Marta Rovira amnistiatu dute

Bartzelonako Lurralde Auzitegiaren arabera, ERCko idazkari nagusi ohiaren kasua «amnistia aplikagarria den esparruan» sartzen da.

Marta Rovira agerraldi batean, 2024ko irailean. ANDREU DALMAU / EFE
Marta Rovira agerraldi batean, 2024ko irailean. ANDREU DALMAU / EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 29a
19:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marta Rovira ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusi izandakoa amnistiatu du Bartzelonako Lurralde Auzitegiak. Oriol Junquerasek pozik hartu du erabakia. «Bukatu da sei urteko erbestealdia ekarri zuen jazarpen politikoa», idatzi du X sare sozialean alderdiaren presidenteak. Izan ere, artean idazkari nagusi zela, Rovira Suitzara erbesteratu zen 2018ko martxoan, U-1aren harira. Espainiako Auzitegi Gorenak matxinadagatik auzipetu zuen, eta gero sedizioagatik. 

Rovira alderdiaren buruzagitzan egon zen 2011tik 2024ra, eta Genevako erbestealdian ere karguan jarraitu zuen. 2024ko uztailean Kataluniara itzuli zen, Espainiako Kongresuak 2022ko abenduan sedizio delitua indargabetzea onartu zuelako; gero amnistia onartu zuten, 2024ko maiatzean, eta bi hilabete geroago Tsunami auzia artxibatu zuten.

Hori gertatu ondoren, Gorenak eskatu zuen Rovira desobedientziagatik auzipetzea. Baina foruduna ez zenez, kasua Bartzelonako Lurralde Auzitegiaren esku utzi zuen aurreko maiatzean. Eta auzitegi horrek idazki batean jaso duenez —testuaren edukia kaleratu dute Kataluniako eta Espainiako hedabide batzuek—, Roviraren kasua «amnistia aplikagarria den esparruan» sartzen da.

Junquerasek eta Rovirak alderdia zuzendu zuten prozesu subiranistaren garaian, baita U-1aren ondorengo errepresio aroan ere: Junquerasek ia lau urte pasatu zituen espetxean, eta Rovirak sei erbestean. 2024aren amaieran, alderdiak zuzendaritza berria aukeratu zuenean, Rovirak berriro ez aurkezteko eskatu zion Junquerasi, alderdiaren «haustura» eragozte aldera. Baina aurkeztu zen, eta primarioak irabazi zituen.

Junqueras zigortu egin zuten prozesu subiranistaren prozesuan, eta amnistia noiz aplikatuko zain dago, behin Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ere legeari oniritzia eman ondoren. Auzitegi Konstituzionala —justizia instantzia gorena Espainiako estatuan— ari da eztabaidatzen Junquerasek berak eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak Gorenaren erabakiaren kontra jarritako helegitea —izan ere, haiei amnistia ez aplikatzea erabaki zuen, argudiatuta diru publikoa erabili zutela «irabaziak lortzeko»—. Zenbait hedabidek auzitegiko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Candido Conde Pumpido Konstituzionaleko presidenteak ponentzia batean plazaratuko du, datorren urriaren 6an, Gorena «guztiz axolagabe» ari dela amnistiaren helburuari dagokionez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA