Hizkera eta tonua aldatu ditu Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak. Saxonia-Anhalt landerreko hauteskundeen biharamunean, CDU bere alderdiak izandako porrota aitortu baino ez zuen egin, ikusita AfD Alemaniarentzako Alternatibak irabazi zituela, alde handiz irabazi ere. Hauteskundeen biharamunean, milaka herritarrek protesta egin zuten alderdi ultraeskuindarraren kontra herrialdeko hainbat hiritan, eta kantzilerrak horixe bera egiteko baliatu du gaur Bundestagen emandako diskurtsoa: «Birmigrazioa terminoa garbiketa etnikoaren sinonimoa besterik ez da, jatorrian eta azalaren kolorean oinarritutakoa».
Migranteak jaioterrira itzuli direnekoa adierazteko erabiltzen da hitz hori, baina AfDkoek eta eskuin muturrak oro har bestelako esanahi bat eman izan diote: horiek kanporatzeko ekintza deskribatzeko, hain zuzen ere. «Alemanian lanean ari direnek beren herrialdeetara joan behar badute 'birmigrazioarekin' tematuta zaudetelako, orduan eskulangintza sektorea bertan behera geratuko da, zahar etxeak bertan behera geratuko dira, eta ospitaleak ere bai», ohartarazi du Merzek.
Alice Weidel alderdi ultrako buruak ekin dio eztabaidari behe ganberan, eta adierazi du Saxonia-Anhalteko emaitzek argi utzi dutela kontserbadoreen eta sozialdemokraten gobernu koalizioa azkenetan dagoela: «Azkenean, herritarrek aldaketa politikoa nahi dute, eta ez denak orain arte bezala jarraitzea». Iaz egin zituzten hauteskunde federalak Alemanian, CDU-CSU bloke kontserbadoreak irabazi zituen, eta gobernu koalizioa osatu zuen SDP alderdi sozialdemokratarekin —gehiengo osoa dute Bundestagen—.
Hauteskunde federal horietan bigarren indarra bihurtu zen AfD —botoen %20,8 eskuratu zituen, Merzen blokeak baino ia zortzi puntu gutxiago—, eta, Insa etxeak herenegun kaleratutako inkesta baten arabera, 2029an egitekoak diren hauteskundeak irabaziko lituzke botoen %28,5 bilduta, CDU-CSU kontserbadoreari behintzat zazpi punturen aldea aterata, gainera.
Halaber, hurrengo igandean tokiko hauteskundeak egingo dituzte Berlin eta Mecklenburg-Aurrepomerania landerretan ere. Saxonia-Anhalten AfDk irabazi zituen joan den igandeko bozak, eta 39 ordezkari eskuratu zituen; hurbil izan zuen gehiengo osoa, alderdi batek 42 ordezkari eskuratu behar baititu horretarako. Horixe aurpegiratu dio Merzek Weideli: «Benetako helburua eserlekuen gehiengoa irabaztea zen, baina ez dute lortu. Saxonia-Anhalten botoa eman dutenen %56k ez diete bozkatu».
'Egin Alemania handi berriz'
Merz kantzilerrak Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin telefonoz hitz egiteko hitzordua zuen gaur; bada, Alemaniako Gobernuko bozeramaile Stefan Korneliusek jakinarazi du prentsaurreko batean ezen bertan behera geratu dela dei hori. Kazetariek galdetu diote zer dela-eta hartu duten erabakia, ea zerikusirik ba ote duen Trumpek bart gauean sare sozialetan idatzitako mezu batekin, eta zera gogorarazi die bozeramaileak: «abstraktuki» bada ere, kantzilerrak gaitzetsi egin izan dituela nazioarteko liderren «interbentzioak edo Alemaniako barne politikari buruzko komentarioak, eta zer esanik ez hauteskundeei dagozkienak».
Izan ere, honako hau kaleratu du AEBetako presidenteak: «Hara! Alemaniako Alderdi Populistak gau benetan bikaina eduki du. Behingoz nazkatu dira immigrazioari dagozkion arau eta lege zeharo beldurgarriez, zeinak min handia egin dioten Alemaniari. Geroz eta gehiago dira, eta oraingoa ez dute gehiago aguantatuko!». Mezuaren amaieran keinua ere egin dio Make America Great Again leloari: «MGGA» idatzi du, Make Germany Great Again (Egin Alemania handi berriz) iradokiz.
Merzek ez du AEBetako presidenteak idatzitakoari buruzko adierazpen publikorik egin, baina Metin Hakverdi Alemaniako Gobernuko Kooperazio Transatlantikoetarako koordinatzaileak bai: «Alemaniak ez du behar Etxe Zuriaren aholkurik». AEBekiko eta Kanadarekiko harremanez arduratzen den arduradunak gaitzetsi egin du Trumpen mezua, Tagesspiegel egunkariari gaur adierazi dionez: «Alemaniarrok geure kabuz erabakitzen dugu migrazioaren gaia nola maneiatu eta nori bozkatu».