu dituzte. Orokorrean, gizonak izan dira errepresioaren jomuga, baina horrek ez du esan nahi emakumeek ez dutenik halakorik jasan. Orain kasu gehiago ikusten dira, emakumeek protagonismo handiagoa baitute, eta gehiago kriminalizatzen baitituzte.

Zaurgarriagoak izaten dira, gainera: hilketaren beldurrarekin batera, indarkeria sexualarena ere bai baitago. 2021eko matxinadan emakumeek indarkeria sexual bortitza jasan zuten, baita gizonek ere, nahiz eta gutxiago.

Dena den, hori ez da kontu berria Kolonbian. Herrialdeko gerra luzean emakumeak harrapakin izan dira, eta orain estatu krimen gisa salatzen dugu hori.

Zer mekanismo daude horrelako kasuak salatzeko?

Salaketa gehienak giza eskubideen eta familien taldeek egin dituzte, baina erantzukizuna sortzea zaila da. 2021eko matxinadan hilketa masiboak izan ziren, desagertze behartuak, bortxaketak... eta kasu asko filmatuta daude.

Inpunitatea, baina, ia erabatekoa da: bi polizia baino ez dira epaitzen ari.

Hala ere, Petroren gobernuaren azken sei hilabeteetan, batzorde bat sortu zuten propio, eta haren txostenean argi esaten da errepresioaren erantzukizuna estatuarena izan zela, eta ez aldarrikapenak egiten zituztenena.

Zeintzuk dira aldarrikapenak orain?

2018ko hezkuntza publikoaren aldeko martxetan, 2019ko greba nazionalean eta pandemian sortutako haserrearen ondorio dira. Azken urteetako gertakaririk garrantzitsuena Ivan Duque presidente izandakoaren zerga erreforma izan zen, langile informalei zerga gehiago ezartzen ziena —Kolonbian langileen %70 baino gehiago informalak dira—. Baina beste eskaera batzuk agertu ziren berehala: enplegua, hezkuntza, osasuna….

2021ean ez ikasketarik ezta lanik ere ez zuten gazteek hasi zuten matxinada, eta Kolonbia ia osoa geldirik egon zen hiru hilabetez.

Nola eragin du De la Espriella presidente ultraren kargu hartzeak?

2021eko matxinada lagungarri izan zen progresismoak irabaz zezan, eta, orain, eskubideen atzerakada ikusten ari gara. Emakumeen, indigenen eta aniztasun sexualaren parte direnen eskubideak arriskuan daude, eta errepresioa areagotu da: Kolonbian, unibertsitateko kideak etsai edo terrorista gisa tratatzen gaitu gobernuak. 

Matxinadarik izan ez dadin, beldurra erabili dute, eta Kolonbian familia guztiek dakite zer den estatuaren aurka egitearen ordaina; denek galdu dute norbait. Baina haserrea ere handia da: gizartea politizatuta dago, eta gazteek badakite zer den ezer ez izatea. Beldur izan arren, jendea antolatzen ari da.

«Gizartea politizatuta dago, eta gazteek badakite zer den ezer ez izatea. Beldur izan arren, jendea antolatzen ari da»

Zer egin daiteke orain mugimendu horiek babesteko?

Borroka horiek ez dira Kolonbiarenak soilik. Etorkizun duin bat defendatzen dugun guztioi eragiten digute. Mundu guztia kabitzen den mundu baten alde ari gara. Garrantzitsua izango da nazioartean salaketak egitea eta pentsamendu kritikoa sustatzen laguntzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA