Urak eta lokatzak Valentzia hartu eta urtebete pasatu berritan iritsi da Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentearen dimisioa. Gobernuko kontseilariekin bildu eta Espainiako erregearekin hitz egin ostean, agerraldia egin du gaur goizean Generalitateko jauregian: «Niregatik izan balitz, aspaldi emana nuen dimisioa. Momentu jasanezinak izan dira niretzat eta, batez ere, nire familiarentzat. Ezin dut gehiago». Presidente izateari utziko dio, bai, baina diputatu izaten jarraituko du —eta, ondorioz, forupekoa izaten—, eta ez du bozetara deitu.
Mazonek esan du hondamendia gertatu zenetik gaur arte ez duela sekula egin balantze pertsonalik, horrelako egoera batean bere etorkizunaz hitz egitea «fribolitatea» iruditzen zitzaiolako, baina azken egunetako «liskar giroak» aspalditik egina zuen hausnarketa plazaratzera bultzatu duela. Ukatu egin du erabakiaren atzean kalkulu politikoak daudela, aitortu du «informazio faltaren ondorioz» akatsak egin zituela uholdeen lehen orduetan, eta barkamena ere eskatu du.
«Momentu jasanezinak izan dira niretzat eta, batez ere, nire familiarentzat. Ezin dut gehiago»
CARLOS MAZON Valentziako Generalitateko presidentea
Dena den, ordu erdi eskas iraun duen agerraldian, eta «aitzakiarik» jarri nahi ez zuen arren, Mazonek behin eta berriz jo du Espainiako Gobernuaren aurka. Salatu du lehen orduetako laguntza falta ikaragarria izan zela, eta orain ere Madrilen laguntzarik gabe ari direla egiten berreraikitze lanak. «Azalpenak garaiz ez emateagatik, gezurrak zabaltzea ahalbidetu nuen. Ez genuen larrialdi nazionala ezarri Espainiako Gobernuak hala esan zigulako. Bakarrik utzi nahi izan gintuzten, estrategia politikoagatik».
Salatu du bere aurkako kanpaina basatia egin dutela, batzuek «kirol nazional» bilakatu dutela berari hiltzaile deitzea, eta «gezurrak eta diru mordoa» erabili dituztela horretarako. «Ezkerrak hildakoak eta tragedia erabili ditu politika egiteko», azpimarratu du. Azken hausnarketa ere horri buruzkoa izan da: «Espero dut zarata apaltzean gizarteak jakingo duela bereizten okerrak egin dituen gizon baten eta pertsona gaizto baten artean».
Orain, Mazonek uste du berreraikitze lanak amaitzeko eta «arreta behar den tokian jartzeko» beste bultzada bat behar duela Valentziako Generalitateak, eta horretarako balioko duela presidentea aldatzeak. Ez du argitu bitarte horretan behin-behinean karguan jarraituko duen ala ez.
Indarrik ez
PPk Voxekin adostu beharko du Mazonen ordezkoa, eskuin muturreko alderdiaren babesari esker baitago gobernuan. Dimisioa eman eta hauteskundeetara deitzeko ez zuen haien beharrik Mazonek, baina PPko beste diputatu bat presidente bilakatuko bada, Voxen oniritzia behar du. Ganberako 99 diputatuetatik 40 ditu PPk, 13 Voxek, eta 2023. urtetik batera daude gobernuan. Hain justu, nabarmendu du gobernuari eusten dion gehiengo parlamentarioa «bizirik» dagoela.
Tanta hotzaren kudeaketa eskasa dela eta, Valentzian hilabeteak zeramatzaten Mazonen dimisioa eskatzen, baina egoera are gehiago tenkatu da joan den asteazkenetik. Egun hartan, uholdeen ondorioz hildako 229 lagunen hiletan, biktimen zenbait senidek iraindu egin zuten Mazon, eta trantze txarra pasatu zuen presidenteak. Gaur, esan du biktimek nahi duten moduan adierazteko eskubidea dutela, baina berak eta bere familiak ez dutela indarrik horri aurre egiteko.
Aurrez, azken urtean, Valentzian milaka lagun elkartu dituzten hamabi manifestazio egin dira hondamendiaren kudeaketa txarra salatu eta Mazonen dimisioa eskatzeko.

Azkenean, atzo Alberto Nuñez Feijoo PPko buruarekin hitz egin ostean heldu da erabakia; PPko buruzagitzak babesa erakutsi dio Generalitateko presidenteari azken egunetara arte, baina joan den asteazkeneko hiletatik ez du ezkutatu Mazonen ibilbidea amaitutzat jotzen zutela.
Gaur, gainera, epailearen aurrean deklaratuko du uholdeen egunean Mazonekin bazkaldu zuen kazetariak, Maribel Vilaplanak. Catarroja udalerriko epaile bat ari da aztertzen politikarien erantzukizuna zenbaterainokoa izan zen, eta ikusteko dago Mazon auzipetuko duen ala ez. Azken hilabeteetan, presidenteak zenbait alditan aldatu du egun hartan egin zituen gauzen inguruko kontakizuna.
Gaur, aitortu du bertan behera utzi behar zuela egun hartako «agenda politikoa», baina eguerdian zuten informazioarekin pentsaezina zela halako hondamendi bat gertatzea.
ESPAINIAKO FISKAL NAGUSIAREN AURKAKO EPAIKETA, ABIAN
Sekretuak agerraraztea egotzita, gaur hasi da Alvaro Garcia Ortiz Espainiako fiskal nagusiaren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean. Akusatuak ukatu egin du egozten dioten delitua, eta hilaren 12an deklaratuko du, epaiketaren azken egunean.
Akusazio partikularrak —Isabel Diaz Ayuso Madrilgo autonomia erkidegoko presidentearen bikotekide Alberto Gonzalez Amadorrek— eskatu du lau urteko espetxe zigorra eskatzeko Garcia Ortizi, lau urteko inhabilitazio zigorra fiskal nagusiaren postuan, eta 108.000 euroko isuna.
Defentsak, bestalde, esan du Garcia Ortizi «prozesu bidegabea» egiten ari zaizkiola. «Ez dira haren eskubideak bermatu, eta ezin izan da gutxieneko baldintzetan defendatu».