Esan eta egin. Mendebaldeko zenbait herrialdek Palestinako Estatua aitortu dute azken egunetan. Atzo, Erresuma Batuak, Australiak, Kanadak eta Portugalek aitortu ondotik, gaur Frantziak aitortu du, New Yorken (AEB) bi estatuen konponbidea gauzatzeko urratsak zehazteko asmoz egindako goi bileran. Gainera, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri du bide bera hartuko dutela Belgikak, Andorrak, Luxenburgok, Maltak, Monakok eta San Marinok. Bihar hasiko da NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren urteroko bilkura, eta haren karietara egin dute bilkura, Frantziak eta Saudi Arabiak bultzatuta. Macronek adierazi du iritsi dela garaia bi estatuen konponbidearekin aurrera egiteko, eta hori dela bidea Israelen eta Palestinan «bakea eta segurtasuna» bermatzeko.
New Yorken emandako hitzaldian, Frantziako presidenteak behin eta berriz ziurtatu du Frantziak Israel babesten jarraituko duela, eta Tel Aviventzat onuragarria dela Palestina estatu gisa aitortzea. Hamasek bahitutako israeldarrak askatzeko eskatuz hasi du hitzaldia, eta geroago hitz egin du Israel Gazan egiten ari den «sarraskiaz», baina ez du genozidio hitza aipatu. Gazako gerra ez duela ezerk justifikatzen ere adierazi du.
Frantziako herritarrek pozik hartu dute erabakia, baita zentroko eta ezkerreko alderdiek ere. Gobernuak egindako urratsaren harira, baina, eztabaida piztu da herrialdean. PS Frantziako Alderdi Sozialistak iragan astean eskatu zien herrialdeko udalei Palestinako bandera jar zezatela beren udaletxeetan; Frantziako Barne ministro Bruno Retailleuk, baina, eskaera horren aurka egin zuen, argudiatuta Palestinako bandera jartzeak urratu egingo zukeela espazio publikoetako «neutraltasun printzipioa». Halere, 86 udaletxetan jarri dute bandera.
NBEren 1947ko ebazpenean oinarritu da Macron bi estatuen soluzioaz hitz egiterakoan. Erakundeak 1947ko azaroan onartu zuen ebazpen hori, eta bi estatuen sorrera aitortzen du —estatu judu baten eta estatu arabiar independente baten sorrera—. Konponbide hori gauzatzeko egin beharreko urratsak ere zehaztu ditu. Uztailean, asmo berarekin egin zuten beste bilkura bat, New Yorken; hartan bide orri bat adostu zuten, eta orduan erabakitakoak nabarmendu ditu gaur ere: besteak beste, adierazi du Palestina estatu «subirano, independente eta desmilitarizatu» bat izan beharko dela. Horrez gainera, Frantziak Palestinan enbaxada bat irekiko duela ere esan du, bahituak askatu eta su eten bat ezarritakoan. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek ere hartu du hitza, eta Israeli eta Hamasi mintzatu zaie. Tel Avivi sarraskia amaitzeko deia egin dio, eta talde islamistari, armak entregatzekoa.

Tel Avivek, baina, ez du erasoak eteteko asmorik. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk atzo ziurtatu zuen ez dela Palestinako Estaturik egongo, eta noizbait estatu hori eraikitzeko esperantzak bonbekin lehertzen jarraitzen du Gazan. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, New Yorken egindako adierazpenetan, Israeli ohartarazi dio bi estatuen soluzioa babesten ez badu are eta bakartuago geratuko dela.
Halere, agerikoa da Israelek ez duela asmorik Mendebaldearen eskaerei jaramon egiteko, eta, horretarako, Washingtonen babesaz baliatzen jarraituko du. Izan ere, AEBak dira NBEren Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorren artean —beto eskubidea dute— Palestinako Estatua onartzen ez duten bakarrak. 1980ko hamarkadan aitortu zuten Errusiak eta Txinak, eta azken bi egunetan hartu dute erabaki hori beste bi kideek: Erresuma Batuak eta Frantziak.
Horiek horrela, Palestina ezingo da NBEko estatu kide izan Washingtonek jarrera aldatzen ez badu; horretarako beharrezkoa baita Segurtasun Kontseiluaren onespena. Baina, Donald Trump AEBetako presidentearen administrazioak ez du asmorik bere aliatuetako zenbaitek hartutako bideari jarraitzeko: «[Trumpek] Uste du [Palestinako Estatua aitortzeak] ez duela balio bahituak askatzeko, eta, orain, hori da helburu garrantzitsuena Gazan; ez du balioko gatazka amaitzeko ere», adierazi du gaur Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Levittek, prentsaurreko batean.
