Lehen aldiz, independentistak nagusitu dira Galesko bozetan

Plaid Cymruk lortu du ordezkari gehien Galesko Parlamentuan. Laboristek nabarmen egin dute behera, eta Reform UK ultraeskuindarra izango da bigarren indarra. Eskozian SNP nagusituko da.

Rhun ap Iorwerth, Plaid Cymruko burua, kanpainako ekitaldi batean. PLAID CYMRU
Rhun ap Iorwerth, Plaid Cymruko burua, kanpainako ekitaldi batean. PLAID CYMRU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko maiatzaren 8a
19:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erresuma Batuko gobernu laborista azken urteetako erronka handienetako baten aurrean dago. Izan ere, alderdi independentistak nagusitu dira Galesko eta Eskoziako hauteskundeetan. Galesko Parlamentuan, Alderdi Laboristak ez du gehiengoa edukiko, 1999an ganbera hori eratu zenetik lehen aldiz. Plaid Cymru ezkerreko alderdi independentistak edukiko du ordezkari gehien. 96 ordezkarietatik 43 lortu ditu Plaid Cymruk —gehiengo osoa lortzeko 49 behar zituen—. Reform UK eskuin muturrekoa izango da alderdi unionista nagusia: 34 ordezkari lortuta, aurrea hartu die laboristei eta kontserbadoreei. Botoen zenbaketa ez dago horren aurreratuta Eskozian, baina zalantzarako tarterik ez dago: SNP Eskoziako Alderdi Nazionala nagusituko da.

Rhun ap Iorwerth Plaid Cymruko buruak ziurtatu du alderdia prest dagoela «Galesko herritar guztientzat» lan egiteko. Atzo lehen emaitzen berri izan ostean eman zuen hitzaldia, Llandudnon, Gales iparraldean; adierazi zuenez, herenegungo bozen emaitzek argi utzi dute galesek lidergo berri bat nahi dutela. Orain arte, Alderdi Laboristakoak izan dira Galesko lehen ministro guztiak, baina herenegungo hauteskundeen ostean ikusteko dago nor izango den hurrengoa. Eluned Morgan laborista dago gaur-gaurkoz kargu horretan, baina boz hauetan bi kolpe hartu ditu: alde batetik, alderdiak behera egin du, eta, bestetik, Morganek ez du lortu parlamentuan zuen eserlekuari eustea.

Laboristek emaitzak argitzen hasi aurretik onartu zuten porrota. Atzo goizean kaleratutako ohar batean adierazi zutenez, hamar eserleku lortzea baino ez zuten espero. Orain arte inoiz ez zituzten 26 ordezkari baino gutxiago eduki Galesko Parlamentuan, eta kontuan eduki behar da aurten lehengoz 96 ordezkari edukiko dituela ganbera horrek —orain arte 60 eduki ditu—. Bada, aurreikuspenak ere ez dituzte bete: 9 eserleku lortu ditu Alderdi Laboristak. Azken legegintzaldian 60 ordezkaritik 29 laboristak izan dira.

Alderdi tradizionalen beherakada nabarmena da. Kontserbadoreek ere behera egin baitute: zazpi ordezkari edukiko dituzte. Aurreko bozetan bigarren indarra izan ziren, eta hamahiru ordezkari lortu zituzten. Bestalde, Berdeek gora egin dute, eta bi eserleku ziurtatu dituzte. Alderdi Liberal Demokratak ordezkari bakarra lortu du, aurreko bozetan bezala.

Hortaz, Plaid Cymru gutxiengoan gobernatzeko moduan da. Legegintzaldi berrian Plaid Cymruko ordezkarietako bat izango da Carrie Harper. Asteon BERRIAri adierazi dionez, behar izanez gero, Plaid Cymru prest dago «ezkerreko alderdiekin» akordioak egiteko, baina nabarmendu zuen gutxiengoan gobernatzeko ere prest daudela. Gobernura iritsita ere, Plaid Cymruk ez du independentziaren inguruko erreferendumik egingo datorren legegintzaldian. «Hori bai, gobernua osatzen badugu, bide horretan urratsak egingo ditugu», zehaztu zuen Harperrek.

Eskozian, soilik garailea argi

Berriz ere erreferendum batera bidea ibiltzen hasi ahalko dute Eskozian ere. Botoen zenbaketa amaitu ez badute ere, joera argia da. Parlamentuko 129 eserlekutatik 92 zehaztuta daude oraingoz; horietatik 56 SNPk eskuratu ditu. Gehiengo osoa lortzeko 65 behar ditu, eta, inkesten arabera, gertu ibiliko da. Oraingoz, laboristak, kontserbadoreak, liberalak, berdeak eta Reform UK atzetik daude, urrun. Halere, boto asko geratzen dira zenbatzeko, eta, inkestek aurreratu zutenez, litekeena da alderdi ultraeskuindarra bigarren edo hirugarren indarra izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA