Ceutako Elin elkarteko kidea

Ramses Mohamed Azumik: «Marokok migranteak erabili ditu arma politiko gisa»

Ohiko migrazio fluxuetatik harago doa azken egunetan Ceutan gertatutakoa. Azumikek argi du: Marokok «presio politikoa» egiteko erabili ditu etorkinak, «kolapsoa» eragin dute, eta arriskuan jarri dituzte pertsona horien eskubideak.

Ramses Mohamed Azumik. RAMSES AZUMIKEK UTZITAKOA
Ramses Mohamed Azumik. RAMSES AZUMIKEK UTZITAKOA
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko uztailaren 31
19:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Migrazio krisia zirudiena «giza eskubideen krisi eta diplomazia krisi» bilakatu da. Marokok hauspotuta, azken egunetan milaka migrantek zeharkatu dute Espainiako muga, Ceutan. Ramses Mohamed Azumik (Ceuta, Espainia, 1999) beldur da gertakari horiek «aurrekariak» jarriko ote dituzten migranteen aurka errepresio gehiago erabili ahal izateko. Azumikek etorkinen eskubideen alde egiten du lan Ceutako Elin elkartean.

Zer ari da geratzen Ceutan?

Aurreko egunetan, ehun eta berrehun pertsona artean sartu dira egunean, eta, azken urteetako aurrekariei erreparatuta, bazirudien migrazio krisian geundela. Ostegunean, ordea, egoera aldatu egin zen: migrazio krisia giza eskubideen krisi eta diplomazia krisi bihurtu zen.

Migrante asko ibili dira kalean, gehienak marokoarrak. Marokoko segurtasun indarren utzikeria probestu dute Ceutara sartzeko. Gainera jende asko kai muturretik sartu da, ez igerian. Gaua estalperik gabe igaro dute, urik eta janaririk gabe. Gaur migrante horietako asko ikusi ditugu Marokora itzultzen, kai muturretik.

Zer eragin izan du horrek?

Batetik, kolapsoa eragin du: jendea beldurtuta dago, saltokiak itxita daude... Gainera, Ceutako Gobernuaren eta Espainiakoaren erantzunak berandu iritsi dira. Gaur arratsaldera arte ez dute adierazpenik egin, ezta soluziorik planteatu ere.

Eta zein izan da planteatutako soluzioa?

Ustezko soluzio hori etorkinak Marokora itzultzera behartzean datza. Horretarako, galarazi egin diete baliabideak eskuratzea, saltokietara joatea, eta hirian gelditu ahal izatea. Nekarazi egin dituzte Marokora itzul daitezen.

Gainera, esango nuke aurrerantzean areagotu egingo direla giza eskubideen urraketa horiek: kanporatzeak, indarkeria eta errepresioa. Gure elkartean hori da kezka gehien sortzen diguna, aurrekariak jartzea migranteen aurka errepresioa erabili ahal izateko.

Milaka migrante Marokoren eta Espainiaren arteko mugan, Ceutan. RAMSES AZUMIKEK UTZITAKOA
Milaka migrante Marokoren eta Espainiaren arteko mugan, Ceutan. RAMSES AZUMIKEK UTZITAKOA
Marokori lehen ere leporatu izan diote migranteak bere interesetarako baliatzea...

Bai. Beste behin, Marokok migranteak erabili ditu trukerako txanpon moduan, jokoa bere alde jartzeko ateratako karta baten gisan. Espekulatu izan da zer egon litekeen Marokoren erantzun honen atzean, baina argi dagoena da Marokok mespretxuz tratatu dituela bere herritarrak, arma gisa erabili baititu. Hala, haurrei, emakumeei eta familia osoei aditzera eman diete mugak irekita daudela. Ondorioz, baliabiderik gabe utzi dituzte Ceutan, eta segurtasunik eta kontrolik ez dagoen irudipena zabaldu dute. Batetik, herritarren artean hedatu da irudipen hori; eta, bestetik, sektore politiko batzuek egoera baliatu dute gorroto diskurtsoak elikatzen jarraitzeko, eta abantaila politikoa lortzeko.

Zer egon liteke mugimendu horren atzean? Espainiak eta Aljeriak uztailaren 20an egindako elkarlanerako akordioa izan litekeela zabaldu da.

Hainbat faktore egon litezke atzean, baina hori da jendartean zabaltzen ari den arrazoi posible nagusia. Marokok ez du ezer esan. [Espainiako Gobernuko presidente] Pedro Sanchezek, berriz, mafiei egotzi die errua, eta Auzitegi Gorenak berriki emandako sententziaz baliatu direla esan du [duela hiru aste Espainiako Auzitegi Gorenak emandako sententzia baten arabera, ezin dira zuzenean kanporatu herrialdeko muga igerian zeharkatzen duten migranteak].

Ez dut uste mafiak direnik Marokoko mugak kudeatzen dituztenak, eta azken egunetan ikusi dugu muga oinez zeharkatu dutela milaka migrantek. Horrek erakusten du arrazoiak beste batzuk direla, eta Marokok migranteak eta bere herritarrak erabili dituela arma politiko gisa, nazioartean presio politikoa egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA