Kataluniako erreferenduma. Eulalia Reguant. CUPeko diputatua

«Menpeko gisa hizketan hasita, ez gara sekula subirano izango»

Erreferendumaren egunean haustura argia gertatu zela uste du Reguantek: «Kataluniako herriak estatua deslegitimatu zuen». Independentzia deklarazioak hori behar duela dio. «Estatuak oinarrizko eskubideak urratzen baditu, irabazita daukazu zilegitasuna».

Samara Velte.
Bartzelona
2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Bilera eta bilera artean, auzoko taberna batean hartu du BERRIA Eulalia Reguant CUPeko diputatuak (Bartzelona, 1979), ostiral arratsaldez. Urriaren 1eko «shock emozionala» igarota, bi zeregin nagusi ikusten ditu: «Geure burua zaintzea, emozioak adierazteko tartea hartuz; eta kalean antolatuta jarraitzea». Bataila ez baitzen igandean bukatu.

Igandera arte burdinazko koordinazioa zeneukaten alderdi independentistok, baina ordutik hasi dira diferentziak agerian geratzen. Nola aldatu dira harremanak U-1aren aurretik eta ondoren?

U-1ean helburu argi bat geneukan. Egunaren barne antolaketagatik, kohesionatuago geunden, eta, gainera, uste dut inork ez zeukala informazio osoa; ondorioz, elkarren beharra geneukan. Ñabardurak, ordea, beti egon dira. Gerta daiteke baten batek gehiago pentsatzea balizko hauteskundeetan, herritarren nahia betetzean baino; izan ere, orain independentzia adierazpenari buruzko zalantzak agertzea... Ez dakit zertan oinarritu daitezkeen, hauteskunde irizpideetan ez bada. Alde bakarrekotasuna hasita dago, eta igandean borobildu zen; zikloa amaitzeko, independentzia adierazpen bat behar du.

%43 hori eskuan, nola interpretatzen duzu emaitza?

Botoen logikan baino gehiago, igandean gertatu zena haustura argia izan zen; Kataluniako herriak estatua deslegitimatu zuen, eta zilegitasunaz jabetu zen, eskolak defendatuz, kalera ateraz, beldurra gaindituz eta tinko iraunez. Hori da independentzia deklarazioaren bermea: oinarrizko eskubideak urratzen dituen estatu bat badaukazu, irabazita daukazu erreferendumak eskatzen zizuna egiteko zilegitasuna. Horrez gain, botoak zenbatzen baditugu, izugarrizko parte hartzea da %43, kontuan izanik salbuespen egoeran geundela, poliziek izua hedatu nahi izan zutelako.

Orain asko hitz egiten da «denborak kudeatu» eta adierazpena atzeratzeaz. Zuek, aldiz, lehenbailehen egitea nahi duzue.

Igandean gertatu zena indarrean sartu behar da albait arinen. Adierazpena egitea prozesua burutzea da, erdizka ez geratzea. Egia da boterea mantendu nahi duten enpresa batzuek gobernua baldintza dezaketela; eta egia da, era berean, PDECaten barruko pertsona batzuk ez direla sekula ados egon erreferendumarekin eta independentzia aldarrikatzearekin. Euren helburua zen Espainiako Estatuaren barruan baldintza hobeak lortzea, eta orain presio egiten ari dira hori lortzeko. Eta gero bada Comuns-en ideia hura: «Ez, abia dezagun prozesu konstituziogile bat, eta gero ikusiko dugu». Nola abiatuko duzu halako zerbait ez bazara burujabe? Independentzia adierazpena da oinarria, eta horren ostean has daitezke beharrezkoak diren negoziazio guztiak estatuarekin, banaketa eta aitortza adosteko. Menpeko gisa hizketan hasten bagara, ez gara sekula subirano izango.

Zein neurritan espero duzueComuns-ek jarraituko dizuetela?

