Inkesta ia denak aurka bazituen ere, Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidente da berriro ere. Horixe da Pedro Sanchez Espainiako gobernuko presidenteak nahi duena. Gaur Lularen bisita jaso du Madrilen. Brasilgo presidenteak babesa adierazi dio Sanchezi, eta ultraeskuina geldiaraztea posible egiteko moduak aztertu dituzte.
Mitin bat egiteko asmoa zuten, baina Lula afoniko dagoela-eta, bertan behera utzi behar izan dute. Halere, bi agintariak Moncloan bilduta egon ostean, Madrilgo erdigunera joan dira, eta Rastro gunean bideo bat grabatu dute, PSOE Espainiako Alderdi Sozialistaren kanpainari bultzada emateko asmoz.
Espainiako Gobernuko presidentearen egoitzak zabaldutako ohar baten arabera, nazioarteko zuzenbidearen eta NBE Nazio Batuen Erakundearen garrantziaz mintzatu dira bi presidenteak, baita «erakunde demokratikoak» defendatzeko beharraz ere; are eta gehiago «ultraeskuinaren mehatxuaren aurrean». Bi herrialdeen artean elkarlanean jarraitzeko asmoa dutela ere berretsi dute.
Urrian, Brasilgo presidentetzarako bozen lehen itzulian, Flavio Bolsonaro hautagai ultraeskuindarra nagusitu zen. Bigarren itzulian, ostera, Lulak buelta eman zien emaitzei, eta garaipena lortu zuen botoen %51,79 bereganatuta. Brasilgo historian lehen aldiz gertatu da hori.
Espainiako presidentea ere antzeko egoeran dago. Zundaketa gehienen arabera, PP Alderdi Popularrak eta Vox eskuin muturrekoak nahikoa babes lortuko dute bien artean Diputatuen Kongresuan gehiengoa edukitzeko. Horren aurrean, Sanchezek Lulak eginiko bidea ibili nahiko luke. Kontua da Espainiako hauteskunde sistemarekin zailagoa dela emaitzak iraultzea. Sistema presidentzialista batean, bigarren itzulia eginez gero, bi hautagaien artean erabaki behar dute hautesleek. Espainian, berriz, sistema konplexuagoa da, eta boto emaileek bi alderdi baino gehiago dituzte aukeran.