Azken urteetan, lurraldeetako ezker subiranistak, protestak alde batera utzi, eta Espainiako Estatuko agenda soziala eta gobernabidea zehazten hasiak dira. Periferiako ezkerrez hitz egin izan da, baina etiketa politiko horrek kutsu zentralista dauka, Oskar Matutek argi adierazi zuenez Madrilen ardaztuak ez dauden ezkerreko indarren garrantzia azpimarratzean: «Ez gara ezeren periferia. Ez dugu gure nortasuna urardotuko, ezta geureak ez diren esparruak geureganatuko ere».
Hauteskunde aurreko eztabaida Gabriel Rufianen proposamenean oinarritu da batez ere: estatuari zor ez zaizkion indarrak batzen ahalegindu da, hala Espainiako ezker tradizionalaren zentralismoari nola eskuinari eta eskuin muturrari kontrapisu egite aldera.
Izandako bilakaerari eta garatutako proiektuei esker, orain indar horiek ari dira gobernuaren martxa politikoa zehazten, eta kutsu soziala eman diote legegintzaldiari. Orain arte garrantzi handirik edo parlamentuan ordezkaritzarik izan ez duten indar batzuk sendotu egin dira, eta gobernabidea baldintzatzeko gai bihurtu. Ismael Peña-Lopez Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakaslea da Zuzenbidean eta Politika Zientzietan, eta honela azaldu du: «Indar horiek krisiari aurre egiteko eraldaketaren benetako motor gisa ageri dira; izan ere, programa jakin bat dute, eta errotuta daude, estatuko ezkerreko indarrak ez bezala. Badakite politika egiten oinarritik abiatuta, udalgintza eta eguneroko politika oinarri hartuta; Euskal Herrian, EH Bilduren kasua da paradigmatikoena. Gertutasun horrek modua ematen die benetako arazoak (etxea, zerbitzu publikoak…) bertatik bertara diagnostikatzeko, eta gero estatuko politikara hedatzeko. Horrela aurre egiten diote eskuinari».
Bai historikoki politikan pisua izan duten zenbait indarrek —hala nola ERCk, EH Bilduk eta BNGk— eta bai urteen poderioz osatuz joan diren proiektuek —Compromis, Mes, Aurrera Andaluzia eta CHA alderdiek, esaterako— ondo baino hobeto asmatu dute kontakizunetan oinarritutako politika eta Madrilen egosten diren dinamika mediatikoak alde batera uzten.
Aniztasuna eta helburu komunak
Askotarikoak izatea da bloke hori osatzen duten erakunde politikoen bereizgarri nagusia, baina badute lotura bat elkarren artean, hari gorri bat gizarte alorreko proposamenetan bat eginarazten diena. Agenda soziala eta lurraldeari dagozkion aldarrikapenak uztartu dituzte, hala nola zerga subiranotasuna, plurinazionalitatea, hizkuntza eskubideak eta memoria historikoa.
«Valentzian, Balearretan, Aragoin eta Andaluzian, lurralde nortasun arina edo identitate aurrerakoia baliagarritasunarekin elkartzean datza arrakasta»Â
XAVIER GODASÂ Soziologoa
Xavier Godas soziologoaren iritziz, bi bide daude: «Nazio historikoetan, hau da, Katalunian, Euskal Herrian eta Galizian, proiektu nazionala lurralde horretan bertan oinarritzen da. Beste lurralde batzuetan, berriz —Valentzian, Balearretan, Aragoin eta Andaluzian, adibidez—, lurralde nortasun arina edo identitate aurrerakoia baliagarritasunarekin elkartzean datza arrakasta, gero estatuan gehiengo aurrerakoiak batzeko».
Alde horretatik, batzuek aurrez aurre jarri dituzte pragmatismoa eta ideologia, eta esan indar horiek amore eman behar izan dutela funtsezko zenbait kontutan. Ismael Peña-Lopezek zera azaldu du, ordea: «Pragmatikoa izateak ez du esan nahi ideologiari uko egin behar zaiola ezinbestean. Talde horiek oinarri sozial sendoa dutenez beren lurraldean, Madrilera indarrez joaten dira negoziatzera, beste batzuk ez bezala; Juntsek, adibidez, programa ahula du, eta politika postdemokratikoaren dinamiketan sartzen da, zeinak esateko moduei, eserlekuei eta hedabideetako kontu iragankorrei baino ez baitie erreparatzen».
