Londresen zentralismoa alboratu nahi duen liderra

Orain arte Manchester Handiko alkate izan da Andy Burnham, eta ospe handia lortu du Westminsterren politika zentralistak kritikatuta. 14 urte zituenetik da militante laborista; alderdiaren buruzagitzara iritsi da orain.

Burham, laboristen buru izendatu ostean hitzaldi bat ematen, gaur, Londresen. HENRY NICHOLLS / EFE
Burham, laboristen buru izendatu ostean hitzaldi bat ematen, gaur, Londresen. HENRY NICHOLLS / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko uztailaren 17a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaztetatik izan du politikari sena Andy Burnhamek (Liverpool, Ingalaterra, 1970). Nerabea zela, ikastetxean egindako ariketa batean, hautagai laborista gisa aurkeztu zuen bere burua. Ingeleseko irakasle izan zuenak oroitzen duen moduan, Burnhamek gehiengo zabalez irabazi zituen ikasgelan egindako hauteskunde horiek. Orain, ordutik berrogei urte baino gehiago igaro diren honetan, Alderdi Laboristako buruzagitza hartu du, eta Erresuma Batuko lehen ministro izendatuko dute. Londresen politika zentralistak kritikatu izan ditu, eta hori aldatzeko asmoa agertu.

Baliteke laborismoaren azken esperantza izatea. Maiatzeko udal hauteskundeetan zaplaztekoa hartu ostean, alderdiak galdu egin zuen Keir Starmer lehen ministroarengan zuen konfiantza apurra, eta bidea ireki dio beste lider bati. Burnham Manchester Handiko alkate izan da 2017tik orain arte. Eskualde horretan hartutako neurriek indarra eman diote alderdiaren barruan. Besteak beste, autobus zerbitzu publikoa sustatu zuen han; Londresetik kanpo, Ingalaterran zerbitzu hori berriz ere publiko egin duen lehen gunea izan da Manchester. Gainera, garraio publikoko sare osoaren integrazioa bultzatu zuen.

Sozialistatzat dauka bere burua Burnhamek, eta Alderdi Laboristaren barruko «ezker moderatuaren» parte da. Liverpool kanpoaldeko barruti batean jaio zen, eta Manchester eta Liverpool hirien artean hazi, Erresuma Batuko langile mugimenduaren sorlekuan. Alderdi Laboristaren jarraitzaileak zituen gurasoak, eta 14 urterekin egin zen militante.

Ingeles Ikasketak egin zituen Cambridgeko Unibertsitatean, eta, politika arloan hainbat lan egin ostean, 2001ean iritsi zen Westminsterrera. Tony Blairren agintaldian (1997-2007) Barne ministrordea izan zen (2005-2006); eta, Gordon Brown lehen ministro zela (2007-2010), Ogasun, Kultura eta Osasun ministro aritu zen.

Oraingoan alderdikideen babesa eduki badu ere, Burnham beste bitan saiatua zen laboristen buruzagitzara iristen, eta bietan huts egin zuen. 2010ean, Alderdi Laboristak galdu egin zituen hauteskunde orokorrak, eta David Cameron kontserbadorea izendatu zuten lehen ministro (2010-2016). Orduan, Burnham alderdiaren primarioetara aurkeztu zen, baina laugarren amaitu zuen bost hautagairen artean —Ed Miliband nagusitu zen—. Hurrengo bost urteetan bere hautagaitza sendotzen saiatu zen, baina 2015eko primarioetan bigarren amaitu zuen, Jeremy Corbynen atzetik.

2017an Manchester Handiko alkatetzara aurkeztu zen —lehen aldiz egin ziren hauteskunde horiek—, eta botoen %60 baino gehiago lortuta nagusitu. Are eta babes zabalagoa lortu zuen 2021ean, eta 2024an ere irabazi zituen bozak.

'Iparraldeko erregea'

Brexit-aren ondoren, Starmerrek EB Europako Batasunera hurbiltzeko hartutako bidean segituko du Burnhamek, baina, herritarren babesa berreskuratzeko, aldaketak egin beharko ditu beste zenbait arlotan. Promes egin du deszentralizazioa izango duela ardatz, eta tokiko erakundeei eskumen gehiago emango dizkiela.

Manchesterko alkate zela, COVID-19aren pandemiaren garaian, kritika egin zion Londresi, Ingalaterra iparraldeko eskualdeak «mespretxuz» tratatzea egotzita. Salaketa horiek eginda, babes zabala lortu zuen, eta Iparraldeko erregea goitizena jarri zioten. Erresuma Batuko gobernua kontserbadoreen esku zegoen garai hartan, eta Burnham tokiko politikak egiten aritu zen, baina Londresera iristeko helburua erabat alboratu gabe. Ingalaterra iparraldekoa izateaz harro dago, eta bere burua ipartar gisa hartzen duen aurreneko lehen ministroa izango da Harold Wilsonen agintaldiez geroztik (1964-1970 eta 1974-1976).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA