Orbanek entzungor egin die EBren mailegua desblokeatzeko eskaerei

Hungariako lehen ministroak Druzhba oliobidea irekitzeko exijitu dio Ukrainari, beste behin: «Petroliorik ez badago, dirurik ere ez». Horixe da EBk Ukrainari eman nahi dion 90.000 milioi euroren maileguari blokeoa kentzeko baldintza.

Viktor Orban Hungariako lehen ministroa, gaur, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Viktor Orban Hungariako lehen ministroa, gaur, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko martxoaren 19a
18:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Barkatu, ez dago beste modurik». Viktor Orban Hungariako lehen ministroak ezarri du baldintza: Druzhba oliobidea ireki ezean, EB Europako Batasunak Ukrainari eman nahi dion 90.000 milioi euroko maileguak blokeatuta jarraituko du. Berez, talde komunitarioaren asmoa da apirilean ematea mailegu horren lehen partea; herrialde kideetako liderrak Bruselan bildu dira gaur, besteak beste, Orbani presio egiteko, baina ez dute lortu hura konbentzitzea.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaurko bileran adierazi du «ahalik eta azkarren» berrezarriko duela Druzhbako hornidura, «guztiz»; bideodei bidez hartu du parte, eta talde komunitarioko iturriek jakinarazi dute konpromiso hori hartu duela.

Bilerara sartu baino lehen, Andrej Plenkovic Kroaziako lehen ministroak zera proposatu du: Hungariak eta Eslovakiak behar duten «petrolio guztia» Janaf oliobidetik ematea, Errusiako petrolioa garraiatzen ez duen arren. Orbanek esan du ezetz, petrolioak Errusiakoa behar duela, eta Druzhbatik ailegatutakoa: «Petroliorik ez badago, dirurik ere ez», esan du kazetarien aurrean.

EBk abenduan onartu zuen 90.000 milioi euroren mailegu hori, kontzetsioak eginda izan bazen ere: Hungariak, Eslovakiak eta Txekiak bozketa ez zapuztearen truke, gainontzeko 24 herrialde kideek hartu zuten mailegua finantzatzeko betebeharra. Horixe bera aurpegiratu dio Orbani Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak, bilerara joan baino lehen: abenduan «ahobatezko erabakia» hartu zutela, eta EBren printzipioak «leialtasuna eta fidagarritasuna» direla; horiek errespetatzeko eskatu dio.

Ukrainak urtarrilaren 27an eten zuen Druzhba oliobideko hornidura, argudiatuta Moskuren erasoek instalazioa jo zutela herrialdearen mendebaldean. Orduz geroztik, Errusiako petroliorik ez da iristen Hungariara, Eslovakiara, Kroaziara eta Txekiar Errepublikara. Hungariak Errusiatik jasotzen zuen inportatuako petrolioaren %90, eta %82, hain zuzen, Druzhbatik. Horrexegatik erabaki zuen EBren mailegua blokeatzea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!