Beti pentsatu eta desio izan dugu une egokian hor egongo zirela. Azkenean, haien oinarrietako jende gehiena eskolak defendatzera irten zen aurreko asteburuan. Ondorioz, adierazpenean, albotik bada ere, egongo dira. Haiek prozesu konstituziogile bat zabaltzeko eskatzen dute, eta 78ko erregimenarekin hausteko modu bakarra subiranotasunak berreskuratzea da: ez soilik nazionala, baizik eta baita elikadurarena, energetikoa eta ekonomikoa ere. Eta asko kostatuko zaigu, mundu globalizatu batean ahalegin handia eskatzen duelako horrek. Baina hasi gaitezke oraintxe eskura daukagunetik: prozesu konstituziogile hori abiatzea ahalbidetuko digun errepublika aldarrikatzetik.

Materialki nola egiten da independentzia deklarazio bat? Miquel Icetak [PSC] adarra jo zizuen, esanez: «Gauza bat da ni ederra izatea, eta beste bat besteek aitortzea».

Hori oso Miquel Iceta da [barre egin du]. Bistakoa da adierazpen bat bere horretan ez dela ezer. Efektu batzuk ekarri behar ditu. Batzuk ez dira berehalakoak izango; badakigu ez dugula dena egun batetik bestera kontrolatuko. Trantsizio prozesu bat izango da errepublikarako bidea. Hor dago, besteak beste, lurraldearen kontrola; errepideak, aireportuak, portua; kapitalaren fluxuak... Aldaketa asko apurka joango dira, baina beste batzuk adierazpenaren biharamunean sar daitezke indarrean. Eta hori azaldu beharko du presidenteak asteartean.

Zer iritzi duzu orain arteko bitartekaritza eskaintzez?

Bitartekari batekin aritzeko, pareko gisa aitortu behar zaituzte. Oraintxe, PPk eta erregeak ez dute ulertzen Katalunia gatazka politiko baten parte denik; haien arabera, legezko auzi bat da erabat. Ondorioz, bitartekaria ezin izango da izan gatazkan inplikatutako inor. Kanpoko eragileei dagokienez, ikusi beharko da: zein da negoziazioaren helburua? Zein proposamen dago mahai gainean? Estatuko gobernuak espero badu abiapuntura itzuliko garela, estatutuari buruzko sententziara, bistakoa da katalanek ez dutela halakorik nahi. Bitartekaritza oro positiboa da, baina behin adierazpena egindakoan. Jendea autodeterminatu da jada; hori amaitzea besterik ez da falta. Prozesua geldiarazteak eta erdizka uzteak helburu bakarra du: Espainiaren batasuna guztiaren gainetik mantentzea.

Erregearen hitzaldiak garbi utzi zuen ez zela PPren gobernuaren kontu bat.

Estatu auzi bat da, eta 78ko erregimeneko gehiengoekin du zerikusia: diktaduraren oinordetza batzuk jaso zituen demokrazia batera igarotzea onartu zuten, ezer gertatzen ez zelakoan. Askatasun batzuei atea zabaldu zitzaien, baina debekatu egin zuten beste batzuei buruz hitz egitea. Auzia ez da Mariano Rajoy botatzea; PP da, PSOE, monarkia, finantza erakundeak...

Aipatu dituzunez gero: zer iruditzen zaizu La Caixa eta Sabadell bankuak Palmara eta Alacantera joatea?

Ironikoki, Herrialde Katalanak eraikitzen ari direla alde batera utzita, uste dut beldurraren karta jokatzen ari direla, baina benetan uste dutela posible dela Katalunia independente bihurtzea. Finantza erakundeak beti egon dira egon diren lekuan; orain, estatuak Generalitatean esku hartu duenean, haren alboan jarri dira. Une egokia da jendea ohartzeko ekonomiak bizitzaren osagarri izan behar duela, eta ez alderantziz. Eta badirela bizitza erdigunean jartzen duten finantza erakunde batzuk ere.

Mossoak heroi nazional dira...

Polizia izaten jarraitzen dute, eta ezker independentistako militanteak atxilotzen. Orain albotik jarri direla? Ados, jarri dira. Badakigu ez zutela U-1a erreprimitu, eta ikusiko dugu zer egingo duten datozen egunotan; independentzia adierazpena efektibo bihurtzeko urratsetako bat izan liteke mossoek ez betetzea polizia judizialaren rola Espainiako Justiziarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.