Katalunia

Milaka independentistek eskatu diote Generalitateari urriaren 1eko agindua betetzeko

Bartzelonan egin dute manifestazio jendetsuena, Kataluniako Gobernuari eskatzeko errepublika gauzatu dezala. Parlamentu aurrean bildu diren manifestariei oldartu zaizkie mossoak iluntzean. Generalitateko kideek San Julia de Ramis herrian egin dute gobernu bilera; han bozkatzekoa zen Carles Puigdemont duela urtebete, urriaren 1eko erreferendumean. Goizean goiz hainbat errepide eta trenbide itxi dituzte CDRek.

Bartzelonan iluntzean egindako manifestazioaren irudi bat. U-1eko boto kutxak eraman dituzte parlamentu aurrera. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko urriaren 1a
07:13
Entzun

Herritar independentistek gogoan izan dute orain urtebete gertaturikoa, eta, horretarako, mobilizazio ugari egin dituzte Katalunia osoan, egun guztian. Iaz gertaturikoa oroitzeko eta azken urtebetean Espainiako Estatuak Kataluniarekin izandako jarrera errepresiboa salatzeko egunean, Quim Torra Kataluniako presidenteak berretsi du herritarrek emandako aginduarekiko "konpromisoa" duela.

Berez, oroitzapen eguna baino gehiago, Generalitateari errepublika gauzatu dezala eskatzeko eguna izan da gaurkoa, eta eskari horri begira atera dira milaka herritar Kataluniako kaleetara. Mobilizazio jendetsuena Bartzelonan egin dute, eta 180.000 herritar inguruk hautetsontziak eraman dituzte parlamentura.

Iluntzean egin dute manifestazio hori, eta ez da tentsio gabea izan. Protesta bukatu eta martxa desegiteko eskatu dute antolatzaileek, baina manifestari saldo bat parlamentu aurrera joan da, eta beste saldo bat Via Laietanara, Espainiako Poliziaren egoitzaren aurrera. Tentsioa handitzen joan da bi lekuetan, eta mossoak manifestarien aurka oldartu dira 22:00ak aldera. Lekuak hustu dituzte.

Iazko urriaren 1a

Duela urtebeteko urriaren 1ean, erreferendumerako boto kutxak eta Espainiako Poliziaren indarkeria izan ziren eguneko protagonistak. Kataluniako etorkizunari buruzko erreferendumera deitua zuen Generalitateak, baina herri askotan ezin izan zuten bozkatu, Espainiako Poliziak hauteslekuak indarrez itxi zituelako. Horietako bat izan zen Gironako San Julia de Ramis. Han zen bozkatzekoa Carles Puigdemont Generalitateko burua, eta han egin dute gaurko gobernu bilera ere.

Puigdemont bera erbestean denez, haren emazte Marcela Topor izan da bileran haren ordez. Urriaren 1a katalanek erabaki zuten eguna izan zela gogorarazi du Quim Torra presidenteak, eta ohartarazi du iaz ikasitakoaren beharra izango dela datozen aste eta hilabeteetan ere: "Etorriko diren egunetan, defenda ditzagun orduan ikasitakoak".

Roger Torrent parlamentuko presidenteak berretsi egin du Torrak esandakoa, eta nabarmendu du urriaren 1ean "Errepublikaren hazia" erein zutela: "Egun hartan borrek hautetsontziak eraman zituzten, baina gure duintasuna handitu zuten".

Gironan goizeko seietarako jarria zuen ordua CDRk. Ordubete geroago, berriz, ezustean sartu dira AHTaren geltokian, eta trenbidera jaitsi dira. Ondorioz, Bartzelonatik Gironarako tren zerbitzua eten behar izan dute. "Ekintza sorpresak" zituzten iragarriak, beste azalpenik gabe.

Bartzelonan, ordubete geroagorako zegoen jarria ordua, eta goizeko zazpiak pasatxo zirela bildu dira Catalunya plazan dozenaka lagun, eta handik errepide nagusietara joan dira. Horretaz gain, Espainiako Bankura ere joan dira hainbat kide, eta errepublika aldarrikatzen duten eranskailuz bete dute sarrera. Ez dira horiek ekintza bakarrak izan; beste hainbat lekutan ere protestak egin dituzte.

Arratsaldean, berriz, manifestazio jendetsua egingo dute Bartzelonan. Deitzaileen artean daude Omnium, DCR eta ANCko kideak.

Ahaztu ezinezko eguna

Aurrez ere ohartarazia zuen Espainiak ez zuela onartuko autodeterminazio erreferendumik, eta hainbat sarekada ere egin zituzten boto kutxen eta botopaperen bila. Ordea, 2017ko urriaren 1ean dena prest zuten Katalunian bozkatzeko, eta goizeko bederatzietarako jendetza zegoen bozkalekuen kanpoaldean bilduta. Horretarako, lan handia egin behar izan zuten: hautetsontziak ezkutuan eraman, zerrendak prestatu, deialdiak egin... guztia ezkutuan.

Baina inor gutxik espero zuen indarkeriarekin erantzun zuten Espainiako indarrek. Kolpeak, zaurituak, bultzadak... Nazioarteko begiraleek eurek ere harriduraz ikusi zuten gertatutakoa. Espainiako Poliziaren jokabide neurrigabea gaitzetsi, eta kezka agertu dute, besteak beste, Belgikako, Esloveniako eta Eskoziako lehen ministroek.

300 zauritu baino gehiago izan zirela salatu zuen Generalitateak. Madrilek, baina, entzungor egin zien salaketei. "Zuzenbide estatua sendo" zegoela esatera mugatu zen Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua, eta Poliziaren indarkeriarik egon zela ukatzera.

Bestetik, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak mezu instituzional bat zabaldu du Bruselako erbestetik, bideo batean, eta azaldu du ez dituztela ahaztuko "Espainiaren indarkeria eta errepresioa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.