Laborategiek hilabeteak beharko dituzte A/H1N1en kontrako txertoa ekoizteko

Bi astean farmazia enpresek garatu beharreko prototipoa prest egongo dela esan dute zientzialariek

2009ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Botikak dira egun txerri gripeari aurre egiteko gobernuek eskura dituzten baliabideak; Tamiflu eta Relenza, hain zuzen. Epe ertainerako irtenbidea, ordea, txertoa da. Hori jakinda, lanean hasiak dira zientzialariak. Eta dilema batekin egin dute topo jada.

Lehenengo urratsa egin dute: Mexikon eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan kutsatuta dauden pertsonetatik A/H1N1 birusa isolatu eta hura garatzen ari dira laborategian. Aditu estatubatuarrak dihardute horretan, CDC Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Zentrokoak. Interesa duten farmazia konpainiek haien laborategitik aterako den prototipoa baliatuko dute ondoren, txertoak eskala handian ekoizteko. Eta interesatuak badaude: hogei bat enpresa. Tartean, Sanofi-Aventis frantziarra, Novartis suitzarra, Glaxo Smith Kline britainiarra, CSL australiarra eta MedImmune estatubatuarra-Astra Zenekarena da orain-.

Prototipoa pare bat astean prest egongo dela badiote ere, hilabeteak beharko ditu botikagintzak txertoa osatzeko. Adituek zaharkitutzat jotzen duten prozesua oilo arrautza batean egiten baita. Beraz, gripearen kontrako txertoak oilasko enbrioietan ereiten diren birusak dira, oinarrian. Edukiontzi horretan -arrautza -, A/H1N1 birusaren zortzi gene gripe arruntaren kontrako txertoak egiteko erabili ohi den oinarrizko anduiaren zortzi generekin nahastuko da.256 aukera posible ditu koktelak. Baina konbinazio horretatik eratuko den birusa egokia izango bada, ez da hilgarria izango; eta, era berean, hura injektatzen dioten gizabanakoarenganA/H1N1 gripeari aurre egiteko antigorputzak sorraraziko ditu.

Erremedioa, laster

Urtea amaitu baino lehen txertoa eskuratzeko modua izango dela iragarri du OPS Panamerikako Osasun Erakundeko zuzendariMirta Rosesek: «Sei hilabeteren buruan erremedioa salgai izango da». Baina bada azkarrago egiteko prest dagoela ziurtatu duenik ere. Baxter International Inc enpresak, esaterako, txertoa hamabi eta hamasei asteren artean osa lezakeela azaldu du. Aurreko mendekoak diruditen tekniken aurrean, genetikoak erabiltzen dituzte, izan ere. «Orain artean baliatu ditugun anduien antzekoak baldin badira oraingoak, hiru edo lau astean ekoitziko ditugu lehen dosiak», esan zuen atzo Christopher Bona bozeramaileak.

Txertoaren inguruko buruhauste nagusia ez da, beraz, gaitasun falta. Osasun publikoa nola kudeatu, horrexek kezkatzen du OME Osasunerako Munduko Erakundea. Izan ere, laborategiek A/H1N1 gripearen kontrako txertoa ekoiztera bideratuko balituzte beren baliabide guztiak, gripe arruntaren kontrakoa egiteari utzi beharko liokete. Izurritearen urteroko aldaeraren aurkako erremedioak fabrikatzen dituztenak baitira, finean, orain artean txerri gripea deitu zaionaren kontrakoa ekoiztu nahi dutenak: bederatzi naziotako 20 enpresa.

Haiek gripe arruntaren kontrako 500 milioi dosi produzitzen dituzte urtean. Aski baino gehiago, baldintza normaletan, gaitz horrek urtez urte milioi bat lagun hiltzen baititu orotara. Besterik litzateke gripe arruntaren urteko aldaerak pandemia eragingo balu. Izan ere, 6.800 milioi biztanle daude munduan.

Hori hala, momentuz esfortzu guztiak txerto berrian zentratzeko eskatzeko goizegi dela iritzi dio OMEk. «Ez dago hori egiteko ebidentziarik», zioen Margaret Chanek, erakundeko zuzendari nagusiak, herenegun. «Birusa iraungi liteke, eta izurritea gelditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.