Eskozia. Independentziari buruzko erreferenduma

Milioi bat atxikimenduren bila

Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak independentziaren aldeko kanpaina abiarazi du; 2014ko udazkenean egingo dute bozketaHerritarren %33 dira independentziaren aldekoak, unionisten inkesta baten arabera

Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa, SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko ordezkariekin. BERRIA.
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
«Independenteak izatea nahi badut, ez dut nahi beste edozein herrialde baino hobeagoak garela uste dudalako, baizik eta beste edozein herrialde bezain onak garela pentsatzen dudalako». Hitz horiekin eman dio hasiera Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak independentziaren aldeko Eskozia bai kanpainari. Ahalik eta herritar gehienek 2014ko udazkenean egitekoak diren independentziaren inguruko erreferendumean baiezkoa ematea da kanpainaren helburua. Milioi bat eskoziarren —bost milioi biztanle ditu Eskoziak— atxikimendua lortu nahi du Salmondek. «Behin hori lortuta, lagunok, Eskozia independente bat irabazi beharko genuke», gaineratu du lehen ministroak.

Salmondek zuzentzen duen SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko kideez gain, Patrick Harvie Berdeen burua eta Colin Fox SSP Eskoziako Alderdi Sozialistako burua ereegon dira Edinburgoko zinema areto batean egin duten aurkezpenean. Izan ere, alderdi anitzeko ekimena izango dela adierazi dute. Harviek, dena den, kanpaina SNPren mende dagoela ohartarazi dio Salmondi.

Dennis Canavan Alderdi Laboristako Londresko Ekonomia ministro ohiak ere atxikimendua eman dio kanpainari. «Dennisek beste askok egitea behar dugun bidea egin du: Erresuma Batuko legebiltzarkide laborista izatetik, Eskoziako parlamentuko kide independente izatera, eta independentziaren aldeko plataforma bati babesa ematera», esan du Eskozia bai kanpainaren bozeramaile Stephen Noonek. Haren babesak erreferendumean zer bozkatu argi ez dutenak konbentzi ditzakeela uste du SNPko kideak. Horrez gain, aktore nahiz abeslari ospetsuek ere babestu dute lehen ministroa aurkezpenean. Helburua «Eskozian inoiz egin den herritarren kanpainarik handiena» egitea dela adierazi dute.

«Eskoziaz gehien kezkatzen direnek egon behar dute Eskozian agintean», esan du Noonek. Baina hori lortzeko lan handia egiteko dutela jakitun, independentziaren bidea «adreiluz adreilu eta erkidegoz erkidego» egingo dutela esan du Eskoziako lehen ministroak. «Herrialde hau arma nuklearren lotsatik garbitzeko beharra» nabarmendu du Salmondek, bestalde, aretoan bildu direnen txalo zaparrada eraginez. «Eskozia berdeago bat, justuago bat eta oparoago bat nahi dugu», esan du, eta, hori lortzeko, independentzia beharrezkotzat jo du.

Kanpaina, «trabatuta»

Alderdi Laboristako Alistair Darlingek, ordea, independentisten kanpaina «trabatuta» dagoela adierazi du Salmondek hura aurkeztu baino lehen. «Independentziak beti bezain onarpen gutxi dauka», adierazi du Darlingek. Independentziaren aurkakoek agindutako inkestaren emaitzak aurkeztu ditu, eta jakinarazi du herritarren %33 «bakarrik» daudela independentziaren alde.

«Eskoziako bi hauteskunde orokor irabazi baditu ere eta Eskoziako Gobernuko baliabide guztiak erabili baditu ere, Salmondek huts egin du eskoziarrei Erresuma Batua utzi beharraz konbentzitzeko orduan», azaldu du Darlingek. Maiatz hasieran egin zituzten udaletako bozetan SNPren alde bozkatu zutenen %58 daude independentziaren alde, Eskoziako laboristen buruaren esanetan. SNP eta Alderdi Laborista indartuta atera dira udalhauteskundeetatik. Nazionalistak garaile izan dira, eta lau urte lehenago baino 57 zinegotzi gehiago lortu dituzte udaletan. Dena den, SNPk gorakada handiagoa espero zuela diote adituek, eta hori neurri handi batean laboristen emaitza onak mugatu zuela. Izan ere, Alderdi Laboristak izan zuen Eskozian gorakada handiena, aurreko bozetan baino 58 diputatu gehiago lortuta. Indar hori baliatu nahi du Darlingek erreferendumean ezezkoak irabaz dezan, eta kontrakanpainaprestatzen ari direla adierazi du.

Angus Robertson SNPko kanpaina arduradunak, dena den, garrantzia kendu die laboristen adierazpenei eta inkesten emaitzei. «Erreferenduma ez dugu bihar egingo», esan du politikariak; «ziur gaude 2014ko udazkenerako jendearen konfiantza eta baiezko botoa lortuko dugula», gaineratu du.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, hain justu, lehenbailehen egin nahi zuen erreferenduma, ezezkoa gailenduko zela jakitun. Urtarrilean bete beharreko kontsulta egiteko aukera emango zion Salmondi, baina gehienez hemezortzi hilabete baino lehen. Salmondek bereari eutsi dio, eta, kanpainan esan bezala, 2014ko udazkenean egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.