Trumpek zaplaztekoa hartu du, eta demokratek Kongresu osoaren kontrola eskuratu dute

Agintaldi erdiko bozen ostean, Alderdi Demokratak gehiengoa izango du Senatuan eta Ordezkarien Ganberan. Trumpen kontrako botoari esker, demokratek garaipena lortu dute tradizio errepublikanoko hainbat estatutan.

Kathy Hochul New Yorkeko gobernadore demokrata, agintaldi erdiko bozen emaitzak ospatzen. OLGA FEDOROVA / EFE
Kathy Hochul New Yorkeko gobernadore demokrata, agintaldi erdiko bozen emaitzak ospatzen. OLGA FEDOROVA / EFE
Aitor Garmendia
2026ko azaroaren 4a
06:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Olatu demokratak Kapitolioa hartu du, eta dardarka utzi du Etxe Zuria ere. Espero zen, eta gertatu da. Estatubatuarrek Donald Trump presidentearen aurka bozkatu dute agintaldi erdiko bozetan, eta AEBetako presidenteak jada ez du kontrolpean edukiko Kongresua. Alderdi Demokrata tradizio errepublikanoko hainbat estatutan nagusitu da, eta aurrerantzean gehiengoa edukiko du bai Ordezkarien Ganberan, baita Senatuan ere.

Ohikoa da legegintzaldi erdiko hauteskundeetan agintean dagoen alderdiak behera egitea, baina oraingoan errepublikanoak hondoratu egin dira: Kongresuko bi ganberen kontrola edukitzetik, bietan gutxiengoa izatera igaroko dira. Inkesta gehienen arabera, demokratak ziren Ordezkarien Ganberan nagusitzeko hautagai nagusiak. Hala izan da, eta aise gainditu dute 218 ordezkariren langa —gehiengoa edukitzeko behar den ordezkari kopurua—. Oraindik dozenaka eserleku geratzen dira banatzeko, baina demokratek jada ziurtatuta dute gehiengoa izango dutela behe ganberan. Aurreikusten da 250 ordezkari baino gehiago lortu ditzaketela.

Senatuan, aldiz, lehia estuagoa espero zen, tradizio errepublikanoko hainbat estatu gakoak baitziren. Alabaina, emaitza guztiak zenbatzerako, argitu da demokratak izango dutela gehiengoa goi ganberan ere. Besteak beste, demokratek Texas, Kansas, Ipar Karolina, Hego Karolina, Iowa eta Ohio kendu dizkiete errepublikanoei. Gainera, Mainen ere demokratak nagusitu dira, eta kargutik kendu dute Susan Collins, Kapitolioan 30 urte zeramatzan senatari errepublikanoa. Demokratek dagoeneko ziurtatuta dituzte 54 senatari —51 nahikoa dira gehiengoa edukitzeko—.

Demokratek ia guztia irabaziko zutela jada jakina zenean, Trump, bere ohiko estiloan, errealitatea ezkutatzen saiatu da Truth Social bere sare sozialean zabaldutako mezu batean: «Nire izena ez zen boto paperetan ageri, osterantzean erabateko garaipena lortuko genuen!». Azken inkesten arabera, estatubatuarren herenak inguru baino ez du ontzat jotzen Trumpen bigarren agintaldia. Halere, geroago, AEBetako presidenteak emaitzak onartzen dituela adierazi dio The New York Times egunkariari.

Bihar beteko dira bi urte Trumpek bigarrenez bozak irabazi zituenetik. Orduan, estatubatuar askok haren alde egin zuten, batez ere, inflazioa geldiaraziko zuelakoan, eta errepublikanoarekin ekonomiak hobera egingo zuela sinestuta. Ordutik, baina, prezioek gora egiten jarraitu dute, eta erosahalmena da egun kezka nagusia AEBetako herritarren artean. Gainera, Trumpek 2024ko kanpainan zehar zin egin zuen ez zituela AEBak atzerriko gatazketan sartuko, baina otsailean Iranen aurkako gerra hasi zuen Israelekin batera.

Trumpen kontrako botoaren erakusgarri, Etxe Zuriko maizeterrak gogorren kritikatu dituen hautagaiek aurrera egin dute. Michigan estatuan, Abdul el-Sayed Senaturako hautagai demokrata nagusitu zaio Mike Rogers errepublikanoari. Haley Stevesek, Alderdi Demokrataren primarioetan El-Sayeden aurka galdu ostean, hautgai demokrataren auka bozkatzeko eskatu zuen asteburuan. Baina alderdikidearen traizioaren aurre egin, eta AEBetako lehen senatari musulmana izango da El-Sayed. Kanpainan zehar, inolako frogarik erakutsi gabe, Trumpèk behin eta berriz haizatu du El-Sayedek Ekialde Hurbileko talde islamista armatuekin laguntza jaso duen ideia.

