Milaka serbiarrek Novi Sad hiriko istripuaren biktimak gogoratu dituzte

Duela urtebete erori zen Serbiako hiri bateko tren geltokiaren sabaia, eta hamasei lagun hil ziren. Orduz geroztik, gobernuaren kontrako protestek ez dute etenik izan.

Milaka eta milaka herritar bildu dira gaur Serbiako Novi Sad hirian. ANDREJ CUKIC / EFE
Milaka eta milaka herritar bildu dira gaur Serbiako Novi Sad hirian. ANDREJ CUKIC / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko azaroaren 1a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dozenaka mila herritar bildu dira gaur Serbiako Novi Sad hirian, duela urtebete gertatutako istripuak eragindako biktimak gogoratzeko. Egun horretan, hiriko tren geltokiko sabaiaren parte bat erori zen, eta hamasei lagun hil ziren; hain zuzen, jendetzak hamasei minutuko isilunea egin du herrialdearen iparraldeko hiri horretan, 11:52 zirenean. Isilunean, bihotz formako hamasei eskulan heldu dituzte beste hainbeste herritarrek, eta hildakoen izen bana idatzi dute bihotzetan. Novi Sadeko hamasei tokitatik abiatu dira herritarrak, geltokiaren atarian bildu dira, eta lore eskaintza egin dute. Gogoratzen dugu zioten pankartak ere atera dituzte herritarrek.

Iaztik hona, ez da giro Balkanetako herrialde horretan. Gobernuaren kontrako protestek ez dute etenik izan ordutik; are, ikasleek aurrea hartua dute, eta hilabeteak daramatzate blokeoak eta manifestazioak egiten, ustelkeria salatzeko. Haietako milaka eta milaka atzo heldu ziren Novi Sadera; 350 kilometroko martxa egin dute, Serbiaren hegoaldeko Novi Pazar hiritik abiatuta. Hamasei egunetan zeharkatu dute herrialdea, gobernuari zera exijitzen jarraitzeko: tren geltokiaren berrikuntza lanei buruzko dokumentuak argitaratzeko, protestetan ikasleei jazarri zaizkienak identifikatzeko, haien kontrako auzibideak-eta bertan behera uzteko eta unibertsitate publikoen finantzaketa handitzeko.

Izan ere, berritze lanak egin zituzten Novi Sadeko geltokian; sabaia erori baino hilabete batzuk lehenago, gobernuak kontrataturiko Txinako bi enpresak amaitutzat eman zituzten hiru urteko berritze lanak. Eta Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak istripuaren egun berean esan zuenaren arabera, eraikin osoa berritu zuten, sabaia izan ezik. Novi Saden bertan egin zituzten lehen protestetan, herritarrek salatu zuten gobernua zela ezbeharraren erantzulea. Atzo, telebista bidez eman zuen diskurtso batean, Vucic presidenteak «barkamena» eskatu zuen «akats larriengatik».

Bihotz formako eskulanak Novi Sadeko istripuan hildakoen izenekin, gaurko isilunean. ANDREJ CUKIC / EFE
Bihotz formako eskulanak Novi Sadeko istripuan hildakoen izenekin, gaurko isilunean. ANDREJ CUKIC / EFE

Ikasleak antolatzen hasi ziren, eta iazko abenduaren 22an egin zuten lehenbiziko protesta jendetsua: 100.000 lagun inguru bildu ziren Belgradeko Slavija plazan, herrialdeko Elkarretaratze Publikoen Artxiboa erakundearen arabera. Askoz protesta handiagoak egiteko kemena ere izan dute, gobernuarekiko haserrea ez baita baretu oraindik. Ikasleen eragina ikusita, urtarrilean, gobernuan den SNS Serbiako Alderdi Progresistak dei egin zien ikasleei, elkartzeko eta beren eskakizunak entzuteko.

Urtarrilaren 28an izan zen hori: SNSk iragarpena egin zuen egun berean, alderdiaren lau jarraitzailek —tartean Milos Vucevic Serbiako lehen ministroaren semearen gertukoek— eraso egin zioten protesten aldeko pegatinak itsasten ari zen ikasle bati, eta masailezurra hautsi zioten; biharamunean, dimisioa eman zuen Vucevicek. Serbiako Legebiltzarrak ez zuen onartu kargu uztea apirilera arte, eta, ondoren, Vucic presidenteak berak hautatutako Duro Macut izendatu zuten lehen ministro, SNSren kidea ez den arren.

Bozak, urruti

2012tik agintean den alderdiaren gobernabidea eteteko asmoarekin, ikasleek ere eskatu izan dute legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko. Joan den hilabetean, Serbiako Ikerketa, Gardentasun eta Erantzukizun Zentroak kaleratutako inkesta baten arabera, herritarren ia bi herenek (%64) uste dute datorren urte erdian hauteskundeetara deitu beharko luketela «krisia» amaitzeko. Ikasleek ere iragarri zuten zerrenda independente bat aurkeztuko zutela datozen hauteskundeetarako —eta inkesta egin zuen zentroaren arabera, hauteskundeak orain egingo balira, ikasleek babes handiagoa jasoko lukete SNSk baino: %44 eta %32, hurrenez hurren—.

Gaurko ekitaldian, istripuan hildako baten amak «gauza bakarra» eskatu dio gobernuari, EFE berri agentziak jaso duenez: «Aurreratu hauteskundeak». Serbiako legebiltzarraren atarian gose greba hasiko duela iragarri du, ezbeharraren inguruko xehetasunak argitzeko: «Jakin beharra dut nork hil zuen nire semea, nork hil zituen hamasei lagun horiek». Urtebeteren ondoren, istripuari buruzko ikerketak eta auzibideak ez atzera eta ez aurrera daude.

Serbiako Legebiltzarrerako hauteskundeak 2023ko abenduan egin zituzten azkenekoz, eta SNSk aise irabazi zituen, botoen ia erdiak lortuta. Oraingoz, hortaz, hurrengo bozak 2027ko abenduaren 31n egitekoak dira.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.