Lluis Puig Kataluniako Generalitateko kontseilari ohia Kataluniara itzuli da

Bederatzi urte igaro ditu erbestean, Bruselan. Azaldu duenez, gaur Terrassan izango da, eta bihar Kataluniako Parlamentura joateko asmoa du.

Lluis Puig Generalitateko kontseilari ohia, gaur, Terrassan egin dioten ongietorrian. QUIQUE GARCIA / EFE
Lluis Puig Generalitateko kontseilari ohia, gaur, Terrassan egin dioten ongietorrian. QUIQUE GARCIA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urriaren 21a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzia dela eta, erbestera egin zuen ihes Lluis Puig Kataluniako Generalitateko kontseilari ohiak, Espainiako Poliziak atxilotu ez zezan. Bederatzi urte etxetik kanpo igaro ostean —Bruselan lehendabizi eta Perpinyan gero (Ipar Katalunia)—, kontseilari ohia etxera itzuli da. Hala jakinarazi du, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez. Terrassara itzuli da, jaioterrira, baina bihar Kataluniako Parlamentuan izango dela jakinarazi du: «Emozionatu egiten nau demokratikoki irabazi nuen eserlekuan eseri eta urte gehiegiz hantxe egon den zinta horia kentzeak», esan du TV3 Kataluniako telebista kateak gaur goizean kaleratu duen elkarrizketa batean. Carles Puigdemonten Gobernuko kontseilarien artean erbestetik itzuli den aurrenekoa da.

Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak urriaren 6an ebatzi zuen amnistia aplika dakiekeela Puigdemonti, Puigi eta Antoni Comini, eta erabaki hori balioztatu egin zuen astelehenean. Horren ostean erabaki du Puigek etxera itzultzea. Hala ere, Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohia eta Dolors Bassa, Raul Romeva eta Jordi Turull kontseilari ohiak ez bezala, oraindik ez dituzte amnistiatu Puigdemont, Puig eta Comin.

«Iritsi da garaia», adierazi du Puigek X sare sozialean. Terrassan egin duten Cants de Llibertat izeneko ekitaldian izan da —2017ko azaroaz geroztik gauero egin izan duten ekitaldi bat da, abestien bidez preso politikoak eta erbesteratuak oroitzeko—, eta han egin diote ongietorria. «Tinko eutsiko diogu, eta herri katalanaren askatasuna nahi dugu oraindik ere», esan du Terrassan. Aurrez, zera azaldu dio TV3 kateari, Cants de Llibertat ekitaldiaren harira: «Nik bederatzi urte daramatzat erbestean, eta haiek bederatzi urte kantuan. Pertsona asko ezagunak ditut aspalditik. Horregatik, uste dut hori dela bisitatu behar dudan aurreneko tokia. Omenaldia egin behar diet».

Hala ere, elkarrizketa horretan azaldu duenez, etxera joango da lehendabizi. «Etxera iristeko unea une lasaia izatea nahi dut. Patxadaz, kamerarik gabe eta lagunartean».

Bestalde, Cominek gaur jakinarazi du bihar itzuliko dela Kataluniara. Baina lehendabizi Madrildik igaroko dela iragarri du: Espainiako Hauteskunde Batzordera joango da, Europako Parlamentuko diputatuaren akta jasotzera. Puigdemontek, ordea, oraindik ez du iragarri noiz itzuliko den erbestetik.

Hirurak 2017ko urri amaieran joan ziren Belgikara ihesi, U-1eko independentzia erreferenduma egin eta gutxira, urriaren 27an Kataluniako independentzia aldarrikapena egin eta segidan, hain zuzen. Izan ere, Espainiako Gobernuak buruzagi independentisten kontrako errepresioa areagotu zuen orduan. «Burua altxatuta nuela joan nintzen parlamentutik urriaren 27an, pozik eta egindako lanaz harro. Burua altxatuta eta harro itzuli nahi dut», esan zuen elkarrizketan. Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta ganberako beste arduradunek harrera egingo diote bihar, 15:00etan.

«Denon garaipena»

Gaiarekin lotuta, kontrol saioa egin dute gaur Kataluniako Parlamentuan, eta Salvador Illa Kataluniako Generalitateko gaur egungo presidenteak adierazi du behin buruzagi independentistak amnistiatuta Kataluniak «etapa bat itxiko»  duela, eta «beste etapa bat abiatu». JxC Junts Per Catalunyak parlamentuan daukan taldeko presidente Monica Salesek esan du Illak «egun batetik bestera» aldatu zuela iritzia amnistiaren legearen gainean, eta galdetu dio ea erabaki hori Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen «agindua» izan ote zen. Illak, ordea, erantzun dio auzi horretako liderrak amnistiatzea «denon garaipena» dela, «batez ere bizikidetzarena», gaineratu du: «Bestelako etorkizuna abiatu du Kataluniak».

ERC Esquerra Republicanak parlamentuan daukan taldeko presidente Josep Maria Jovek ere Illari leporatu dio hasieran ez zuela «amnistian sinesten», eta «apaltasuna» eskatu dio. Hala ere, onartu du gerora «itzulingururik gabe» aritu dela legearen defentsan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA