EB Europako Batasunean agintean urte gehien daramatzan politikaria da Viktor Orban. Baina litekeena da Hungariako lehen ministro ultrakontserbadoreak azken egunak izatea kargu horretan. Fideszetik, Orbanen alderditik bertatik ateratakoa da gaur hauteskundeetan izango duen aurkari nagusia: Peter Magyar (Tisza). Inkesta gehienek hamar puntu ingururen aldea ematen diote. Baina Hungariatik harago ere eragina izango dute Hungariako Parlamenturako bozek. Emaitzei adi egongo dira Bruselan, baita Washingtonen eta Moskun ere. EBk Errusiari leporatzen dio Hungariako bozetan eskua sartu izana; Etxe Zuriak eta Kremlinek, berriz, Bruselari egozten diote Orban agintetik kentzeko ahaleginetan aritzea.Â
Orban da EBko gobernuburuen artean Errusiarekin harreman estuena duena, eta, bozak galduz gero, Vladimir Putin Errusiako presidenteak aliatu garrantzitsu bat gal lezake. VSquare Europa erdialdeko agerkariak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Moskuk talde bat bidali du Budapestera Orbani hauteskunde kanpainan laguntzeko asmoz. Gainera, Political Capital Hungariako ikerketa institutuak ziurtatu du «desinformazio kanpaina bat» abian dela Hungarian, eta, «itxura guztien arabera», Errusian duela jatorria. Bestalde, azken egunetan, Hungariako eta Errusiako agintarien arteko telefono dei batzuen filtrazioak argitara atera dituzte, eta horrek are eta gehiago harrotu ditu hautsak, batez ere Bruselan.
Batetik, Bloomberg AEBetako hedabideak kaleratu du Orbanen eta Putinen artean iazko urrian egindako dei baten transkripzioa. Hungariako lehen ministroak «behar duen guztirako bere zerbitzura» dagoela adierazi zion Errusiako presidenteari. Bestetik, Europa erdialdeko hainbat hedabidek argitara atera dituzte Hungariako Atzerri ministro Peter Szijjartoren eta Errusiako bere homologo Sergei Lavroven arteko elkarrizketa batzuk. Horietan, Szijjartok Lavrovi esaten dio EBko barne dokumentuak bidaliko zizkiola.
Horren berri izan ostean, Bruselak azalpenak eskatu dizkio Orbanen gobernuari. Europako Batzordeko bozeramaile Paula Pinhok herenegun adierazi zuenez, filtrazio horiek erakusten dute talde komunitarioko herrialde bat Errusiarekin lankidetzan aritu dela «EBren segurtasunaren eta interesen kaltetan».
Szijjartok sare sozialetan salatu du «atzerriko zerbitzu sekretuen esku sartzea» egon dela filtrazio horien atzean, baina uste du elkarrizketa horiek ezagutzera emateak ez diola kalterik egingo Orbani. Hungariako Atzerri ministroaren arabera, Budapestek Moskurekin duen harremanak erakusten du Orbanen gobernua «bakearen alde» dagoela. Eta gaineratu du Bruselak Ukrainako gatazkaren harira hartutako politikek «gerran sartzeko arriskuan» jarri dutela Europa.

Kiev areriotzat dauka Orbanen gobernuak, eta hori erakutsi du hauteskunde kanpainan. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen eta Magyarren argazkiak erabili ditu Fidesz alderdiak, «arriskutsuak dira», «gelditu ditzagun» eta halako mezuak alboan jarrita. Besteak beste, Orbanek Kievi leporatzen dio Errusiako petrolioa blokeatzea Hungariako Gobernua ahultzeko, eta horretarako EBren laguntza duela ere esana du.
Hungariak Ukrainarekin egiten du muga ipar-ekialdean. Handik iristen da Errusiako petrolioa, Druzhba oliobidetik. Ukrainak urtarrilaren 27an eten zuen Errusiako petrolioaren hornidura, argudiatuta Moskuren erasoek instalazioak hondatu zituztela. Oliobide hori ireki bitartean, Orbanek blokeatuta dauka EBk Ukrainari eman nahi dion 90.000 milioi euroren mailegua. Bestela ere, Hungariak oztopoak jarri izan ditu EBren politika bateratuak onartzeko orduan; bai defentsaren arloan, bai migrazioan, baita energia berriztagarrietarako trantsizioan ere.
