5 Izar Mugimenduak (M5S) eta Alderdi Demokratikoak (PD) Italiako presidente Sergio Mattarellari jakinarazi diote gobernu akordioa egin dutela eta, hortaz, koalizioan gobernatzeko asmoa dutela, Giuseppe Conte jarduneko lehen ministroa buru dutela. Mattarella biharko 09:30ean batzartuko da Conterekin, gobernua osatzeko ardura emateko.
PD eta M5S negoziatzen aritu dira egunotan, eta gobernatzeko aurreakordio bat lortu dute azken unean, Nicola Zingaretti PDko idazkari nagusiak Mattarellari jakinarazi dionez: "Uste dugu esperientzia honek merezi duela. Presidenteari azaldu diogu M5Sren proposamena onartu dugula lehen ministroaren kargurako. Haren izena alderdiak eman du egunotan".
Gerora, Luigi Di Maio M5Sren buruzagiak baieztatu du adosturikoa: "Akordio politiko bat dugu Alderdi Demokratikoarekin, epe luzera begirako gobernu bat egiteko, eta Conteri hori osatzeko agindua emateko". Eta jakinarazi du Matteo Salvini Lega ultraeskuindarraren buruzagiak beste koalizio bat egitea eskaini ziola: "Lehen ministro kargua eman nahi izan dit. Legaren eskaintzari uko egin diot; ez, ordea, hamalau hilabeteotan egindako lanari".
Hilaren 9an, Salvinik zentsura mozioa aurkeztu zuen Conteren aurka, eta hark dimisioa eman zuen duela astebete. Ordura arte, Lega koalizioan ari zen gobernatzen MS5rekin, baina, inkestek aurreikusten dizkioten emaitza onak aintzat hartuta, Salvinik koalizioa hausteaerabaki zuen, bozetara joateko; mugimendu politiko hori ez zaio nahi bezala atera, ordea, M5S eta PD ados jarri baitira gobernatzeko.
Haserre agertu da Legaren buruzagia: "Legari dioten gorrotoa da batzen dituen bakarra. Ez dira gobernatzen hasi, eta borrokan ari dira dagoeneko. Espero dut gobernu hori ez sortzea. Hobe berehala bozkatzera joatea".
Italiako presidenteak gehiengo bat dagoela ikusten badu, Conteri emango dio gobernua osatzeko ardura; bi alderdien arteko negoziazioetan jarraitze aldera, denbora gehiago ere eman lezake, eta 5 Izar Mugimenduak epe hori balia lezake koalizio gobernuaz galdetzeko oinarriei. M5Sk 217 diputatu ditu Diputatuen Ganberan, eta PDk, berriz, 112 —630 dira guztira—.
Gobernu berri horretako karguak izan dira bi alderdien arteko eztabaidagai nagusia. Conte lehen ministro karguan mantenduta, PDk nahi du haren politikari bat izatea lehen ministrorde, baina M5S horren aurka agertu da, Di Maiok postu horretan jarraitzea nahi baitu.