«Nire erlijioa eta nire izena ez dira gasolina ordaindu ezin izatearen arrazoia. Nire erlijioa eta nire izena ez dira erosketak ordaindu ezin izatearen arrazoia»

ABDUL EL-SAYED Senaturako hautagai demokrata

Zuzenean AEBetako presidenteari mintzatu zaio emaitzak argitzen ari zirenean emandako hitzaldian: «Donald, nire izena esatea zaila egiten zaizunez, senatari deitu nazakezu». Eta Etxe Zuriko maizterraren politikak kritikatu ditu: «Nire erlijioa eta nire izena ez dira gasolina ordaindu ezin izatearen arrazoia. Nire erlijioa eta nire izena ez dira erosketak ordaindu ezin izatearen arrazoia».

Ilhan Omar kongresukidea ere begitan hartua du Trumpek. Demokrata somaliarra bere jaioterrira deporatzeko eskatu izan du AEBetako presidenteak, eta azken asteetan kongresukidearen etxebizitza erregistratu du Justizia Departamentuak. Bada, hautagai demokrata nagusitasunez gailendu da bere hautesbarrutian, eta Ordezkarien Ganberarako kidea izango da datozen urteetan ere. Minnesota estatuko ordezkari da Omar, eta bozen %76,5 lortu ditu bere hautesbarrutian.

Iraultza Texasen

Texas estatuaren kasua AEBetan gertatu denaren isla da. Azken 38 urteetan estatu horrek ez du senatari demokratarik eduki; bada, oraingoan, James Talaricok Ken Paxton Trumpen hautagaia garaitu du, botoen %55 lortuta. Talaricok «Goliat garaitu» dutela adierazi du, errepublikanoen aldeko kanpainari Elon Muskek eta beste hainbat milioidunek emandako laguntza ekonomikoari erreferntzia eginez: «Erakutsi dugu munduko diru guztia ere ez dela nahikoa Texasko herritarrentzat». Emaitzen berri izan ostean emandako hitzaldian, 37 urteko apaiz prebisterianoak esan du lortutako garaipena «norbait entzuten ari ote zaion galdetu duen» herritar ororentzat dela: «Texas berreskuratu dugu!».

James Talarico senaturako hautagai demokrata, Texasen lortutako garaipena ospatzen. CARLOS RAMIREZ / EFE
James Talarico senaturako hautagai demokrata, Texasen lortutako garaipena ospatzen. CARLOS RAMIREZ / EFE

Hori gutxi ez eta aurrerantzean Texaseko gobernadorea ere demokrata izango da. 36 estatutan eta hiru lurraldetan gobernatzaileak hautatu berri dituzte; Texasen, errepublikanoek hiru hamarkada agintean egin ostean, demokratak nagusitu dira. Gina Hinojosa demokrata izango da Texaseko lehen gobernatzaile latinoa; Greg Abbott hiru agintaldiz gobernadore izan den errepublikanoari gailendu zaio. Azken lau urteetan errepublikanoen esku egon diren beste hiru estatu ere eskuratu dituzte demokratek: Georgia, Iowa eta Ohio. Bestalde, Florida Trumpen jarraitzaileen gotorleku gisa finkatu da. Estu izan bada ere, Senaturako lehian Ashley Moody errepublikanoa nagusitu da, eta Byron Donalds Trumpen aliatua Floridako lehen gobernadore beltza izango da.

Kongresuko kontrola berreskuratuta, demokratek agintaldiaren bigarren erdia zailduko diote Trumpi. Etxe Zuriko maizterrak are eta neurri gehiago hartu beharko ditu dekretu bidez, Kapitolioak ez baititu bere proposamenak onartuko. Gainera, demokratek kontrolatuko dituzte aurrekontuak, administrazioaren inguruko ikerketa batzordeak abiarazi ahal izango dituzte, eta Trumpek proposatutako epaileen izendapenak blokeatu ditzakete. Presidenteak, baina, beto eskubidea du. Hortaz, demokratek bi ganberetan gehiengoa edukiagatik ere, Trumpek Kongresuak onartutako legeak geldiarazi ditzake. Horren erakusle, betoa hitza idatzita ageri den bisera gorri baten irudia zabaldu du Truth Socialen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA