AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka hasitako erasoaldiak ez du etenik. Atzo Ali Khamenei herrialdeko buruzagi gorenaren etxea bonbardatu zuten, eta Press TV Irango telebista kate publikoak gaur baieztatu du haren heriotza, baita goi mailako zazpi ofizialena ere; tartean dira Irango Defentsa ministro Aziz Nasirzadeh eta Guardia Iraultzaileko komandante Mohammed Pakpur.
Ikusi gehiago
Irango Segurtasun Kontseiluak, Khameneiren heriotza baieztatzeko egin duen agerraldian, esan du «Irango nazioaren mendeku goseak» ez dituela hiltzaileak bakean utziko «zigor gogor, erabakigarri eta penagarri bat» izan arte.
Guardia Iraultzaileak, berriz, Israelen eta AEBen aurka «inoiz egin den operazio suntsitzaileena» egiteko asmoa erakutsi du, eta jakinarazi «berehala» hasiko dituztela «lurralde okupatuen» eta AEBen base militarren aurkako erasoak. Irango Tasnim berri agentziak geroago baieztatu du AEBen 27 baseri egin dietela eraso, eta Israelgo helburu militarrei ere bai, esaterako, Tel Aviven. Israelgo Beit Shemesh herrian, herrialdearen erdialdean, misil batek zortzi hildako eragin ditu, eta hogei zauritutik gora.
Misilak eta droneak jaurti dituzte AEBek Saudi Arabian, Bahreinen, Kuwaiten, Arabiar Emirerri Batuetan eta Qatarren dituzten baseetara. Erresuma Batuak ere jakinarazi du Ekialde Hurbilean dituen base militarretan misilak eraisten ari dela.
Ikusi gehiago
Donald Trump AEBetako presidenteak Truth sare sozialean eman die abisua: «Hobe dute ez erantzun, egiten badute inoiz ikusi gabeko indarrarekin kolpatuko baititugu». Aurrez, jakinarazi du Khamenei hilda ere Iran bonbardatzen segituko dutela, baina ez du argitu zeintzuk izango diren hurrengo pausoak. «Ez dakit, baina uneren batean deituko didate zer nahiko nukeen galdetzeko», gehitu du ironikoki NBC News katean egin dioten elkarrizketan. Erasoa oso ondo atera dela esan du, baina oraindik lan asko dutela egiteko.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, berriz, persieraz idatzi du mezu bat X-n, eta kalera irtetera eta gobernua garaitzera bultzatu ditu Irango herritarrak, Esan die aukera historiko bat dutela «tiraniaren kateetatik askatzeko», eta besoak gurutzatuta ez geratzeko. «Horrenbeste denboraz itxaron duzuen laguntza iritsi da; hau da misio historiko batera batu eta zuen etorkizuna ziurtatzeko abagunea», zuzendu zaie irandarrei.
Khameneiren lekukoa, momentuz, hiru lagunek hartuko dute: Masud Pezexkian presidenteak, Golamhosein Mohseni Eyei botere judizialaren buruak eta Alireza Arefi legelari islamikoak, Irango Lidertza Kontseiluko ordezkariak. Horiek osatutako batzordeak «trantsizio garai bat» gidatuko duela jakinarazi dute. Khameneik 86 urte zituen, eta 1989. urtetik zen herrialdeko burua. Haren alaba eta biloba bat ere hil dituzte eraso berean.
Gaur goizaldean ere Teheranen bonbardaketak egin dituela jakinarazi du Israelek, eta, Ilargi Gorriaren arabera, jada 200dik gora dira erasoetan hildakoak, eta 750, gutxienez, zauritutakoak. Tartean, Minab herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe bat ere jo zuten bonbardaketek atzo. Irango iturri ofizialek gaur jakinarazi duenez, 148 ikasle hil dituzte.
Nazioartea
Iranen kontrako erasoak nazioarteko komunitatea astindu du, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak presazko bilera egin du gauean. Irango ordezkariak salatu du«gerra krimen bat eta humanitatearen kontrako krimen bat» izan dela, ez eraso bat soilik. Gogorarazi du eskola batean «ehun ume baino gehiago» hil dituztela. bonbardaketek, eta milioika pertsona bizi diren hiriguneak erasan dituztela. Erasoa berehala eteteko eskatu dio NBEri, baina ohartarazi du bere burua defenditzeko eskubidea duela Iranek, eta gehitu du erantzun egingo duela, mugarik gabe.
Errusiak eta Txinak ere gaitzetsi egin dute erasoa. Turkiak ere bai, eta bere burua bitartekari gisa aurkeztu du, borroka gelditzeko. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak berak ere gaitzetsi du, eta borroka etetera dei egin. «Edozein gatazka armatutan, zibilek ordaintzen dute garestien». Esan du nazioarteko bakea eta segurtasuna «arriskuan» jarri dituztela, eta ohartarazi du liskarrak eten ezean ondorioak «biztanleria zibil osoarengana» ailegatu daitezkeela.
Ikusi gehiago
NBEko idazkariak estatu guztiei eskatu die bete ditzatela nazioarteko legezkotasunaren alorrean dituzten betebeharrak, eta «alde guztiei» exijitu die itzul daitezela «negoziazio mahaira». Guterres: «NBEk argi eta garbi debekatzen du lurralde osotasunaren eta edozein estaturen independentziaren kontrako indarra erabiltzeko mehatxua».
Europako Batzordeko presidenteorde Kaja Kallasek, aldiz, Irango Gobernua kritikatu du: «Talde terroristak babesten ditu, eta hori mehatxu handia da munduko segurtasunerako». Gainera, esan du bertatik erretiratzen ari direla ezinbestekoak ez diren Europako Batzordeko langileak. EBko Atzerri ministroak bihar biltzera deitu ditu, egoera aztertzeko.
Ekialde Hurbila ere dardar batean jarri du erasoak. Iranek inguruko herrialde askotara egin ditu erantzun gisako erasoak. Israelgo Gobernuak, berriz, itxi egin ditu Gazarako sarbideak, baita Rafahkoa ere; Libanori, berriz, esan dio ez duela asmorik erasorik egiteko, Hezbollahk ez duelako erantzun Iranen erasoaren ostean.
Negoziazioak
Azken asteetan hainbatetan bildu dira AEBetako eta Irango ordezkariak azken horren programa nuklearrari buruz hitz egiteko. Azken bileraren ostean, bi aldeek nabarmendu zuten elkarrizketak «ondo» joan zirela.
Ordea, azken orduetan oso bestelakoa izan da Etxe Zuriaren jarrera. Atzo arratsaldean, bai AEBek, bai beste hainbat herrialdek Israeldik alde egiteko eskatu zieten beren herritarrei, eta ohartarazi handik ordu gutxira ez zela ihes egiteko aukerarik izango.
Irango programa nuklearrak Mendebaldeko estatuen ezinegona eragin du urte luzez, nahiz eta Iranek behin baino gehiagotan ukatu arma nuklearrak dituela edo halakoak egiteko asmoa duela.
Ali Khamenei Irango buruzagi gorenak berak ezarri zuen arma nuklearrak egiteko debekua, eta, azken egunetan zenbait iturrik zabaldu dutenez, Teheran prest agertu da «tarte batez» uranioa aberasteari uzteko. Hitz eta promesak, baina, ez dira aski izan Etxe Zuriarentzat.
Arma nuklearrak garatzeko, uranioa gutxienez %90 aberastu behar da. Iazko ekainean Irango instalazio nuklearrei eraso egin zieten AEBek, eta, Trumpen arabera, «guztiz txikitu». Aste batzuk lehenago ohar bat kaleratu zuen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, eta zehaztu Iranek %60 aberastutako 400 kilogramo pasa uranio zituela; azpimarratu zuen, dena den, ez zegoela frogarik esateko Iranek arma nuklearrak garatzeko asmoa zuenik. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek ezin izan ditu ordutik neurketa gehiago egin, Iranek harekin zuen lankidetza bertan behera utzi baitzuen AEBen erasoen ondoren.