Espainiako jokalekua
Eskuin muturra goraldian den honetan, pentsatzekoa da batek baino gehiagok PSOEren aldeko botoa emango duela, hura boto baliagarritzat jota. Izan ere, PSOE baino ezkerragoko Espainiako indarrak higatuta daude, ez baitute proiekturik eta barne gatazka etengabean baitaude.
Godasek argi dio: «Proiektu koiunturalak eta estetikoak dira, huts egitera kondenatuak, ez baitaude tokian-tokian errotuta, eta formula aldatzen ibiltzen dira etengabe, hamaika kontraesan tartean direla. Eskuinak eta eskuin muturrak gobernua osatuko duten beldurrez, hautesle espainiar askok ez dute denbora alferrik galduko sigla zopa batekin, jakinda haren alde egiteak, azken batean, PSOEri babesa emateko baino ez duela balio. Boto emaile valentziarrentzat, andaluziarrentzat, balearrentzat eta aragoiarrentzat, berriz, bada ezkerreko talde horiei leial izateko pizgarri argi bat, haien alde egiteak bi helburu betetzeko balio baitu: norbere lurraldearen interesak defendatzeko, eta, halaber, Madrilen PSOE baldintzatzeko».
Espainiako Kongresua zatituta egon da aurreko legealdian, eta, hain zuzen, tarte horretan lurraldeetako ezker subiranisten blokea bihurtu da gobernuaren lehentasunezko bazkide eta politika sozialak ezartzeko giltzarri, zentro-eskuineko nazionalismo tradizionalari rol hori kenduta. Peña-Lopezen esanetan, «ezker horiek ekintzetan oinarritutako politika defendatzen dute, diagnosian oinarritutakoa, eta, hala, Madrilgo ganbera autorreferentzial horren kontrako politiken muina berreskuratu dute.
«Ezker horiek ekintzetan oinarritutako politika defendatzen dute, diagnosian oinarritutakoa»
ISMAEL PEÑA LOPEZ Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakaslea Politika Zientzietan
«Fronte zabal bat» osatzeko proiektuaren porrotak, hau da, Rufianek 2025eko udan bultzatu eta zenbait hilabete geroago bazterrean utzitako egitasmoarenak erakusten du taktika edo estetika hutsagatik Madrildik osatutako aliantzek ez dutela bide luzerik egiten, errotuta dauden proiektuek ez bezala, eta, azken batean, lurraldeetako indarrak ari direla egiatan estatuko politika sozialak birdefinitzen. Bestalde, Godasen iritziz, Fronte Zabala «zirkunstantziala da, koiunturala, hauteskunde hauetarako osatua. Nolabait, PSOE baino ezkerreragoko ezkerra egituratzeko hamaikagarren saiakera da, guztiz gauzatu gabea». Espainiako politikak polarizazioan eta kontakizun hutsean katramilatuta geratzeko arriskua duen honetan, lurraldeetako indarren bultzadak agerian uzten du kaleko errealitatearekin lotutako proiektuek baino ezin dietela bide eman gizarte eraldaketari eta estatu ereduaren inguruko eztabaidari, hau da, 78ko erregimena zalantzan jartzeari.
Lurraldeetako askotariko indarrek osatutako bloke hori ez dago kohesionatuta, baina partaideak bat datoz oinarrizko proposamen garrantzitsu batzuetan, eta erakutsi dute parlamentuko jardunean gauza direla zenbait arlotan bat egiteko, eskuin muturraren diskurtsoari aurre egite aldera. Hain zuzen ere, hala Godas nola Peña-Lopez bat datoz eraldaketaren aldeko bultzada bat izan dadin bermatzeko modu bakarra izendapen desegokia erabiliz «periferia» deitu izan zaion horretako indarrak direla; ildo nazionala eta progresista lantzen dituzten indar horiek sendotu egin behar dutela, alegia, gobernabiderako ezinbestekoak diren heinean Espainia behartu dezaten subiranotasuna banatzera eta estatuko lurralde eredua arrailtzera.