Kezka iturri da Kongoko Errepublikako ebola izurria, eta hango agintarien arabera, 6.000 hildako eragin ditu dagoeneko. Gaur plazaratu dute izurriaren eboluzioaren berri emateko azken txostena, azaroaren 27a bitarteko datuekin. Infekzioak orotara 12.254 izan dira, eta gaixoen ia erdiak hil egin dira: %49,2. Izan ere, hilkortasun tasa handiko infekzioa izaten da ebola, eta horregatik eskatzen ditu kontrol neurri zorrotzak. Izurria abiatu zen Kongoko Errepublikako ekialdean, baina hainbat probintziatan zabalduta dago gaur egun. 26 probintzia ditu Kongok eta horietako zortzitan hedatuta dago, herrialdeko 69 osasun eremutan. Gaurko txostenean gogora ekarri dute Ituri probintzian zabalkunde handia izan duela infekzioak, eta izurriaren «epizentroak» hantxe segitzen duela.
Baieztatutako kasuen %67,1, hain justu ere, Ituri probintzian atzemandakoak dira, eta transmisioak ez du etenik: kasu berrien %41 ere hantxe atzematen dituzte gaur egun. Kasu berri gehien, hala ere, Iparraldeko Kivu herrialdean atzematen dituzte gaur egun: %55,1. Izurrietan berebiziko garrantzia izaten du baieztatutako kasuen jarraipenak, birusa ez zabaltzen jarraitzeko gakoetako bat hori izaten baita. Horretarako ahalegina egiten ari dira Kongon ere osasun agintariak, eta aditzera eman dutenez, egun kasuen jarraipen tasa da %77,6koa. Hala ere, Kongotik kanpora ere izan dira kasu bakan batzuk. Afrikan bertan: Kenyan eta Nigerian. Eta Europan: Frantzian, Herbehereetan eta Alemanian.Â
Txostenean, gaitza gainditzea lortu duten eta gaitza gainditzeko prozesuan dauden pazienteei buruzko datuak ere eman dituzte Kongoko agintariek: 3.387 pertsona, hain justu ere, sendatu egin dira, eta beste 1.160 ospitaleratuta edo bakartuta daude. Aurrez, 2018-2020 urteetan ere, izan zen Kongoko Errepublikan ebola izurri bat, eta orduan izan ziren baino gaixo gehiago eta hildako gehiago izan dira dagoeneko honetan. Ez da, hala ere, oraindik, Afrikan urteotan izan den ebola epidemia larriena; 2014-2016 urteen artean kontinenteko mendebaldeko hainbat herrialdetan hedatu zen izurria eta 28.000 infektatu eta 11.000 hildako eragin zituen.Â
Ohartarazpenak
Izurriaren gaineko kontrola egiten ari diren Afrikako erakundeek azaroaren 15ean ohar egin zuten: izurriaren eboluzioak orain artekoan jarraitzen badu «kontinente mailako» zabalkundea izateko arriskua dago. OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesus azaroaren 18an mintzatu zen azken aldiz epidemiaren inguruan, eta hark ere nazioartera begira «osasun publikoko» arazo larria dela ohartarazi zuen. Horiek horrela, kontrolatzeko neurriak taxuz hartu behar direla azpimarratu zuen.Â
Bundibugyo deituriko anduia eragiten ari da, propio, izurri hau. Egun, ez da propio birus horren kontra egiteko tratamendurik. OMEk, hala ere, nahiko aurreratuta ditu gaitzaren kontra egiten lagun dezaketen bi txertoren gaineko ikerketak. Infektatutako pertsonekin edo animaliekin kontaktu zuzena izatea ezinbestekoa da ebolaren birusarekin gaixotzeko. Eritasun larria da: sukar hemorragikoa, goragalea, beherakoa eta barneko hemorragiak eragiten ditu.Â
Â
Â
Â