Gainera, Putinena soilik ez, Donald Trump AEBetako presidentearen aliatua ere bada Orban. Eta Etxe Zuriak Hungariako lehen ministroari azken bultzada eman nahi izan dio. Hauteskunde kanpainako azken astean JD Vance AEBetako presidenteordea Budapesten izan da, eta salatu du EBko «burokratek» eskua sartu nahi dutela Hungarian, Orban «gustuko ez dutelako». Horregatik, Fideszen alde egiteko eskatu zien hungariarrei. «Hungariaren eta Ameriketako Estatu Batuen arazoa berdina da: Brusela», adierazi zuen Budapesten emandako hitzaldi batean.
Alternatiba, moderatuagoa
Trumpen administrazioaren babesaz gainera, beste lider ultraeskuindar askoren laguntza ere jaso du Orbanek. Azken asteetan Budapesten izan dira, besteak beste, Javier Milei Argentinako presidentea, Marine Le Pen Frantziako Batasun Nazionala alderdiko liderra, eta Santiago Abascal Espainiako Vox alderdiko burua. Baina nazioarteko ultraeskuinaren bultzadak ere ez ditu inkestak aldarazi.
Hungariako Gobernuak egindako galdeketek baino ez dute faborito jotzen Orban. Ikerketa etxe independenteek egindako inkesta guztien arabera, Magyar nagusituko da gaur hauteskundeetan. Gehienek, gainera, aurreikusten dute hamar puntu ingururen aldea aterako diola. Iragan astean Iranytu Institute etxeak egindako inkestaren arabera, esaterako, Tiszak botoen %51 lortuko ditu, eta Fideszek, %40. Azken galdeketetan oinarrituta, Median etxeak aurreikusi du nola geldituko den parlamentuaren osaera bozen ostean. Estimazio horien arabera, 199 eserlekuetatik 138 eta 143 artean lortuko ditu Magyarren alderdiak; eta 49 eta 55 artean, Orbanenak. Porrot handia litzateke hori Fideszentzat; azken agintaldian 135 ordezkari eduki baititu.
Halere, kontuan eduki behar da Orbanek hauteskunde sistema aldatu duela bere agintaldian. Hautesbarrutiak moldatu ditu, eta landa eremuko botoei balio handiagoa eman die; horrek mesede egin izan dio Fideszi.

Kontua da orain arte oposizioa oso zatitua egon dela. Baina 2024ko otsailean Magyarrek Fidesz alderdia utzi zuen, eta kritikatu Orbanen gobernua nola ari zen herrialdea kudeatzen. Tisza alderdiko lidergoa hartu zuen, eta oposizioaren parterik handiena bildu du. 2024ko ekainean, Europako Parlamenturako bozetan, herrialdeko botoen %30 lortu zituen Magyarren alderdiak. Azken hilabeteetan, Magyarrek herrialde guztian zehar eman ditu mitinak, orain arte Fideszen gotorlekuak izan diren eskualdeak bereganatzeko asmoz, eta Orbanek bere mesedetara eraikitako sistema iraultzeko.
Gainera, azken urteetan moteldu egin da herrialdeko hazkunde ekonomikoa. 2022tik EBk murriztu egin ditu Hungariari emandako funtsak, eta langabezia tasa azken hamarkadako handiena da —%4,9—. Horrek guztiak ez dio mesederik egin Orbani.
Lehen ministroak bozetako kanpaina subiranotasun nazionalaren defentsan ardaztu du, eta Kieven eta Bruselaren aurkako diskurtsoak erabili ditu horretarako. Tiszak, berriz, hitzeman du Orbanek eraikitako «alderdi-estatu» sistema deseraikiko duela, eta ustelkeriaren aurkako borroka izan du kanpainako aldarrikapen nagusia. Alderdi kontserbadorea da Magyarrena, eta zenbait kontutan bat egiten du Orbanen politikekin; immigrazioan, kasurako. Halere, Magyar moderatuagoa da Orban baino, eta Bruselaren aldera lerratzeko asmoa agertu du.