Laura Borras partzialki indultatu du Espainiako Gobernuak

Lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten 2023an, baina bi urtera murriztu diote kondena. Hortaz, ez du kartzelan sartu beharko. Hamahiru urteko inhabilitazioa eta 36.000 euroko isuna ere ezarri zioten, eta zigor horiek ez dizkiote kendu.

Laura Borras 2024an, Europako Parlamentuan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Laura Borras 2024an, Europako Parlamentuan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko uztailaren 28a
21:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak gaur jakinarazi du partzialki indultatuko duela Kataluniako Parlamentuko presidente ohi Laura Borras (JxC) —Kataluniako Parlamentuko Mahaiak diputatu akta erretiratu zion duela lau urte, gaurko egunez—. Kataluniako Auzitegi Nagusiak lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion 2023ko martxoan JxC alderdiko presidente izandakoari (2022-2024), prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea leporatuta, eta bi urteko zigor batengatik aldatu diote orain. Hamahiru urteko inhabilitazioa eta 36.000 euroko isuna ere ezarri zion Kataluniako Auzitegi Nagusiak, baina zigor horiek bere horretan mantenduko direla argitu du gaur Ministroen Kontseiluak. Hortaz, kartzelan sartuko ez den arren, ezingo du bere ibilbide politikoarekin aurrera jarraitu datozen hamar urte pasatxoetan.

Delitua Kataluniako Letren Institutuko zuzendari zen garaian egin zuen —2013tik 2018ra—. Epaiaren arabera, hemezortzi kontratu publiko modu irregularrean esleitu zizkion ezagun zuen Isaias Herrero informatikariari.

Borrasek helegitea jarri zuen, eta azaldu Auzitegi Nagusiak berak epaian adierazi zuela espetxe zigorra «neurriz kanpokoa eta gehiegizkoa» zela. Izan ere, Auzitegi Nagusiak azaldu zuenez, ez Borrasek ezta beste bi zigortuek ere ez zuten «irabazi pertsonalak lortzeko asmoz» jokatu. Hortaz, Auzitegi Nagusiak berak planteatutako baldintzen barruan eman diote indultua. Hala ere, orduko hartan Gorenak ez zuen iritzirik eman horren inguruan.

Epaiaren berri jakin berritan, agerraldi publiko bat egin zuen Borrasek, bere alde lerratu ziren hainbat manifestarirekin batera. «Ez dut epaiketa justu bat izan, eta ezin nuen sententzia justu bat espero», esan zuen Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak. Errugabea dela adierazi zuen, eta «mugimendu independentista suntsitzeko saiakera bat» zela gaineratu.

Gaur, erabakiaren berri izan aurretik, Borrasek txio batean gogoratu du gaurko egunez kendu zutela Kataluniako presidente kargutik, duela lau urte. Azaldu du erabaki «arbitrarioa eta alderdikoia» izan zela, eta orain atzera begiratzeak zentzua duela soilik aurrerapausoak emateko balio badu. «Jazarpen judiziala Estatuaren errepresio politikoaren tresna nagusietako bat izan da; ezin dugu onartu horrek gu barrutik ahultzea. Horregatik, eskuzabaltasunez eta herri zentzua erabiliaz lan egiten jarraitu behar da, helburu kolektiboaren eta mugimendu independentistaren zerbitzura», gaineratu du txio horretan.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA