Mamdanik ilusioa piztu du New Yorken

Inkesten arabera, New Yorkeko alkatetzarako hauteskundeak irabazteko hautagai nagusia da Zohran Mamdani demokrata. Etzi egingo dituzte bozak. Kanpainan azpimarratu duenez, langile klasearentzat bizitzaren kostua murriztea du helburu.

Mamdani, kanpainako ekitaldi batean, urriaren 27an. SARAH YENESEL / EFE
Mamdani, kanpainako ekitaldi batean, urriaren 27an. SARAH YENESEL / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko azaroaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Manhattango kaleetan zehar doa, oinez, alkandoraren mahukak jasota. Herritarrek eskua ematen diote, besarkatu egiten dute, autoak alboan geratzen zaizkio eta animo oihuak egiten dizkiote. «Kalean gaude, New Yorkeko biztanleek merezi dutelako ikusi dezaketen alkate bat, entzun dezaketen alkate bat, oihu egin diezaioketen alkate bat». Zohran Mamdaniren sare sozialetan ikusgai dagoen bideo bat da. Bideo hori kaleratu eta hurrengo egunean irabazi zituen Alderdi Demokrataren New Yorkeko (AEB) alkatetzarako primarioak, ekain amaieran. Etzi egingo dituzte bozak, eta Mamdani da faboritoa, alde handiz. Kalera ateratzeak eta sare sozialetan «eraginkorra» izateak mesede egin diotela uste du Jeffrey Selingerrek, Bowdoin College unibertsitateko (Brunswick, Maine, AEB) gobernantza irakasleak. «Gainera, irribarre egiten du».

Mamdanik demokraten ohiko moldeak hautsi dituela uste du Selingerrek: «Alderdi Demokratan oso zuhurrak izan ohi dira, ez dute arriskurik hartzen. Mamdanik, aldiz, ekintzara jotzen du zuzenean». Eta hauteskunde kanpainako ekitaldi guztietan erakutsi duen irribarrea bere jarraitzaileen artean zabaldu du. Bowdoin Collegeko irakasleak bideo dei bidez esan duenez, hautagai demokratak ilusioa piztu die New Yorkeko biztanle askori: «Jendea oso gogotsu egotea lortu du; haren jarraitzaileak bozkatzeko irrikaz daude». Hain zuzen, Mamdanik Afrikar Ikasketetako lizentzia atera zuen Bowdoin Collegen. «Nire irakasgaira ez zen inoiz etorri». Halere, irakasleak ez dio amorrurik.

Ekainean Alderdi Demokrataren primarioetan nagusitu zen, eta harrezkeroztik gora egin du Mamdaniren ospeak: azken astean Manhattan Institute think tank-ak, Suffolk Unibertsitateak eta Victory Insights etxeak egindako inkesten arabera, Mamdanik botoen %43 inguru eskuratuko ditu, Andrew Cuomo hautagai independenteak %30 inguru, eta Curtis Sliwa errepublikanoa ez da %20ra iritsiko. Selingerrek ez du zalantzarako tarterik utzi: «Ez dut uste ezer asko aldatuko denik. Seguruenik bera izango da hurrengo alkatea». Gehiengo soila nahikoa da bozak irabazteko; beraz, boto gehien eskuratzen dituen hautagaia izango da Eric Adamsen ondorengoa. 2022tik da New Yorkeko alkate Adams. Hasieran hautagai independente gisa aurkeztekoa bazen ere, irailean jakinarazi zuen ez zuela bozetan parte hartuko, eta Cuomoren hautagaitza babestu du.

Cuomo, Mamdani eta Sliwa, azken hauteskunde debatean, urriaren 22an. HIROKO MASUIKE / EFE
Cuomo, Mamdani eta Sliwa, azken hauteskunde debatean, urriaren 22an. HIROKO MASUIKE / EFE

«Mamdaniren aldekoak eta Mamdaniren aurkakoak daude», azaldu du Selingerrek. Adamsek albo batera egitea erabaki zuenetik bitan zatitua dago «aurkako» botoa: batetik, Cuomo New Yorkeko gobernadore ohia (2011-2021) dago; bestetik, Sliwa errepublikanoa, Guardian Angels taldearen sortzailea. 1970eko hamarkadaren amaieran sortu zuen talde hori: «Gizon talde bat zen; gehienak zuriak zirela esango nuke. New Yorken krimena benetan arazo larria zenean herritarren defendatzaile moduan aurkeztu zuten beren burua», azaldu du irakasleak. Eta gehitu du: «Sliwa pertsonaia xelebre bat da, New Yorkeko politika eszenaren inguruan ia 50 urte daramatzana».

Cuomok ez zuen lortu Mamdaniri gailentzea Alderdi Demokratako primarioetan; hortaz, hautagai independente gisa aurkeztuko da. Gobernadore zela kritikak jaso zituen pandemiaren kudeaketa kaskarragatik, eta dimisioa eman zuen hamahiru emakumek sexu jazarpenagatik salatu zutenean. Botoak irabazteko asmoz, bere egin du Donald Trump AEBetako presidentearen antzeko diskurtsoa, irakasleak azaldu duenez. «Iradoki izan du Mamdanik irabaziz gero Trumpek AEBetako armada bidaliko duela New Yorkera». Hautesleei beldurra sartzen eta iritziz aldarazten saiatzen ari dela uste du. «Baina lehia izoztuta dago, Sliwak albo batera egiten ez badu behintzat; eta ez dirudi hala egingo duenik».

Mamdanik irabazten badu, lehen aldiz musulman bat izango da New Yorkeko alkate. Hautagai demokrata Ugandan jaioa da, eta gurasoak indiarrak ditu: ama zinema zuzendaria da, eta aita, unibertsitateko irakaslea. 7 urte zituenean iritsi zen AEBetara, eta haren hautagaitza «pizgarri» bihurtu da New Yorkeko musulmanentzat eta zuriak ez diren etorkin askorentzat: «Ohiko molde judu-kristautik kanpo dagoen gazte bat baita», zehaztu du Selingerrek.

«Israelgo auziaren inguruan esan dituenak ikuspegi antikolonialista batetik esan dituela uste dut. Antisemita deitzen diotenean zentzugabea eta lotsagarria iruditzen zait»

JEFFREY SELINGER Bowdoin College unibertsitateko irakaslea

Palestinako gatazkaren inguruan duen ikuspegiagatik kritikatu izan dute Mamdani. Unibertsitateko ikasle zela, Palestinaren aldeko talde bat sortu zuen; egun Israeli genozidioa egitea leporatzen dio, eta AEBetako Gobernuari, konplize izatea. Horregatik, Tel Aviven haserrea eragin du: «Hamasen bozeramaile» gisa jardutea leporatu dio Israelgo Atzerri Ministerioak, sare sozialetan idatzitako mezu batean, baita «antisemitismoa normalizatzea ere».

Selinger ez dator bat akusazio horiekin: «Israelgo auziaren inguruan esan dituenak ikuspegi antikolonialista batetik esan dituela uste dut; ziurrenik ez dugu ikuspegi bera izango Israelgo historiaren inguruan, baina antisemita deitzen diotenean zentzugabea eta lotsagarria iruditzen zait». Bowdoin Collegeko irakaslea judua da. «Azkenaldian kezka sortu da antisemitismoak gora egin duela-eta; ziurrenik, hala izango da, baina, nire ustez, askoz ere maila altuagoan dago islamofobia. Eta badirudi estatubatuar gehienak ez direla horretaz jabetzen».

Erosahalmena, erdigunean

New Yorkeko hautesleen joerak ez du, oro har, zerikusirik izaten AEBetako joera orokorrekin. Herritarren kezka nagusiak, aldiz, berberak direla argitu du gobernantza irakasleak: erosahalmena eta zerbitzuen eskuragarritasuna. Mamdanik «garrantzi handia» eman die kezka horiei, eta kanpaina gai horien inguruan egituratu izanak «indarra eman dio».

Hautagai demokrataren programaren arabera, bere helburua da «New Yorkeko langile klasearentzat bizitzaren kostua murriztea». Horretarako, besteak beste, agindu du etxebizitzen alokairuen prezioak izoztuko dituela, autobus zerbitzua doakoa izango dela eta haurren zaintza sistema unibertsala ezarriko duela, baita udalaren jabetzako supermerkatu sare «merke» bat sortuko duela ere. Gainera, horiek finantzatzeko enpresa handiei eta diru gehien duten biztanleei zergak areagotzea proposatu du.

Mamdaniren aurkariek ez bezala, Selingerrek uste du proposamen horiek «sinesgarriak eta errealistak» direla. Haurren zaintza unibertsalarena iruditzen zaio «konplexuena». Gainera, ez du uste neurri horien egingarritasunak Mamdaniren aldekoak kezkatzen dituenik: «Ez dut uste haren jarraitzaileak atsekabetuko direnik egindako promes guztiak betetzen ez baditu. Handiro ari da amets egiten, horregatik dute gustuko. Eta irribarre egiten duelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.