Egurrezko zorura begira egin behar da oinez, mahai gainean bezainbeste traste baitaude lurrean. Bulegoaren erdi-erdian, sofa beltzaren atzean, larruzko maleta bat eta kartoizko hiruzpalau kutxa daude. Eseri aurretik, horietako batetik bi liburu atera ditu Iparraldeko Schleswigeko Museoaren zuzendari eta historiagile Hauke Grellak: Adolf Hitlerrek (1889-1945) idatzitako Mein Kampf liburuaren bi ale dira. Sinadura bat eta haren fotografia ditu batek. «Bigarren Mundu Gerran boluntario aurkeztutako eskualdeko bizilagun batena da», azaldu du. 81 urte igaro dira gatazka hura bukatu zenetik; 87 hasi zenetik. Ia mende bat igaro izanagatik, ordea, berriki ekin diote garai horri buruz hitz egiteari: «Alemaniarren gutxiengoak denbora behar izan du bere historiari erreparatzeko; izan ere, benetan gertaera ilunak izan ditugu».
Iparraldeko Schleswig Danimarka hegoaldeko eskualde bat da. Kasik aldaparik eta mendirik gabeko eremu horretan 250.000 pertsona bizi dira, eta alemaniarren gutxiengoaren parte dira horietatik 15.000 lagun inguru. Komunitate horretan hazi zen Grella, Kielen (Alemania) jaio zen arren, eta hunkituta dio «egia bihurtutako amets bat» dela museoan lan egitea. 1980ko hamarkadan ireki zuten, eskualdeko iragana «sakonki» ezagutzeko helburuz; halere, Grellak kontatu du duela 40 urte ezinezkoa zela gutxiengoaren zirrikituetan arakatzea. «Baina garrantzitsua da komunitateko gazteek gertatutakoaren berri izatea», gehitu du.Â
Gertatu, gauza asko gertatu baitira Iparraldeko Schleswigen. Merkataritzaren eta inguruko herrialdeetako herritarren joan-etorrien ondorioz, XIV. mendean alemanez hitz egiten hasi ziren eremu horretako zenbait biztanle, eta, lau mende geroago, 1800. eta 1840. urteen artean, are gehiago zabaldu zen alemanaren erabilera. Grellak azaldu duenez, muga linguistikoa iparralderantz mugitu zen, eta XIX. mendearen hasieran finkatutako estatu-nazioaren ideia ezarri zen: «Orduan sortu zen baieztapen hori, zera: ‘alemana naiz’; edo, kontrara, ‘daniarra naiz’». Mende horren amaieran lehertu zen gatazka, 1864an: Prusiak eraso egin zuen, eta eskualdea haren esku geratu zen; ondoren, Alemaniako Inperioaren esku. «1864. eta 1920. urteen artean, germanizazio politika bat aplikatu zuten. Herritar gehiago iritsi ziren Alemaniatik, eta horrek nabarmen aldatu zuen eskualdea; eremu batzuetan asko handitu zen Alemaniarekiko eta identitate alemaniarrarekiko sentipena. Dena den, eremuan kulturartekotasun handia zegoen lehenagotik, eta ezaugarri hori mantendu egin zen», esan du museoko zuzendariak.Â

Hauke Grella, bulegoan. MADDI IZTUETA OLANO
Eskualdeko egoera administratiboa irauli egin zen, berriro ere, 1920an. Lehen Mundu Gerra bukatuta, eremu horren jabetza zer herrialderi zegokion erabakitzeko erreferendum bat egitea onartu zuten, Versaillesko Itunak aginduta. Schleswig osoan egin zuten bozketa, eta, Grellak zehaztu duenez, parte hartzea handia izan zen, %90 ingurukoa: «1920ko bozketarako kanpainak are erradikalago jardutera behartu zituen herritarrak: alemanak ziren, edo daniarrak. Lerratu egin behar zuten: ez zegoen erdibiderik». Eta lerratu, lerratu ziren: Iparraldeko Schleswig eremuko herritarren %75ek Danimarkaren parte izatea hobetsi zuten; eta erdialdeko Schleswigeko herritarren %80k, berriz, Alemaniaren parte izatea.Â
«1920ko bozketarako kanpainak are erradikalago jardutera behartu zituen herritarrak: alemanak ziren, edo daniarrak. Lerratu egin behar zuten: ez zegoen erdibiderik»
HAUKE GRELLA Iparraldeko Schleswigeko Museoaren zuzendaria
Gehiengoak hala erabaki bazuen ere, bozketa horren ondorioz bi komunitate txiki sortu ziren: alemaniarren gutxiengoa Iparraldeko Schleswigen, Danimarkan; eta daniarren gutxiengoa erdialdeko Schleswigen, Alemanian. Izan ere, bi eremuetako zenbait herritan kontrakoa bozkatu zuten gehienek, hala nola Apenraden, Sonberburgen, Tonderren eta Tingleffen (Danimarka), eta Flensburgen (Alemania). «Kanpoko jendeari kosta egiten zaio ulertzea gure pasaporteek ez gaituztela definitzen, eta errazena gure nortasuna sinplifikatzea da: alemaniarra edo daniarra. Eta kito. Baina ez da horrela. Lehen Mundu Gerrak eragin handia izan zuen; horren ondorioz izan zen posible halako bozketa bat egitea. Alemaniak gerra galdu izan ez balu, ez ziratekeen egingo», adierazi du Grellak.
