Hasi dira migranteak Ceutako portuan jarritako kanpalekura eramaten

1.700 migrante hartzeko tokia du kanpaleku berri horrek. El Trampolin eta Benitez hondartzetan, berriz, etorkin gehiago daude, eta tentsio uneak izan dira.

Ehunka migrante portuan jarritako kanpalekura joateko zain, gaur. REDUAN / EFE
Ehunka migrante portuan jarritako kanpalekura joateko zain, gaur. REDUAN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko irailaren 18a
09:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ceutan (Espainia) etorkinak hartzeko hainbat kanpaleku jarri badituzte ere, milaka migrante kalean daude oraindik ere. Espainiako Gobernuak adabaki bat jarri nahi du, eta beste kanpaleku bat ireki dute hiri autonomoko portuan, 1.700 migrante hartzeko. Gaur goizeko zazpiak inguruan hasi dira Benitez eta El Trampolin hondartzetan dauden migranteak gune horretara eramaten, Auzitegi Nazionalak atzo gauean horretarako baimena eman ostean. Kontua da 1.700 migrante baino gehiago daudela uztailaren amaieratik Ceutako kalean, eta tentsio uneak izan dira Polizia hondartzak husten hasi denean.

Madrilek Ceutako egoera konpontzen ari dela erakutsi nahi du. Horretarako, ezinbestekoa du migranteek aterpez bete dituzten hondartzak hustea. Hedabideetan bolo-bolo dabiltza El Trampolin hondartzako irudiak; han, babesteko, milaka migrantek txabolak eta aterpeak atondu dituzte. Espainiako Gobernuak argazki hori estali nahi du. Izan ere, oposizioa Pedro Sanchezen administrazioaren aurka egiteko baliatzen ari da Ceutako krisialdia, eta hondartzetako egoera erabili izan du hiri autonomoko egoeraren erakusgarri.

Migranteek, ordea, ez dituzte hondartzak utziko beste «bizitoki» bat ez badute. Eta horretarako behin-behineko kanpalekuak jartzen ari dira Ceutan; azkena, portuaren inguruan. Atzo ziren migranteak hara eramaten hastekoak, baina asteazkenean Espainiako Poliziaren sindikatu batek errekurtsoa jarri zuen argudiatuta kanpalekua ez zela segurua. Hortaz, Auzitegi Nazionalak blokeatu egin zuen migranteak lekualdatzea, eta atzo gauera arte ez zuen baimena eman.

Gaur bete dira 50 egun 80.000 migrante inguru Marokotik Ceutara sartu zirenetik. Gehienak lehen egunetan itzuli baziren ere, Espainiako Gobernuaren azken estimazioen arabera, 12.000 inguru geratu ziren hiri autonomoan, baina ez dago datu zehatzik. 4.300 inguru daude behin-behineko kanpalekuetan, eta portuko kanpalekurako lekualdatzea gauzatzean, 6.000 izango dira. Halere, milaka daude oraindik ere kalean. Horren erakusgarri, kanpalekuak jarri badituzte ere, Gurutze Gorriak egunero banatzen duen otordu kopurua lehengo bera da. Gainera, lehen ere eraman zituzten El Trampolin hondartzan zeuden ehunka migrante beste kanpaleku batera, baina berriz bete zen hondartza; mendietan eta Ceutako beste gune batzuetan zeuden migranteak hara joan ziren.

Mugan bertan kanporatzea, aztergai

PSOE Espainiako Alderdi Sozialistak Ceutan gertatutakoaren gisakoak berriz jazotzea eragotzi nahi du. Horretarako, Auzitegi Gorenak utzitako lege hutsunea konpondu nahi dute. Epaitegi horrek uztailean ebatzi zuenez, Espainiako Poliziak ezin ditu iritsi ahala kanporatu muga igerian gurutzatzen duten migranteak. Ebazpen horren arabera, soilik «hesiak edo mugan jarritako bestelako oztopoak» igarotzen dituztenak itzularazi ditzakete mugan bertan.

Uztailaren amaierako zeharkaldi masiboaren ostean, Espainiako Gobernuak bostehun metroko hesi flotagarri bat jarri zuen Gorenaren erabakiari izkin egin eta muga itsasoz zeharkatzen dutenak iritsi ahala kanporatu ahal izateko. Orain, legean dagoen hutsune hori estaltzeko lege erreforma bat aztertzen ari da PSOE El País egunkariak alderdi horretako iturriak aipatuz gaur kaleratu duenez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA