Etxebizitza krisiaren erantzule guztien kontrakoa da gaur Espainian egindako greba orokorra. Eta lanuztearen deitzaile den taldearen, hau da, Maizterren Sindikatuaren bozeramaile Alicia del Rioren esanetan, «kolore guztietako» administrazioak eta gobernuak gobernuak dira erantzuleak, baita patronala eta errentistak ere. Azpimarratu duenez, Maricarmen Abascalen etxegabetzeak irail amaieran hauspotutako mobilizazio soziala hasi besterik ez da egin, eta gaurko greba «historiko» eta «arrakastatsuak» erakusten du «beste borroka ziklo bat» abiatu dutela. Eta hori aintzat hartuta, mezu ozena bidali diote Espainiako klase politikoari, parte hartze nabarmena izan baita greban: antolatzaileek eta lanuztea babestu duten sindikatu nagusiek —UGTk eta CCOOk— jakinarazi dute %75 ingurukoa izan dela Andaluzian, Aragoin eta Madrilen, eta %45ekoa Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Extremadura erkidegoetan; Herrialde Katalanetan eta Galizian, lau herritarretik hiru ez dira lanera joan.
Bada, etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko gaurko lanuztea izan da azken hamalau urteotan Espainiako Estatu osorako antolatutako aurrenekoa —era horretako azken mobilizazioa 2012ko martxoaren 29an egin zuten, Mariano Rajoy (PP) buru zuen Espainiako Gobernuak egindako murrizketen kontra—. Erantzun zabala izan da, nagusiki industrian. Autogintza sektorean, adibidez, jarduera etenda gelditu da Seatek eta Ebrok Bartzelonan dituzten lantegietan. Gainera, Algecirasko (Andaluzia) eta Valentziako (Herrialde Katalanak) portuak itxita egon dira. Sindikatuen esanetan, grebak nabarmen eragin die Acerinoxen (Andaluzia) eta Navantiaren (Galizia) jardunari ere.
Horiek horrela, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia eta Pepe Alvarez UGTkoa pozik mintzatu dira eguerdian, mobilizazio batean parte hartu ondoren. Esan dute greba «arrakastatsua» izan dela, eta espektatibak ganditu dituela, haien esanetan lanuzte gutxik izan baitute gaurkoak bezain erantzun zabala. 1975ean frankismoa bukatu zenez geroztiko bederatzigarren greba orokorra izan da gaurkoa. Sordok eta Alvarezek espero dute azaroaren 29an egitekoak diren Gorteetarako hauteskundeetatik aterako den gobernuak kontuan hartzea mobilizazioetan eskatutakoa.
Estatu indarren indarkeria salatu dute
«Oilarkeriaz» jokatu dute gaur estatu indarrek, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiaren hitzetan. Eta esan duenez, indarkeria kasuak izan dira horren ondorioz. «Enpresen piketeena egin du Poliziak; lotsagarria da». Polizia manifestariei oldartu zaie mobilizazio batzuetan, borrak erabili ditu haien kontra, eta, are, negar gasa jaurti ere bai. Beraz, UGT eta CCOO auzitara jotzea aztertzen ari dira. Hauteskundeetarako Podemosen zerrendaburu Irene Monterok «Poliziaren indarkeria» salatu du, eta azpimarratu «onartezina» dela agenteak «beldur eragiteko» asmoz ibiltzea.
Greban, nabarmentzeko modukoa izan da piketeek hiri handienetara sartzeko errepideetako batzuk moztu izana. Horren ondorioz, hainbat kilometrotako auto pilaketak izan dira Bartzelonan eta Madrilen, adibidez. Lanuzteko mobilizazioen ondorioz, denera 263 hegaldi utzi dituzte bertan behera Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian —aurreikusita zeudenen %6 inguru—; trenbide sareari dagokionez, iturri ofizialek esan dute abiadura handiko trenen zirkulazioaren %25 bertan behera utzi dutela, eta aldiriko trenen eta distantzia ertainekoen zirkulazioaren %10.

Bestalde, polizia indarrek gutxienez 650 intzidentzia erregistratu dituzte, eta gutxi gorabehera 30 lagun atxilotu.
Patronalaren «normaltasuna»
«Normaltasuna» izan da nagusi. Hori adierazi du Antonio Garamendi CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidenteak, ohar baten bidez. Haren iritziz, grebak «apenas» eragin dion jardun ekonomikoari. Antena3 telebista katean, berriz, Espainiako Gobernuaren kontra egin du Garamendik, eta adierazi Moncloak berak hauspotu duela protesta. «Bigarren presidenteordea greba egiteko eskatzen aritu da, eta bi ministrok beste horrenbeste egin zuten atzo bertan». Bide batez, grebalarien eskarien harira, adierazi du gobernuak «erantzukizunen bat» baduela auzian: «Zortzi urte daramatza gobernatzen».
%12Zenbat jaitsi den argindar kontsumoa. Espainiako Red Electricak emandako datuen arabera, joan den asteazkeneko datuekin konparatuz argindar kontsumoa %12 inguru jaitsi zen une gorenean —10:10 inguruan— Espainian, Galizian, Katalunian eta Hego Euskal Herrian, eremu hori oro har hartuta.
Espainiako Gobernuko kideek bertan behera utzi dituzte gaurko agendako ekitaldiak. PPkoek ez, ordea, are gutxiago aintzat hartuta hauteskundeak bi aste pasa barru direla —etzi gauerdian hasiko da kanpaina—. Hala, Miguel Tellado alderdi horretako idazkari nagusia Garamendiren antzera mintzatu da, eta kanpainaurrean «sindikatuak mobilizatzea» leporatu dio gobernuari. «Ematen du ezkerra babes beharrean dagoela», adierazi du Telecinco telebista katean egin dioten elkarrizketa batean.