Gainera, AEBek uko egin diote gaurko bilkuran parte hartzeari. Eta iragan ostegunean, beste behin, beto eskubidea baliatu zuen Israeli Gazako erasoaldia eteteko exijitzen zion NBEren ebazpen bat atzera botatzeko. Gainera, ez diete herrialdera sartzeko baimenik eman Abbasi eta PANeko gainontzeko kideei, eta telematikoki hartu behar izan dute parte gaurko bilkuran. Gaur-gaurkoz, Palestinak estatu behatzaile gisa parte hartzen du NBEn, eta ez du boto eskubiderik.
Zisjordania anexionatzea
Gaurko bilkura «zirku» gisa definitu du Danny Danon Israelen NBErako ordezkariak, eta gehitu du halako erabakiek «terroristei» egiten diela mesede. Atzo, Netanyahuk iragarri zuen neurriak hartuko dituela Palestinako Estatua aitortu duten herrialdeen aurka, eta mehatxu egin zuen: esan zuen Zisjordaniako okupazioa «bi halakotu» dutela azken bi urteotan, eta «bide horretatik» jarraituko dutela aurrerantzean ere; hau da, mahai gainean jarri du eremu hori anexionatzeko helburua.
Halere, ez dirudi Mendebaldeko zenbait herrialdek atzera egingo dutenik ere. Frantziako telebista kate batean egindako elkarrizketa batean, Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek ohartarazi dio Netanyahuri Frantziak «oso zorrotz» jokatuko duela baldin eta Israelek bere aurkako neurriak hartzen baditu —hala nola batak bestearen herrialdean dituen enbaxadak ixtea— eta Zisjordaniaren anexioarekin jarraitzen badu. Antzera mintzatu da Erresuma Batuko Atzerri ministro Yvette Cooper ere, prentsaurreko batean, eta hartutako erabakia defendatu du: «Argi esan diot Israelgo Atzerri ministroari [Gideon Saarri]: hartutako erabakiak ez du soilik palestinarren segurtasuna bermatuko; israeldarrena ere bermatuko du».
Ekialde Hurbileko zenbait estatuk txalotu egin dute Palestinako Estatua aitortu duten herrialdeen erabakia; kasurako, Qatarrek. Eta pauso horrekin pozik agertu da, halaber, Hamas. Atzo kaleratutako ohar baten bidez, eskerrak eman zizkien Erresuma Batuari, Kanadari eta Australiari —Portugalek geroago hartu zuen erabakia—, eta iritzi zion «pauso garrantzitsu bat» dela palestinarrek beren lurraldean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko. Halere, exijitu zion nazioarteari Israel zigortzeko, argudiatuta hori dela «Zisjordaniaren eta Jerusalemen anexioa» geldiarazteko modu bakarra.
Alemaniak, berriz, baldintza bat jarri du Palestinako Estatua aitortzeko: lehenbizi israeldarrek eta palestinarrek bi estatuen konponbidea negoziatzea. Hala jakinarazi du Alemaniako Atzerri ministro Johann Wadephulek, prentsari egindako adierazpenetan. «Alemaniarentzat, Palestinako Estatuaren aitortza prozesuaren azken urratsa da, baina prozesu hori ahalik eta azkarren jarri behar da abian», azaldu du. Dena den, Alemaniako Gobernuko bozeramaile Stefan Korneliousek esan du Berlinek ez duela onartuko Israelek Zisjordaniako lurraldeak anexionatzea.
Alemaniaz eta AEBez gain, Palestinako Estatua aitortzen ez duten herrialdeen artean G7ko beste bi kide daude: Italia eta Japonia. Beste hirurek —Erresuma Batuak, Frantziak eta Kanadak— azken egunetan aitortu dute. Horiez gainera, gaur-gaurkoz, Palestina estatu gisa onartu gabe jarraitzen dute, besteak beste, Herbehereek, Danimarkak eta Hego Koreak.
Israelek Gazari eraso egiten dihardu, nazioarteko kritikei jaramonik egin gabe. Gaur ere, goizean goiz hasi da zerrenda bonbardatzen, eta, Al Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, gutxienez 37 pertsona hil ditu, horietatik 30 Gaza hirian.ERASO GEHIAGO GAZAN ETA ZISJORDANIAN
Zerrendatik harago, Israelgo armadak operazio militar bat egin du Zisjordaniako Ramallah hiriko Birzeit Unibertsitatean, eta gutxienez bost langile zauritu ditu, EFE berri agentziak unibertsitate horretako iturriak aipatuz zabaldu duenez. Informazio horren arabera, zauritutako bost langileetatik bi larri daude ospitalean.Eraso horren harira, Zisjordanian «ikasle borroka eta ekintzailetza» indartzeko deia egin du Hamaseko liderretako batek, Abdel Rahman Xadidek, eta salatu du eraso horren asmoa zela «Zisjordaniako erresistentzia zapaltzea».