Itsasoaren hotsa entzuten dute oraindik ere

Etorkinak behin-behinean hartzeko zentrotik hurbil dago El Trampolin hondartza; azken asteetan, ehunka migranteren bizitoki bihurtu da. Polizien gehiegikeria salatu dituzte batzuek, eta Marokora bueltan bidaliko dituzten beldur dira beste batzuk.

Zuhaixkekin eta inguruan topatutako materialekin eraikitako estalpeak, El Trampolin hondartzan. A. GARMENDIA ETXEBERRIA
Zuhaixkekin eta inguruan topatutako materialekin eraikitako estalpeak, El Trampolin hondartzan. A. GARMENDIA ETXEBERRIA
Aitor Garmendia Etxeberria.
🌐 Ceuta (Berriemaile berezia)
2026ko abuztuaren 13a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Saifi kosta egiten zaio begirada altxatzea. Haren begi handi ilunak goibel daude. Nekez zutitu da, eta hondarraren gainean zuhaixkekin eraikitako estalpetik atera. Ahots baxua du, eta itzalia. Mendian igaro ditu aurreko gauak, basoan. Baina astelehenean, lotan zegoela, poliziak iritsi ziren bera eta beste hainbat egiptoar zeuden gunera. Keinuak eginez, azaldu du agenteek borrekin jo zituztela. Korrika egin zuten alde. Orain, El Trampolin hondartzan daude, Ceuta mendebaldean. Duela bi aste, itsasoz zeharkatu zuten Marokoren eta Espainiaren arteko muga; orain ere itsasertzean daude, beste ehunka migranterekin batera. Zain.

Gertatutakoak arabieraz azaldu ditu Saifek, baina ingeles argian esan du «hiru», hiru zirela gaua pasatzen ari ziren inguruan agertu ziren polizia autoak. Korrika abiatu ziren migranteengana. Saifek kamiseta kendu du; ubeldura bat du bizkarrean, eta zaurituta du belauna ere. Mohamedek ez du besoa mugitzen. Hautsita daukala esan du Saifek. Mohamed ez da estalpetik atera, eserita dago.

Polizien gehiegikeria salatu nahi dute, eta abokatu bat eskatzen dute. Saifek hitz hori ere badaki ingelesez. Azaldu du Gurutze Gorriak alkohola eman diola belauneko zaurian, baina ez dutela beste ezer egin. Anbulantzia bat El Trampolinera gerturatzen den bakoitzean, ilara luzeak sortzen dira. Asko dira zaurituta edo gaixorik dauden migranteak.

Egiptoarren bizilagunak dira Ahmed, Yassin, Mounir eta Slaam: ondoko estalpean daude. Marokoarrak dira laurak, eta haiek eskatu dute, mesedez, joateko egiptoarrei zer gertatu zaien entzutera. Haietako batek ere zauriak ditu oinean, baina horiek ez dira Poliziak egindakoak. Uztailaren 30ean zauritu zen, muga zeharkatzean.

Zazpi ordu igaro zituzten uretan Fnideqetik —Espainiako mugatik hiru kilometrora dago— Ceutara iristeko. Zeharkaldian sakelakoarekin grabatutako audio bat jarri dute; egun hartan zer bizi izan zuten erakutsi nahi dute. Telefonoa belarrira hurbildu, eta «entzun, entzun». Jendea entzuten da, hitz solte batzuk arabieraz. Eta ura. Hasieran ahotsak argiago entzuten dira, baina, azkenerako, uraren soinua baino ez da bereizten. Mediterraneoan ito dira hitzak.

Orain, itsaso horren bazterrean irauten dute. Azken egunetan dozenaka txabola eraiki dituzte El Trampolinen. Ez dira egitura sendoak, baina gainean plastikozko poltsak, eskuoihalak, eta arropa jarrita, balio dute aterpe gisa. Ehunka migrantek jada bi aste daramatzate hondartza horretan, eta estalpeak egin behar izan dituzte eguzkitik eta iluntzeko haize freskotik babesteko. Eguerdian, bero egiten du egitura horien barruan ere, eta migrante asko hondartzaren alboan dauden bi zuhaitzen itzalpean etzaten dira. Beste zenbait nazkatu dira etzanda egoteaz: bainatzen ari dira batzuk, arropa garbitzen besteak; taldetxo bat futbolean ere ari da, eta beste bat arrantzan.

«Ez dugu itzuli nahi»

Kamera bat ikusi eta berehala gerturatu dira bi marokoar. Mezu bat bidali nahi dutela, eta mesedez bideo bat grabatzeko. Kazetariak prentsa idatzian egiten du lan, baina berdin die. Politikarien moduan hitz egiten dute biek. Anas hasi da: «Salam aleikum. Marokoar eta espainiar guztientzako mezua da hau. Hemen nago, Ceutan». Barkamena eskatu du, marokoar batzuk «arazoak sortu» dituztelako, jendea «beldurtu» dutelako.

