MENDEBALDEKO SAHARA

Mohamed Abdelaziz Mendebaldeko Saharako presidentea hil da

SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea eta Fronte Polisarioko idazkari nagusia zen 1976az geroztik. 68 urte zituen, eta gaixotasun baten ondorioz hil da.

Abdelaziz, iazko azaroan, Madrilen. KRISTINA BERASAIN
jon olano
2016ko maiatzaren 31
08:04
Entzun

An Nahar Argeliako telebistak jakinarazi duenez, Fronte Polisarioak 40 eguneko dolua ezarri du, eta epe horretan, Jatri Adduh Fronte Polisarioko Kontseilu Nazionaleko presidenteak beteko du idazkari nagusiaren kargua. Ezohiko kongresua egingo du haren ordezkoa izendatzeko.

Abdelkader Taleb Omar lehen ministroaren kabineteko buru Mohamed Hamak Efe agentziari adierazi dio albiste "oso gogorra" dela: "Borrokan jarraituko dugu. Gure helburua lortzeko ahaleginean jarraituko dugu. Denak gara Mohamed".

Smaran (Mendebaldeko Sahara), 1948an jaioa, medikuntza ikasi zuen eta gaztetatik aritu zen Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokan. Abdelaziz 1976az geroztik zen SEADeko presidente. Aurrez, parte hartu zuen Saharako Askapen Mugimenduaren sorreran 1968an, eta 1973an, Fronte Polisarioaren sortzaileetako bat izan zen. Lehen kongresutik izan zen zuzendaritzan, eta 1976az geroztik zen fronteko idazkari nagusi. 11 aldiz aukeratu zuten Fronte Polisarioko idazkari nagusi; azkena, 2011n, Polisarioaren 13. Kongresuan.

Euskal Herrian saritua

Iaz eman zioten Gernika Saria, Saharan bakea sendotzearen alde eta giza eskubideen defentsan eginiko lanarengatik. Izan ere, iaz bete ziren 40 urte Mendebaldeko Sahara Espainiak Maroko eta Mauritaniaren eskuetan utzi zuenetik, eta Madrilen izan zen Abdelaziz Madrilgo Hiruko Akordioak sinatu ziren egun beraren bezperan. BERRIAk eginiko elkarrizketan, nabarmendu zuen "independentzia eskuratu arteraino eutsi eta itxarongo" dutela sahararrek.

1998an, berriz, Sabino Arana Fundazioak izen bereko saria eman zion Fronte Polisarioari, eta Abdelazizek jaso zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.