Etsaitasunaren aroa
Alemaniak galdu egin zuen, ordea, eta Schleswigeko lurraldeak bereizita geratu ziren. Iparraldeko Schleswigeko zenbait herritarrek ez zuten bozketa begi onez ikusi, eta, herri bakoitzeko emaitzak onetsi ordez eskualde osokoa aintzat hartu izana salatu zuten. Museoko zuzendariaren arabera, desadostasun horrek «muturreko» egoera bat sortu zuen bizilagunen artean, eta nabarmen egin zuen okerrera nazionalsozialismoak Alemaniako agintea hartu eta Bigarren Mundu Gerran Danimarka okupatu zuenean (1940-1945), gutxiengoko kide ziren 2.100 herritar baino gehiago batu baitziren, boluntarioki, nazionalsozialismora.Â
Haietako batzuen aurpegiak ikus daitezke, gaur egun, museoaren bigarren solairuko areto batean: garai horri buruzko dokumentuak, jantziak eta fotografiak bildu eta erakutsi dituzte bertan; svastika beltz bat daukan olana gorri batek janzten du atzeko pareta. Batzuek Waffen-SS brigadan eta Gestapon hartu zuten parte; besteek, berriz, Europa ekialdeko borroketan. «Hemen ez zen gatazka edo ekintza armaturik egon. Halere, eskualdeko herritar askok okupatzaileekin kolaboratu zuten, bizilagun daniarren aurka eginez. Horrek zauri handiak eragin zituen, eta Danimarkako herritarren memoria kolektiboan bizirik daude oraindik ere», kontatu du Grellak.Â

Eskualdean ahapeka eta kontu handiz jorratu dute garai hura orain arte, eta bizikidetza «baketsu bat» lortzeko bidea luzea izan da. Funtsean, nazien okupazioa 1920an ezarritako muga berrezartzeko aukeratzat jo zuten gutxiengoko kide askok, Alemaniaren parte izateko zirrikitutzat. Denboraren joanak ahalbidetu du bizitakoari buruz hitz egitea: «Batez ere, garai hura bizi izan zuten herritar gehienak hilik daudelako jada, eta, haien ondorengoentzat, errazagoa da gertatutakoari buruz hitz egitea».Â
Eta horri esker da posible, hain justu, museoa bera hornitzea. Bulegoan, beheko solairuan, bigarreneko aretoetan, artxibategian gordetako material historiografikoa nola biltzen duen galdetuta, barrezka erantzun du Grellak: «Jendearengana joaten naiz zuzenean, denborarik galdu gabe». Alabaina, aitortu du azken urteetan ezagunago egin direla, eta zenbait herritar hurbildu egiten zaizkiela, bata eta bestea eskainiz. «Badakite beren gauzak hemen utz ditzaketela, eta salbu eta ondo zainduta egongo direla. Gutxiengoko kideek argi daukate: beren familiako zerbait baldin badute, hemen egotea nahi dute».
Identitatearen auzia
XIX. mendean sortu eta hauspotutako estatu-nazioaren ideiak bereizi zituen, batik bat, Iparraldeko Schleswigen bizi ziren daniarrak eta alemaniarrak; eta zatiketa horri tiraka iritsi ziren, ondoren, 1920ko bozketa eta Bigarren Mundu Gerraren osteko tirabirak. Grellak argi dauka, ordea: nazioaren eta identitate absolutuaren kontzeptuak «eraikuntza artifizialak» dira, eta ez dira «egiazkoak». Kontrara, zenbait geruza nahastuz eta elkartuz osatutako identitateen alde egiten du: «Bai, alemanak gara, baina baita Danimarkako gizartearen parte ere. Gure testuinguruak, inguratzen gaituenak, gure bizilagunek, eragin zuzena dute gure nortasunean; ederra da bi kulturen artean mugitu eta bietan etxean sentitu ahal izatea».
«Kanpoko jendeari kosta egiten zaio ulertzea gure pasaporteek ez gaituztela definitzen, eta errazena gure nortasuna sinplifikatzea da: alemaniarra edo daniarra. Eta kito. Baina ez da horrela»
HAUKEÂ GRELLA Iparraldeko Schleswigeko Museoaren zuzendaria
Geruza horiek gero eta nahasiagoak eta konplexuagoak izango direla uste du, gainera, besteak beste migrazioaren eraginez. Halere, iritzi dio ezin zaiola inori inposatu zer nortasun izan behar duen, eta alemanez hitz egitea ez dela, inondik inora ere, komunitateko kide bihurtzeko aintzat hartu beharko litzatekeen ezaugarri bakarra: «Europako gutxiengoei edo migrazioari buruz ari garenean, alferrik da esatea: ‘Ahaztu zurekin dakarzun guztia, zure kultura, zure hizkuntza, eta bihurtu zaitez daniar on bat; horrela dena ondo joango da’. Horrek frustrazioa eta gatazka soilik hauspotuko ditu».Â
Lehen Mundu Gerraren ondorenean egindako bozketa batek dirau, gaur-gaurkoz, Danimarkaren eta Alemaniaren arteko bereizketaren oroigarri. Bi aukeren artean zirt edo zart egin behar izan zuten orduan, eta Grellak jakin nahiko luke, bere buruari eta parez pare daukan kazetariari galdetuz, zer gertatuko ote zen hirugarren aukera bat izan balute: «’Ez dugu ez Alemaniaren, ez Danimarkaren parte izan nahi: Schleswigeko Estatua nahi dugu’. Aukera hori ez zen existitzen, ez zen alternatiba bat. Pentsa egon izan balitz Schleswig-Holsteineko estatu independente baten alde egiteko aukera, zeinak, nahiz eta Alemaniarekiko lotura handia izango lukeen, beste entitate bat osatuko lukeen, zeharo desberdina».