Migranteen aurkako operazioa amaitutzat eman dute Minnesotan

Tom Homan AEBetako 'mugen tsarrak' jakinarazi du bukatu dela 'Metro Surge' operazioa, eta Minnesotatik agente federalak ateratzen ari direla. Operazioa hasi zenetik, Poliziak bi pertsona hil ditu Minneapolisen.

Tom Homan AEBetako 'mugen tsarra' Minneapolisen prentsaurreko bat ematen, urtarrilaren 29an. CRAIG LASSIG / EFE
Tom Homan AEBetako 'mugen tsarra' Minneapolisen prentsaurreko bat ematen, urtarrilaren 29an. CRAIG LASSIG / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko otsailaren 12a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxe Zuriaren arabera, «migrazioa kontrolatzeko inoiz egindako operaziorik handiena» izan da. Gaur, amaitutzat eman dute. Hala jakinarazi du Tom Homan AEBetako mugen tsarrak, Minneapolisen egindako agerraldi batean. Abenduaren hasieran jarri zuten abian Metro Surge operazioa; 3.000 agente federal bidali dituzte Minnesota estatura, eta, tarte horretan, poliziek bi pertsona hil dituzte. Homanek jakinarazi du Donald Trump AEBetako presidentearekin hitz egin duela eta hark ere begi onez ikusten duela operazioa amaitzea.

«Azken astean nabarmen murriztu dugu agenteen kopurua, eta datozenetan ere hala egingo dugu», azaldu du Homanek. Trumpen arabera, «legez kanpoko migranteen» deportazio guztien arduraduna da mugen tsarra. Urtarrilaren amaieratik, gainera, Homanen agindupean daude ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarrak Minnesotan. Ordura arte, Gregory Bovino aritu zen jardun horretan, baina kargutik kendu zuten ICEko agenteek bigarren hilketa bat egin ostean.

Migrazio agente federalek Renee Good hil zuten urtarrilaren 7an, eta Alex Pretti urtarrilaren 24an. Bi hilketa horiek eta migranteen aurkako sarekada masiboak salatzeko protesta jendetsuak egin dituzte AEBetan. Horrek jarreraz aldatzera behartu zuen Etxe Zuria, eta Bovino kargutik kendu zuten.

Haren lekua hartu duenak jakinarazi du operazioa amaitutzat eman dutela. Hori bai, ziurtatu du Metro Surge abian jarri zutenetik igarotako 72 egunetan 4.000 pertsona atxilotu dituztela. Etxe Zuriaren arabera, «hiltzaileak, bahitzaileak, pedofiloak eta jende arriskutsua» hartu dute atxilo, «zitaletan zitalenak». Baina aurrekari penalik gabeko jendea ere badago atxilotutakoen artean, haurrak ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.