Konpromiso nuklearrei eusten diela nabarmendu du Iranek

Teheranen esanetan, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako teknikariek Buxhehrreko zentral nuklearra ikuskatu berri dute.

Iranen bandera IAEAren egoitzan, Vienan, iazko ekainean. CHRISTIAN BRUNA / EFE
Iranen bandera IAEAren egoitzan, Vienan, iazko ekainean. CHRISTIAN BRUNA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko azaroaren 9a
15:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da bukatu AEBek Iranen kontra hasitako gerra. Teheranek uste du, horrenbestez, ezin duela egoera arrunt batean bezala kooperatu IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin. Halere, konpromiso nuklearrei eusten diela nabarmendu du. Horregatik, NBEren agentzia horretako teknikariek Buxhehrreko zentral nuklearra ikuskatu berri dute, Teheranek nabarmendu duenez. 

Horren berri eman du gaur Esmail Baghaei Atzerri Ministerioko bozeramaileak, asteroko prentsaurrekoan. Jakinarazi duenez, duela egun batzuk egon ziren IAEAko espezialistak Iranen martxan jarraitzen duen instalazio nuklear bakarrean, herrialdearen hegoaldean. Agentzia horretako zuzendari nagusi Rafael Grossik urri bukaeran esan zuen Buxhehrreko zentral nuklearraren jarduera monitorizatzen ari zirela. 

Baghaeik berretsi du, bide batez, NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituneko kide dela oraindik ere, eta horregatik mantentzen dituztela konpromisoak. Izan ere, diputatu talde batek Iranen doktrina nuklearra aldatu nahi du nolabait. Horregatik, Iran NPTik ateratzea eskatzen zuen lege proposamen bat aurkeztu zuen talde horrek Irango Parlamentuko Mahaian, irail amaieran. Beste sektore batzuek eskatzen dute, bestalde, arma nuklearrak garatzeko Teheranek bere buruari jarritako debekua bertan behera uztea.

Diputatuen proposamenak ez du oraingoz biderik egin Parlamentuan, eta gaur Baghaeik plazaratu du zer posizio duten agintariek horri guztiari buruz. Iazko ekainean Israelek eta AEBek herrialdeko hiru instalazio nuklear nagusiei eraso egin zietenetik —Fordokoa, Natanzgoa eta Isfahangoa—, Buxhehrrekoa soilik ikuskatu ahal izan dute IAEAko teknikariek. Agentzia horrek iazko eraso horien aurretik kaleratutako txostenaren arabera, Iranek %60 aberastutako laurehun kilogramo pasatxo uranio zituen. Gutxienez %90 aberastu behar da arma nuklearrak egiteko gaitasuna edukitzeko.

Bestalde, sokatiran segitzen dute Iranek eta AEBek. Teheranek erantzun dio Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariari Iranek bere interes propioei uko egitea «onartezina» litzatekeela. Hori adierazi du Baghaeik gaur, gogoan hartuta Rubiok atzo esandakoak. Adierazi zuen «irrigarriak eta ez-errealistak» direla Iranek egindako eskaerak bi herrialdeen arteko auziari konponbidea emateko; finean, «onartezinak» direla. Iranek eskatzen du Washingtonek ezarri dion itsas blokeoa amaitzea, menia bat ezartzea Ekialde Hurbileko fronte guztietan, Iranek atzerrian dituen aktiboak desblokeatzea, eta Teherani Mendebaldeak ezarriak dizkion zigor ekonomikoak indargabetzea, besteak beste.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA