Joan den astean Britainia Handian zehar egin zituzten bozetan izandako emaitza kaskarrak ikusita, laboristak errudun bila hasi dira, eta hainbatek Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroaren bizkarrean jarri dute itua. Apaiza elurretan bezain nabarmena izanagatik ere, Starmer tiroak saihesten saiatu da, eta esan du ez duela zertan dimisioa eman; hori bai, ikusita hainbat diputatu laboristak haren kontra egin dutela, geroz eta gertuago ikusten du primarioak egitera behartuko duten unea. Halakorik gertatzekotan, bada lehen ministroari erronka joko liokeenik. Wes Streeting ostegunera arte Osasun ministro izandakoak iragarri du parte hartuko lukeela Alderdi Laboristako bozetan: «Taxuzko lehiaketa bat behar dugu, hautagai onenekin, eta han egongo naiz ni», adierazi du laboristen erakunde politiko baten konferentzian egin duen agerraldi batean.
Streetingek joan den ostegunean utzi zuen kargua, eta dimisioa emateko gutunean esan zuen dagoeneko heldu dela laboristen buruzagitzari buruz eztabaidatzeko ordua —2024ko uztailean hartu zuen kargua Starmerrek, hauteskunde orokorretan laboristek gehiengo osoa eskuratu eta gero—. Baina oraindik ez dute inolako prozedurarik abiatu; Alderdi Laboristak 403 parlamentari ditu Komunen Ganberan, eta primarioetara deitzeko gutxienez bostenek egin beharko lukete beste parlamentari baten alde; hots, 81ek. Ziurtatu du baduela «babesa» prozedurari ekiteko, baina nahiago duela itxarotea Andy Burnham Manchesterreko alkatea parlamentari izan arte: «Primarioak azkar batean eginda, eta Andyri horietara aurkezteko aukerarik eman gabe, hurrengo liderrak ez luke legitimotasunik izango, eta horrek ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna areagotuko lituzke».
Starmerren ondorengoa izateko faboritoen artean dago Burnham, nahiz eta gaur-gaurkoz ez den parlamentaria; horixe da Alderdi Laboristako primarioetara aurkezteko baldintzetako bat. Halere, Makerfield hautesbarrutiko (Ingalaterra) parlamentari laborista batek kargua utziko duela iragarri du asteon, eta horrek aukera emango lioke Manchesterreko alkateari Komunen Ganberara heltzeko, betiere hautesbarruti horretako hauteskunde partzialak irabaziz gero. Laboristen Batzorde Exekutibo Nazionalak atzo eman zion baimena horietara aurkezteko, eta oraindik zehazteko dago noiz egingo dituzten.
Aintzat hartzekoa da joan zen urtarrilean batzorde horrek galarazi egin ziola Burnhami beste hautesbarruti bateko hauteskunde partzialetara aurkeztea, argudiatuta saihestu egin nahi zuela Manchesterren tokiko bozetara deitzea.
«Aldaketa asko»
Burnhamek alderdia «salbatzeko garaia» dela adierazi dio gaur Erresuma Batuko BBC hedabideari, eta irizten dio «aldaketa asko» behar dituela, ez delako «nahiko ona» izan. Halaber, Channel 4 katean esan du «deliberamenduz» hartu duela Komunen Ganberara joateko erabakia, eta Josh Simmons aulkia hutsik utzi duen diputatu laboristak sentitzen duen «frustrazio bera» daukala.
Streetingek esan du joan den asteko bozak «ohartarazpena» izan zirela eta, «historian lehenbizikoz», Alderdi Laboristaren aurkaririk handiena ez dela Alderdi Kontserbadorea, Reform UK eskuin muturrekoa baizik. Nigel Farage Reform UKren liderrak asteon ohartarazi du «ahaleginak eta bi» egingo dituztela Makerfield hautesbarrutiko hauteskundeak irabazteko eta, horiek horrela, Burnham parlamentaria izatea galarazteko.
Joan zen asteko ostegunean udal hauteskunde partzialak egin zituzten Ingalaterran, eta Alderdi Laboristak 1.500 zinegotzi galdu zituen ia. Eskoziako eta Galesko parlamentuetarako hauteskundeak ere egin zituzten: aurrenekoan 35 parlamentari galdu zituen —44 zituen lehen, eta bederatzi orain—, eta bigarrengoan, lau —21 zituen lehen, eta 17 orain—. Kontuan eduki behar da Seneddek, Galesko Parlamentuak, 60 eserleku eduki dituela orain arte, eta 96 dituela boz horien ondotik; laboristek jasotako danbatekoa, hortaz, are larriagoa da, eta lehenbiziko aldia da parlamentu hori 1999an sortu zutenetik laboristek gehiengoa galdu dutena.