Lehen seihilekoan asilo eskaerak %28 igo dira EBn, Norvegian eta Suitzan

Denera 519.000 asilo eskaera baino gehiago jaso dituzte Europako herrialde horiek, eta Siriatik eta Afganistandik bidali dituzte gehienak.

Errefuxiatuen aldeko manifestazio bat, ekainean, Berlin (Alemania) ondoko herri batean. FILIP SINGER / EFE
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 5a
16:56
Entzun

Berriz gertatzeko joera izan ohi du historiak. Batzuetan, hamarkada baten ondoren itzultzen da abiapuntura, eta, urte gutxira, besteetan. EUAA Europako Batasuneko Asilo Agentziak gaur argitaratutako txosten baten arabera, urtarriletik hona milioi erdi asilo eskaera baino gehiago erregistratu dituzte EB Europako Batasuneko herrialdeetan, Norvegian eta Suitzan —Schengen eremuan daude bi horiek—. 2016tik erregistratutako eskaera kopururik handiena da aurtengoa, 2015 eta 2016 bitarteko iheslarien krisia izan zenetik erregistratutako handiena, hain justu.

Zehazki, Europako herrialde horiek 519.000 asilo eskaera baino gehiago jaso dituzte lehen seihilekoan, iaz epe berean baino %28 gehiago. Datu horri erreparatuta, txostenaren egileek aurreikusten dute asilo eskaerek milioiaren langa gaindituko dutela urte amaierarako. Aurreikuspen hori beteko balitz, iaz baino asilo eskaera gehiago erregistratuko lirateke aurten. Eta iazko datua ez da txikia: ia milioi bat eskaera jaso zituzten, 2021ean baino %53 gehiago.

Baina nork bidaltzen ditu eskaera horiek? Eta nork jasotzen ditu? Bada, txostenaren arabera, aurten ere Alemania da asilo eskaera gehien jasotzen ari den herrialdea, hots, erregistratutako eskaera guztien %30. Zerrenda horretan, Espainia da bigarren (%17), eta Frantzia hirugarren (%16). Eskaeren beste aldean, berriz, Siriako, Afganistango, Venezuelako, Turkiako eta Kolonbiako milaka lagun daude. Bost herrialde horietan jaiotakoak dira asilo eskatzaileen ia erdiak, %44. Halaber, Irandik eta Errusiatik jasotako asilo eskaerak bikoiztu egin dira iaztik.

Orain arte, Europako herrialdeek 2016an jaso zituzten inoizko asilo eskaera gehien. Siriatik jaso zituzten horietatik guztietatik erdia inguru, urte hartan han hasitako gerra zibilaren ondorioz. Halere, zazpi urte ondoren, zerrendaren lehen postuan dago oraindik ere Siria: handik bidalitako 67.000 asilo eskaera erregistratu dira aurten, iaz epe berean baino %47 gehiago. Siriaren atzetik, Afganistandik bidali dituzte asilo eskaera gehien, 55.000 inguru. Igoera horren atzean ezkutatzen dira, besteak beste, COVID-19aren pandemia eta 2021ean talibanek agintea hartu izana.

Denentzat tokirik ez

Dena den, kontu bat da Europako herrialdeetan asiloa eta babesa eskatzea, eta, beste bat, Europako herrialdeek eskaera hori onartzea. Aurten jasotako eskaera guztien %41 bakarrik onartu dituzte oraingoz. Eta, txostenaren arabera, eskaeraren jatorriak pisu handia izan dezake baietzaren eta ezetzaren arteko balantzan. Adibidez, Turkiatik asiloa eskatzen dutenek dituzte nazioarteko babesa jasotzeko «aukera gutxien».

Bestalde, aintzat hartzekoa da asilo eskatzaileen zerrendan agertzen ez diren milioika iheslariri babesa ematen ari zaiela EB: Ukrainako iheslariei, hain justu. Denera, uste da lau milioi iheslari inguru bizi direla egun Europako herrialderen batean, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerratik ihesi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.