Berari ere arazoak sortu dizkiotela kontatu du: «Zenbait egunetan basoan egin dut lo. Han, marokoar batzuk alkohola edaten ibiltzen ziren, drogak hartzen ere bai, eta ez zidaten lo egiten uzten. Ezin izan dut ondo lo egin egun horietan. Azkenean, hondartzara etorri naiz». Baina ez orokortzeko eskatu du. Badaudela, bera bezala,«behar den guztian» laguntzeko prest dauden marokoarrak, bizimodu hobea izateko asmoz iritsi direnak. «Marokon belaunaldi berri bat behar da, gobernuari arazoak konpontzen lagunduko diona». Hitzaldia amaitzerako, barkamena eskatu du berriz ere. «Amaitu dut. Orain negar egiteko gogoa daukat».

«Ni ez naiz pertsona txarra, ez naiz lapurra. Gurasoei dirua emateko egiten dut lan; ardiak erosi nahi dizkiet»

MOHAMED LATIF Migrante marokoarra

Anasi Mohamed Latifek hartu dio txanda. Casablancakoa da. «Ni ez naiz pertsona txarra, ez naiz lapurra. Gurasoei dirua emateko egiten dut lan; ardiak erosi nahi dizkiet». Kontatu duenez, Marokon goizeko zortzietatik gaueko hamarretara egiten du lan, eta, trukean, 1.700 dirham marokoar jasotzen ditu hilean —160 euro inguru—. «Lanerako prest gaude: emaguzue aukera bat. Aurrera egin nahi dugu». Aitortu du kezkatuta daudela, Poliziak Marokora bueltan bidaliko dituen «beldur» direla. Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak eta Juan Jesus Vivas Ceutako presidenteak asteon esan dute Ceutan sartutako migrante guztiak Marokora bueltan bidali nahi ditzutela. «Ez dugu Marokora itzuli nahi: Espainian bizi nahi dugu», diote migranteek.

Abubakarrek nahi baino denbora gehiago igaro du Marokon. Senegalgoa da, eta 25 urte ditu. Bere herrialdetik atera ostean, Marokora iritsi zen: «Bost urte egin ditut Marokon, zain; egoera oso txarra zen han», azaldu du erdi frantsesez, erdi gazteleraz. Galletak jaten ari da, eta eskua luzatu du: «Jan, jan». Gurutze Gorriko boluntarioek ehunka jaki poltsa banatzen dituzte egunean El Trampolinen: galleta batzuk, zukua, esnea, jogurta, eta fruta piezaren bat. Espainiako Poliziak hondartzako bazter batera eramaten ditu migranteak, eta, ilaran jarrita, banan-banan jasotzen dute eguneko otordu bakarra.

Gerratik ihesi

El Trampolin hondartzan dauden gehienak Saharaz hegoaldeko Afrikakoak dira. Bi marokoarren hitzaldiak adi-adi entzun dituzte Txadeko bi mutil gaztek. Hitz egin nahi ote duten galdetutakoan, ordea, buruarekin ezezkoa egin, irribarre erdiz, eta joan egin dira, itsasertzari jarraituz. Afrikatik kanpokoak ere badaude. Zer gertatzen den jakiteko asmoz, Yemengo bi gizon batu dira marokoarren hitzaldiaren harira sortu den jende multzora. Nondik datozen esan dute, baina, besterik gaineratu ez, eta beren bidean segitu dute.

El Trampolin hondartzatik geratu dago CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroa, eta hara sartzea dute helburu orain gaua hondartzan igarotzen dutenek. Zentro hori, ordea, beteta dago. Uztailaren amaierako zeharkaldi masiboa baino lehenago ere gainditua zuen gehienezko edukiera —512 toki ditu—. Ordurako, CETIrako bidea bizitokitzat hartua zuten zenbaitek, zentroan lekuren bat noiz libratuko zain.

«Bost urte egin ditut Marokon, zain; egoera oso txarra zen han»

ABUBAKARMigrante senegaldarra

Orain, zentroaren inguruko basoan hartzen dute atseden batzuek, hondartzan besteek —EFE berri agentziaren arabera, 1.500 migrante baino gehiago daude El Trampolinen, ia guztiak gizonak—. Asilo eskatzaileak eta errefuxiatuak dira horietako asko, eta, ziurrenik, horiek izango dira behin-behineko zentro horietako batean tokia lortuko duten lehenak.

Gerratik ihesi iritsi da Alamadin. 21 urte ditu, eta Sudangoa da. «Hau nire anaia da». Gazteagoa da Alamadin baino, eta hanka bat bendaz lotua du. Zeharkaldian egin zuen zauria. Alamadinek badaki ingelesez, baina ez du hitz egiteko gogo handirik. Ia bi aste daramatza hondartzan lo egiten. CETI hitza ondo ikasi dauka. Galdera egin orduko erantzun du: «Bai, bai, CETIra joan nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA