Lulak irabazi egin dio Bolsonarori, eta berriz ere izango da Brasilgo presidente

PT Langileen Alderdikoak botoen %51,79 lortu ditu, eta PL Alderdi Liberalekoak, berriz, %48,21. «Negazionismoak eta gezurrak» porrot egin dutela esan du Lulak; presidente izango da laugarrenez. Emaitzak «baliogabetzeko» eskatu du Bolsonarok.

Luiz Inacio da Silva 'Lula' Brasilgo presidentea eta Geraldo Alckmin presidenteordea garaipena ospatzen, bart, Sao Paulon. ISAAC FONTANA / EFE
Luiz Inacio da Silva 'Lula' Brasilgo presidentea eta Geraldo Alckmin presidenteordea garaipena ospatzen, bart, Sao Paulon. ISAAC FONTANA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urriaren 26a
06:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bada, Brasilgo hauteskunde orokorretako bigarren itzulian, balantzak dinbili-danbala egin du: urriaren 4an, lehen itzulian, Flavio Bolsonaro eskuin muturreko hautagaiak Luiz Inacio da Silva Lula-ri aurrea hartuagatik ere, ezkerreko presidentegaiak behar adina babes pilatu du, balantzak ezkerrerantz egin eta hauteskundeak irabazteraino; presidente izango da beste lau urtez, eta laugarren aldiz izango da gobernuburu —2003tik 2011ra bi agintaldi egin zituen jarraian, eta 2023an berriz ere hartu zuen kargua—. Lulak botoen %51,79 eskuratu ditu, eta Bolsonarok, berriz, %48,21; hots, boto guztiak zenbatuta, 64,2 milioi pasatxo eskuratu ditu PT Langileen Alderdiko presidentegai aurrerakoiak, eta 59,8 milioi PL Alderdi Liberaleko hautagai ultraeskuindarrak.

«Negazionismoak eta gezurrak porrot egin dute», esan du Lulak, Sao Paulon bart egin duen agerraldian. Kanpainan zehar esana zuen Latinoamerikako potentzia handiena ez zitzaiola inori makurtuko, eta hori berretsi du, hauteskundeetan «kanpoko esku sartzeei» ere aurre egin behar izan dietela iritzita: «Garaipenak erakutsi du ez garela inoren atzeko patioa».

Zundaketetan berdindu samar ageri ziren bi hautagaiak, baina azkenerako aldea atera dio Lulak, ia lau milioi eta erdi botoren aldea —lehen itzulian baino hamar milioi boto gehiago lortu ditu ezkerreko hautagaiak; eskuin muturrekoak, berriz, 3,7 milioi gehiago—. Emaitza horiek ikusita, hauteskundeak «baliogabetzeko» eskatu du Bolsonarok, Brasilian bart egin duen agerraldi batean: «Ezinezkoa da emaitza horiek aitortzea. Jukutria izan dira hauteskundeak!».

Lula bada dagoeneko demokrazia berrezarri zutenez geroztik presidente karguan urte gehien egin dituen gobernuburua, eta, besterik ezean, beste lau urtez handituko du marka hori. «Brasilgo herria eskuzabala izan da hainbeste denboraz, eskertu egin nahi diot hori; eta eskerrak eman nahi dizkiot gazteriari, demokrazia babesteko kalera atera baita, eta helduei ere bai, bozkatzera atera baitira. Demokraziari esker gertatu da hau», erantsi du Latinoamerikan biztanle gehien dituen herrialdeko presidenteak —214 milioi herritar baino gehiago ditu Brasilek—.

81

Lulak zenbat urterekin hartuko duen presidente kargua. Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidente kargua hartu duen hautagairik zaharrena da; duela lau urteko hauteskunde orokorren ondoren, 77 urterekin ekin zion agintaldiari. Bada, orain, berriz ere hautsiko du marka hori: bihar 81 urte beteko ditu, eta urtarrilaren 5ean hasiko du laugarren agintaldia. Michel Temerrek 75 urterekin hartu zuen presidente kargua 2016an, eta Getulio Vargasek 68rekin, 1951n. Brasilgo Konstituzioaren arabera, gutxienez 35 urte behar dira presidentegai izateko, eta ez dago gehieneko mugarik.

Diktadura militarraren ostean (1964-1985) Brasilen demokrazia berrezarri zutenez geroztik estreinako aldiz, lehen itzulian galdu duen presidentegai batek irabazi egin du bigarren itzulian. Izan ere, Bolsonarok bi milioi boto pasaren aldea atera zion Lulari, baina bigarren itzulian, atzean geratu da. Aise irabazi du Lulak, batik bat duela lau urteko emaitzekin konparatuz gero, PTkoak bi milioi boto pasatxoren aldea atera zion Flavio Bolsonaroren aitari, Jair Bolsonaro presidente ohiari (2019-2023) —27 urteko espetxe zigorra betetzen ari da orain, etxeko atxiloaldian; Brasilgo Auzitegi Gorenak erruduntzat jo zuen iaz, 2023ko urtarrilean, Lulak hirugarren agintaldia hasi berritan, presidentearen kontrako estatu kolpea ematen saiatzeagatik—.

