Migratzaileen berrogei txabola inguru erre dira Ceutako kanpaleku batean

Poliziaren hipotesi nagusia da «nahi gabe» piztu dela sutea. Migratzaileek ukatu egin dute.

Tarajalgo kanpalekutik atera dituzten migratzaile batzuk, gaur goizaldean. EFE
Tarajalgo kanpalekutik atera dituzten migratzaile batzuk, gaur goizaldean. EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 11
11:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Migratzaileen berrogei txabola inguru erre dira Ceutako (Espainia) kanpaleku batean, Tarajalgo kaiaren inguruan. Espainiako hedabide batzuek Poliziaren iturriak aipatuz kaleratu dutenez, sutea «nahi gabe» piztu dute; hori da hipotesi nagusia. Han daudenek, baina, ukatu egin dute hori. Ikertzen ari dira zer gertatu den.

Dena den, ez da eremu horretan azken hilabete eta erdian gertatutako lehen gorabehera izan. Astearte goizaldean kaputxadun batzuek harriak jaurti zizkieten migratzaileei, eta jazarri egin zitzaizkien. Esaterako, kanpin denda batean gurasoekin zegoen 6 urteko haur bat zauritu zuten, balin pistola batekin tiro egin baitzioten. Adingabe horrek jarritako salaketaren arabera —El País egunkariak eduki du horren berri—, «erre egingo zaituztegu!» oihu egin zieten.

Iturri ofizialen arabera, gauerdia pasatuta piztu da sutea kanpaleku horretan. Han daude, hain zuzen, uztailaren 30ean eta 31n Marokotik Ceutara iritsi ziren 72.000 migranteetako batzuk. Suhiltzaileek pare bat ordu behar izan dituzte sua itzaltzeko. Migratzaileek aterpe gisa eraikitako kanpin dendak ezereztu dituzte sugarrek. Eremua ebakuatu behar izan dute suhiltzaileek. Ez dago zauriturik. 

Azken orduetan, gainera, gutxienez zortzi ibilgailu eta lau kontainer erraustu dituzte Ceutako beste hainbat lekutan. Pertsona bat atxilotu dute. Kontuan hartu behar da antzeko gertaerak izan direla han azkeneko egunetan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA