Migrazio politikak gogortzeko erreformak «zalantzak» sortu dizkio Portugalgo presidenteari

Auzitegi Konstituzionalak aztertu ostean erabakiko du Rebelo de Sousak Atzerritarren Legea erreformatzeari oniritzia eman ala ez. Epaileen erabakia edozein dela ere, migrazioa mugatzeko neurriak hartuko dituela ziurtatu du Montenegro lehen ministroak.

Montenegro eta Rebelo de Sousa maiatzean, artxiboko irudi batean. TIAGO PETINGA / EFE
Montenegro eta Rebelo de Sousa maiatzean, artxiboko irudi batean. TIAGO PETINGA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko uztailaren 28a
18:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Portugalgo presidente Marcelo Rebelo de Sousak adierazi du «zalantzak» sortzen dizkiola Portugalgo Legebiltzarrak uztailaren 16an onartutako Atzerritarren Legearen erreformak. Atzo gauean prentsaren aurrean azaldu zuenez, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak argituko ditu zalantza horiek. Izan ere, Rebelo de Sousak epaitegi horri eman dio erreforma aztertzeko ardura, eta epaileen erabakiaren arabera ebatziko du lege erreformari oniritzia eman ala ez.

Portugalen bizi nahi duten migranteei neurri murriztaileagoak ezartzea proposatu zuen gobernu koalizioak; eta, duela ia bi aste, erreformak aurrera egin zuen, eskuin muturraren botoei esker. Presidenteak, baina, beto eskubidea du, eta bertan behera utz dezake erreforma. Ostegunean iragarri zuen lege erreforma Auzitegi Konstituzionalera bidaliko zuela; besteak beste, legean ezarritako aldaketek «diskriminazioa» eragin dezaketela iruditzen baitzaio.

Luis Montenegro herrialdeko lehen ministroak espero du auzitegiak oniritzia ematea lege erreformari. Hala adierazi zuen herenegun emandako prentsaurreko batean; eta, ziurtatu zuenez, erreforma atzera botata ere, gobernuak aurrera eramango du migrazioa mugatzeko asmoa.

Legebiltzarrak Atzerritarren Legean onartu zituen aldaketek zaildu egingo diete etorkinei Portugalen bizitzeko baimena lortzea. Erreforma onartuz gero, lan egiteko bisak mugatuko dituzte, eta «prestakuntza handiko jardueretan» arituko direnei soilik emango dizkiete. Bestalde, Portugalen bizi diren migranteek lehen baino zailago izango dute atzerrian dituzten senideentzat Portugalen bizitzeko baimena lortzea: herrialdean bizitzeko baimena eskuratu ondoren, bi urte egin beharko dituzte bertan familia berriz elkartzeko prozedura hasi aurretik. Gainera, familia berriz elkartzeko eskaera egiten duten migranteek «segurtasun eta osasun neurriak betetzen dituen bizitoki» batean bizi beharko dute, eta «gizarte laguntzarik eskatu gabe beren burua eta senideak mantentzeko adina baliabide» izan beharko dituzte. Orain arte, bizitoki bat eta bizirauteko baliabideak edukitzea exijitzen zen.

Ezkerreko alderdi guztiek Atzerritarren Legea erreformatzearen aurka bozkatu zuten, eta neurria kritikatu dute azken egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.