Flavio Bolsonaro, bart, Brasilian. ANDRE BORGES / EFE
Flavio Bolsonaro, bart, Brasilian. ANDRE BORGES / EFE

Hauteslekuak arratsaldeko bostetan ixtekoak ziren, baina Auzitegi Goreneko epaile Cristiano Zaninek bi ordu luzatzea erabaki zuen botoa emateko epea, PTk hala eskatu baitzion Hauteskunde Auzitegi Gorenari, garraio publikoan izandako «intzidentzien» harira —salatu zuen eskuinak gobernatzen duen hainbat hiritan ez zituztela jarri nahikoa autobus, eta horrek eragina izan zuela boto emaile pobreengan, zeinak ezkerreko joera handiagoa duten—. «Ez dugu lapurretarik onartuko, ezta eskrupulurik gabeko alkaterik ere», esan zuen Lulak. Botoak zenbatzen hasiak ziren epea luzatzerako, baina une batez gerarazi zuten zenbaketa hori, hauteslekuak zazpietan berriz ere itxi arte.

«Gertatu dena sinestezina da, ez da normala, inoiz ez da gertatu tankerakorik Brasilgo historian», esan zuen Bolsonarok, eta «Lularen abokatuaren» erabaki horren kontra egin zuen, nahiz eta Bolsonaroren alderdiak ere eskatu zuen botoa emateko epea luzatzea —Zanin epailea gaur egungo presidentearen abokatu izan zen Lava Jato auzian; ustelkeriagatik eta diru zuriketagatik zigortu zuten Lula 2017an, eta hemeretzi hilabete egin zituen espetxean, harik eta Gorenak zigorra baliogabetu zuen arte, ebatzita epaiketa bidezkoa ez zela izan—.

Ia 159 milioi herritarrek zuten bozkatzeko aukera, eta, botoa ematea berez derrigorrezkoa izanagatik ere, bostetik lau pasatxok eman dute botoa; hori bai, parte hartzea %80,8 izan da, azken hogei urtean handiena —lehenbiziko itzulian %78,9 izan zen, atzo baino bi puntu gutxiago—.

Amerika, Brasili begira

Eskuinaren eta are eskuin muturraren garaipen bolada eten du Lulak, urte eta erdi pasatxoan Latinoamerikan egin diren hauteskunde guztietan irabazi baitute eskuineko edo eskuin muturreko hautagaiek: Ekuadorren, Bolivian, Txilen, Hondurasen, Costa Rican, Perun eta Kolonbian. Lehen itzuliaren ostean, Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak esana zuen bigarren itzuliko emaitzei itxarongo ziela ezer esan baino lehen, eta ikusita aurrerantzean ere ezkerreko gobernuak aginduko duela Latinoamerikako ekonomia handienean, ospatu egin du Lularen garaipena: «Biba demokrazia, Brasilgo herriak irabazi du! Zorionak, Lula presidentea!», idatzi du sare sozialetan.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak «historikotzat» jo du bigarren itzulia, eta zorionak eman dizkio Lulari, sare sozialetan idatzitako mezu batean: «Brasilgo herriak zure gidaritzapean bakerantz, subiranotasunerantz eta justizia sozialerantz abiatu duen bidea bermatuko du». 

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak kolokan jarri du hauteskundeen zilegitasuna, eta Joe Biden demokrataren kontra 2020an galdu zituen hauteskundeei erreferentzia eginda, adierazi du haren «gidaliburua» aplikatu dutela Brasilen ere: «Bolsonarok alde handia atera zuen lehenbiziko itzulian, eta faboritoa zen bigarrena irabazteko. Baina, behin eskuratu eta gero, komunistek ez dute boterea askatzen».

Mark Carney Kanadako lehen ministroa ere Lulari mintzatu zaio: «Kanadaren eta Brasilen arteko harremanak aurrerantz egin dute gure arteko elkarlanari esker. Aprobetxatu dezagun aukera hau are gehiago indartzeko», idatzi du sare sozialetan.

Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du «demokraziak eta multilateralismoak» irabazi egin dutela Brasilen: «Zeuen ondoan egongo gara datozten urteetan. Merkataritza libre eta irekiaren alde jardungo dugu zeuekin aurrerantzean ere. Arauetan oinarritutako mundu ordena bat. Eta anbizio klimatiko sendoak», idatzi du sare sozialetan

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA