Konponbiderik ez dago oraindik Frantziako krisi politikoan, eta, soka askatu beharrean, are gehiago katramilatu da azken orduotan. Kargua hartu zuenetik hilabete pasatu aurretik, Sebastien Lecornu lehen ministroak dimisioa eman du gaur goizean. Eliseoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari aurkeztu dio dimisioa, eta estatuburuak onartu egin du. Hainbat ordu geroago, baina, atzera egin du Macronek, eta Lecornuri eskatu dio beste ahalegin bat egin dezala Asanblea Nazionaleko alderdiekin negoziatzeko eta «ekintzarako plataforma egonkor bat» eratzeko; Lecornuk onartu egin du exijentzia, eta esan du asteazken gauean jakinaraziko duela beste gobernu bat osatzea posible den edo ez.Â
Gobernu berria aurkeztu eta 24 ordu igaro baino lehen heldu da Lecornuren dimisioa, ezustean. Horren zergatiak eman ditu gaur, Matignonen egindako agerraldi labur batean. Dimititu berri duen lehen ministroak adierazi du jada ez zegoela baldintzarik lehen ministro gisa zituen eginbeharrak bete ahal izateko. Gainerako alderdien «jarrera alderdikoia» gaitzetsi du, eta esan du «Asanblea Nazionalean gehiengo osoa izango balute moduan» jokatu dutela.
«Beti jarri behar da herrialdea alderdiaren gainetik», gaineratu du. Adierazi du alderdien artean elkarbizitza printzipioa «marra berdeak konbinatu eta marra gorriak kontuan hartzea» dela, eta ezinezkoa izan dela, «alderdi politiko bakoitzak beste alderdi politikoek bere programa osoa onartzea» nahi duelako. «Ezin gara mutur batean edo bestean egon», leporatu die alderdiei.
«Alderdien arteko elkarbizitza printzipioa da marra berdeak konbinatu eta marra gorriak kontuan hartzea; ezin gara mutur batean edo bestean egon»
SEBASTIEN LECORNU Frantziako lehen ministro ohia
Lecornuk ziurtatu du azken hiru asteetan «bide bat zabaltzen» saiatu dela aurretik blokeatuta zeuden gaietan, hala nola langabezia aseguruan eta Gizarte Segurantzan. «Azken hiru asteetan negoziazioak martxan izan dira parlamentarioekin ere», esan du, eta batzuetan «akordiotik gertu» geratu arren ez direla ados jarri. Alderdiekin egindako negoziazioei dagokienez, Lecornuren helburua 2026rako aurrekontu plana onartzea zen.
Beraz, Lecornuk dimisioa emango balu, ez legoke argi Macronek zer egingo lukeen, kontuan hartuta gutxiengoa duela Asanblea Nazionalean. Bi aukera lituzke. Batetik, beste norbait izendatzea lehen ministro; iazko uztailean legebiltzarrerako bozak egin zituztenetik izendatutako laugarrena litzateke. Bestetik, Asanblea Nazionala desegitea eta bozetara deitzea. Hain zuzen, Lecornu bihar zen han politika orokorreko diskurtsoan mintzatzekoa. Matignonek atzo 21:00etan bidali zuen Lecornuren gaurko agenda hedabideetara, eta hor jasota zegoen gaur 11:30ean gobernu berriaren aurkezpen zeremonia egitekoa zela, eta 16:00etan ministroen kontseiluan parte hartzekoa.Â
Ikusi gehiago
Gobernu berriari dagokionez, hemezortzi ministroetatik bost baino ez ziren berriak. Horrek kritikak piztu zituen oposizioaren partetik, baita gobernuaren partetik ere. Bada, Bruno Retailleau LR Errepublikanoak alderdi kontserbadorearen burua izendatu zuen Lecornuk Barne ministro gisa berriro, eta hark haserrea adierazi zuen berehala, presentzia handiagoa espero zuelako. «Gobernuak haustura hitzeman zuen, eta ez da hausturarik egon», esplikatu du TF1 katean eginiko elkarrizketan.
François Bayrouk konfiantza mozio bat galdu ondoren heldu zen Lecornu macronista kargura. 39 urte ditu Lecornuk, eta, orain arte, Macronen gobernu guztietan egon den bakarra izan da. Trantsizio Ekologikoko estatu idazkaria izan zen (2017-2018), lurraldeetako kolektibitateez arduratzen zen ministroa ere bai (2018-2020); itsasoz haraindiko burua ere izan zen (2020-2022), eta, lehen ministro izendatu baino lehen, Defentsa ministro izan zen (2022-2025).
Bozetarako deiak
Lehen ministroaren dimisioaren ondoren, erreakzioak segituan heldu dira. LFI Frantzia Intsumisoa indarrak Macronen dimisioa eskatu du. Hala exijitu dute alderdi horren lider Jean-Luc Melenchonek eta Mathilde Panot parlamentariak, sare sozialetan; bigarrenak nabarmendu du azkeneko urtean hiru lehen ministrok egin dutela «porrot».
Jordan Bardella RN Batasun Nazionala alderdiko presidenteak bozetara deitzeko eskatu dio herrialdeko presidenteari. Eskuin muturreko indarraren buruzagiak BFM-TV telebista katean egin dioten elkarrizketa batean esan duenez, ezin da «egonkortasuna berrezarri» hauteskundeetara deitu ezean.Â
Eta ez dago egonkortasunik macronismoak eta haren aliatuek —zentrokoek eta kontserbadoreek— ez dutelako gehiengorik behe ganberan. Azken legegintzaldian Macronek izendatutako hiru lehen ministroetatik bi erorarazi ditu Asanblea Nazionalak: Michel Barnier LR Errepublikanoak alderdikoa iazko abenduan eta Bayrou Modem-ekoa irailean. Eta jarraitu izan balu, ez dirudi Lecornuk gobernua egonkortzeko aukerarik edukiko zuenik. Izan ere, 2026rako planteatzen ari zen aurrekontu proposamenak ez zuen asebetetzen ez ezkerra —LFI, PS Alderdi Sozialista, PCF Frantziako Alderdi Komunista eta Berdeak—, ezta eskuin muturra ere; eta bi horiek asanblearen erdia baino gehiago ordezkatzen dute.