Kongresua galduta, Trumpi betoaren komodina geratzen zaio

AEBetako presidenteak esan du boto paperetan bere izena ageri ez zelako izan dituztela errepublikanoek emaitza txarrak. Agintaldi erdiko bozen emaitzak onartu ditu, baina aditzera eman du betoa jarriko diela Kongresuaren erabakiei.

Trump, agintaldi erdiko bozen aurreko azken hitzaldia eman ostean, herenegun, Washinghtonen. JIM LO SCALZO / EFE
Trump, agintaldi erdiko bozen aurreko azken hitzaldia eman ostean, herenegun, Washinghtonen. JIM LO SCALZO / EFE
Aitor Garmendia
2026ko azaroaren 4a
12:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da ohikoa Donald Trumpek autokritika egitea. Eta Alderdi Errepublikanoak AEBetako Kongresuko bi ganberetan zuen gehiengoa galdu ostean ere, AEBetako presidenteak ez du onartu hondoratze horretan erantzukizunik izan duenik. Are gehiago, Trumpek Truth Social bere sare sozialean idatzi duenez, boto paperetan bere izena agertu izan balitz, errepublikanoek «erabateko garaipena» lortuko zuketen. Kapitolioa demokraten esku geratu bada ere, horiek bultzatutako ekinaldiak geldiarazi ahal izango ditu presidenteak, betoa erabilita.

Ez da ohikoa AEBetako presidenteak bere aurkako emaitzak onartzea ere. Oraingoan, baina, ez du beste erremediorik eduki. Ezinezkoa da Alderdi Errepublikanoaren porrota ezkutatzea. Iruzurraren oihalak ezin du Kapitolioa goitik behera estali, eta AEBetako presidenteak onartu egin du bere alderdiak jada ez dituela kontrolpean edukiko ez Ordezkarien Ganbera, ezta Senatua ere. The New York Times egunkariarekin telefonoz hitz egin du emaitzak argitzen ari zirenean, eta adierazi du prest dagoela Alderdi Demokratarekin elkarlanean aritzeko: «Ziurrenik lortuko dugu akordioren bat egitea».

Eta akordiorik ez badago, neurriek ez dute aurrera egingo. Demokratek Ordezkarien Ganbera eta Senatua kontrolatuko badituzte ere, Trumpek badu Kongresuaren erabakiei galga jartzeko ahalmena: betoa. Eta hori erabiliko duela eman du aditzera Truth Socialen zabaldutako irudi batekin. MAGA Make America Great Again (Egin berriro Amerika handi) mugimenduaren ikur bilakatu den bisera gorri baten irudia zabaldu du, eta beto hitza ageri da hartan idatzita. 

Fox hedabidearekin, hain zuzen, betoaz hitz egin du. Oroitarazi du hori dela presidentearen «botere handienetako bat»; eta, etorkizunera begira jarrita, gehitu du «pare bat hilabetez» Kapitolioaren ekinaldiei betoa jartzen aritu ostean demokratei ez zaiela geratuko elkarlanean aritzea beste aukerarik. Presidenteak ezarritako betoa indargabetzeko, Kongresu osoaren bi herenen babesa behar da; demokratak nagusitasun handiz gailendu badira ere, ez dute lortuko horrenbesteko babesik. Ordezkarien Ganberaren bi heren 290 eserleku dira, eta Senatuaren bi heren, 67 senatari.

Azken inkesten arabera, estatubatuarren herenak-edo baino ez du ontzat jotzen Trumpen bigarren agintaldia. Etxe Zuriko maizterrak, ordea, ez du hartutako erabakien damurik. Esaterako, Irango gerra hasi izana erabaki «oso zuzena» izan zela berretsi du The New York Times-ekin hitz egitean. Iazko urtarrilean hasitako legegintzaldiaz mintzatuz, Trumpen iritziz, presidente batek inoiz ez du horrenbeste arrakasta lortu bi urtean. Gainera, berretsi du agintaldi erdiko bozetarako babestu dituen hautagai errepublikanoak egokiak zirela.

Horiek horrela, Alderdi Demokrataren ezbairik gabeko nagusitasunak harritu egin du Etxe Zuriko maizterra. «Harritu samar geratu naiz, kanpainan ekitaldi itzelak egin ditugu», aitortu dio Fox hedabideari. «Batzuetan gauzak ez dira espero bezala irteten», adierazi dio, ordea, The Wall Street Jourrnal egunkariari.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA