Israelek, beste behin, jomugan hartu ditu laguntza humanitarioa jasotzeko zain zeuden palestinarrak. Gaur, gutxienez 57 pertsona hil ditu janaria banatzen ari ziren guneetan, Gazako Osasun Ministerioak zabaldu duen oharraren arabera. Gazako Defentsa Zibileko bozeramaileak adierazi duenez, gaur hildakoetatik erdiak baino gehiago Netzarim pasabidearen inguruan hil dituzte, tankeekin eta droneekin egindako eraso batean. Hala, maiatzaren amaieran GHF Gaza Humanitarian Foundation erakundea zerrendan laguntza banatzen hasi zenetik, 220 palestinar baino gehiago hil eta 1.800 baino gehiago zauritu dituzte janaria banatzen duten guneetan.
Gazako ofentsiba albo batera utzi gabe, gaur beste kontu batzuk ere arduratuko dute Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Batetik, goizean deklaratzekoa zen bere aurkako epaiketa batean, baina, Israelgo hedabideek zabaldu dutenez, bertan behera utzi dute, Netanyahuk esan baitu ez zela «ondo sentitzen». Ustelkeria kasu batengatik ari dira ikertzen lehen ministroa. Bestetik, oposizioa parlamentua desegiteko mozio bat aurkeztekoa da gaur.
Oposizioko alderdi nagusiek Israelgo Parlamentua desegiteko mozioa aurkeztu dute gaur arratsaldean. Gaur zortzi iragarri zuten bozketa hori egingo zutela. Gaurko mozioak aurrera egiten badu, beste hiru aldiz bozkatu beharko dute parlamentuan, hura desegin eta hauteskunde aurreratuetara deitzeko.
Horretarako, mozioak aldeko 61 boto beharko ditu. Israelgo Parlamentuak 120 eserleku ditu; horietatik 53 ditu oposizioak, eta 67 Netanyahu babesten duen koalizioak. Baina baliteke mozioak aurrera egitea, Netanyahu babesten duten ultraortodoxoak haserre baitaude derrigorrezko zerbitzu militarra saihesteko legearen tramitazioa dela eta. Oposizioak Shas (11 eserleku) eta Toraren Judaismo Batua (7 eserleku) koalizio ultraortodoxoen sostengua beharrezkoa du mozioak aurrera egin dezan. Hareetz Israelgo egunkariak bi koalizio horietako iturriak aipatuz kaleratu du Shasek eta Toraren Judaismo Batuak parlamentua desegitearen alde egingo dutela derrigorrezko zerbitzu militarra saihesteko legearen tramitazioan aldaketarik ez badago.
Halere, gaurko bozketa ahalik eta gehien atzeratzen saiatuko da Netanyahu. Lehen ministroaren koalizioak erabakitzen du parlamentuko saioen kronograma, eta, Israelgo hedabideen arabera, koalizioak 25 lege proiektu inguru aurkeztuko ditu denbora irabazteko eta oposizioak aurkeztuko duen bozketa atzeratzeko asmoz. The Jerusalem Post egunkariak kaleratu duenez, bozketa gaueko hamarrak —bederatziak, Euskal Herrian— hastea espero da.