Agustin Otxotorena: «La Guairako irudiek Gazakoak dirudite»

Agustin Otxotorena. BERRIA
Agustin Otxotorena. BERRIA
Beñat Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 26a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Caracasen bizi da Agustin Otxotorena euskal enpresaria (Errenteria, 1963). Etxean harrapatu zuten lurrikarek, eta gertatutakoa ezin sinetsita dabil oraindik: haren zazpi lagun hil dira lurrikararen ondorioz. Hala ere, adierazi du Caracasen «normaltasunera» itzultzen ari direla pixkanaka; hori kontuan hartuta, azpimarratu du laguntzak La Guairara bideratu behar direla.

Lurrikarak izan zirenetik ordu batzuk pasatu diren honetan, zer moduz zaudete zu eta zure gertukoak?

Zortea izan dugu. Anaia eta ni ondo gaude. Baina atzo jakin genuen zazpi lagun hil direla. Oraindik ez gara konturatzen zer gertatu den, eta prozesatzen ari gara. Izugarria izan da.

Nola bizi izan zenuen lurrikara?

San Joan eguna zen —jai eguna Venezuelan—, 17:00ak edo. Etxean nengoen, anaiarekin, Munduko Futbol Kopako partida bat ikusteko geldituak baikinen. Eta, bat-batean, etxea alde batetik bestera mugitzen hasi zen. 25. pisu batean bizi naiz, eta dena mugitzen zela sumatu genuen. Bi lurrikara izan ziren, eta bigarrena are okerragoa izan zen. Ikusgarria zen mugimenduak zer bortitzak ziren.

Etxeko armairu guztiak ireki ziren, eta barruan zegoen dena, berriz, erori.

Kalera irten zineten?

Hasieran, argindarra joan zen. Gu etxean gelditu ginen, ezin baikinen igogailuan jaitsi, baina jende asko kalera irten zen. Oihuak ere entzuten ziren. Hala ere, Caracasen hamalau etxe erori dira guztira —gutxi gorabehera sei milioi lagun bizi dira Venezuelako hiriburuan—, baina ez gure etxetik gertu. Behin Internet itzuli zenean ikusi genuen zenbatekoa zen arazoa.

Zertan da egoera orain?

Caracasen, La Guairarekin alderatuta, nolabait normal bizi garela esan dezakegu. La Guairako irudiek Gazakoak dirudite. Oraindik ez dakigu zer aurkituko dugun. Hemen, Caracasen, saltoki eta supermerkatu gehienak itxita egon ziren atzo, nahiz eta bakanen bat irekita mantendu; eta jendea ere etxean gelditu zen. Kalea hutsik zegoen. Farmaziak bai, farmaziak irekita zeuden.

Gure etxe inguruan ez da kalte handirik ikusten: paretaren bat edo zuhaitzen bat erorita, akaso. Baina errepidean autoak eta autobusak ikusten dira jada.

Zein da zuen kezka orain?

Desagertutakoak dira gu guztion kezka. La Guairan zegoen jende gehiena Caracaskoa zen, eta hemen denok daukagu lagun edo ezagunen bat desagertuen zerrendan.

Laguntza iristen ari da?

Hemen, Caracasen, ez dugu laguntza handirik behar. Laguntzak La Guairara bideratu behar dira. Ez da etxe bat erori: hogei solairu inguruko eraikin asko erori dira, eta hondakinak oso-oso pisutsuak dira. Laguntza behar da, laguntza espezializatua. Eta premia-premiazko produktuak ere beharko dira; ura, esaterako.

Gainera, zubiak ere hondatu dira. Lehen, ordu erdi batean iristen zinen Caracastik La Guairara. Orain, bost ordu beharko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA